Udaltzain batek gizon bat tiroz hil du Hondarribian

Segurtasun Sailaren arabera, gizonezkoak arma zuri batekin mehatxu egin die ostalaritzako lokal batean zeudenei. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.

Udaltzainek gizon bat hil dute Hondarribian. BIDASOKO HITZA
Udaltzainek gizon bat hil dute Hondarribian. BIDASOKO HITZA
2026ko irailaren 28a
20:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udaltzain batek gizon bat tiroz hil du gaur arratsaldean, Hondarribian. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonak arma zuri bat zeraman, eta harekin mehatxu egin die ostatu batean zeudenei. Deia jasota, haraino bertaratu dira hala Udaltzaingoko nola Ertzaintzako agenteak. Zuloaga, Matxin de Arzu eta Itsasargi kaleak batzen dituen biribilgunean atzeman dute gizonezkoa.

Segurtasun Sailaren arabera, esku hartu duten poliziak «saiatu dira gizonak bere jarrera alda zezan», baina ez dute lortu: «Gizona behin baino gehiagotan saiatu da Irungo ertzain etxeko kide bat zauritzen. Udaltzaingoko agente batek arauzko arma erabili du agentearen aurkako erasoari aurre egiteko». Bidasoko Hitza-ren arabera, poliziak hirutan egin du tiro.

Oharrean irakur daitekeenez, agenteak saiatu dira biktima suspertzen larrialdi zerbitzuak iritsi bitartean. Haraino joandako osasun langileek ere ezin izan dute gizona suspertu, eta heriotza konfirmatu dute.

Buruko nahasmendua

Hildakoa 46 urteko gizon bat da, migratzailea. Segurtasun Sailak zehaztu du «Saharaz hegoaldeko afrikar jatorrikoa» dela, eta hainbatetan atxilotu dutela aurretik. Bidasoko Hitza-k argitu du udan atxilotu zutela, itsasontzi batean laban batekin agertu ostean. Berripaper horren arabera, gainera, gizonezkoa ezaguna zen herrian «buruko nahasmenduak» zituelako.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA