Euskara

UEMAko hautetsiak Konstituzionalaren sententziaren aurka batu dira: «Nahikoa da»

Espainiako auzitegiaren ebazpena «kolpe handia» izan dela gogoratu dute, eta onartu ezin den «atzerakada» bat ekar dezakeela; euskaraz lan egiten jarraitzeko asmoa dute

jarraia230419.jpg
arantxa iraola
2023ko uztailaren 7a
12:33
Entzun

Agerraldi jendetsua egin dute gaur UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko hautetsiek Usurbilen (Gipuzkoa). Udalerri askotako ordezkariak elkartu dira, 125 alkate eta hautetsi, eta agiri bat irakurri dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea ezeztatu dien sententzia deitoratzeko. Udal legearen artikulu batek zehazten du zehazki euskarazko funtzionamendu hori; agiriak euskaraz bakarrik egiteko irizpideak zehazten ditu, eta horren kontrakoa izan da epaia. «Nahikoa da. Nahikoa dela esatera etorri gara gaur UEMAko ordezkariok», esan dute. Mankomunitateko jarduneko lehendakari Iraitz Lazkanok irakurri du agiria. Txalo zaparrada handi batekin amaitu dute.

Agerraldian nabarmendu dute «hainbat kolore politikotako» ordezkariak batu direla, eta batasun irudi horrekin erakutsi nahi izan dutela «lege babesarekin edo gabe» asmoa dutela euskaraz lan egiten jarraitzeko. «Guk horrelaxe jarraituko dugu, euskaraz funtzionatzen; horretarako bide luzea egin dugulako eta gure konpromisoa eta nahia delako». Gogoratu dute udal legea 2016an Eusko Legebiltzarrean onetsi zela «gehiengo zabalaren» babesarekin. «1982ko Euskararen Legeak berak izan zuen baino adostasun zabalagoarekin», nabarmendu dute.

Azaldu dute udal legearen 6.2 artikuluak ez duela deus okerrik. «Arau horrek aukera ematen die udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egiteko, betiere hizkuntza eskubideak urratu gabe», esan dute. «Hizkuntza eskubideak UEMAko udaletan errespetatzen dira gehien». Gainera, gogoratu dute artikulu hori «udal barruko» dokumentuei buruz ari dela. «Ez gara ari herritarrekiko harremanei buruz».

Ebazpenak inolaz ere onartu ezin den «atzerakada» bat dakarrela adierazi dute: «Kolpe handia da». Atzean «ultraeskuina» dagoela gogoratu dute. Hain justu, Voxek eraman zuen aurrena auzitara udal legean oinarritutako dekretu bat. Ondoren, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egin zuen «bigarren urratsa», dekretuaren «oinarriaren» kontra eginda: udal legearen beraren kontra. Legeak idatzizko agirien inguruan zehaztutakoak «inkonstituzionalak» izan zitekeen susmoa azaldu zuen, eta horra, horixe bera berretsi du atzo plazaratu zen Konstituzionalaren ebazpenak.

Interpretazio «trakestua»

Konstituzionalak legearen interpretazio «erabat trakestua» egin duen uste dute UEMAko hautetsiek, eta hizkuntza eskubideei buruzko «argudio erabat onartezinak» erabili dituela. Eta ondorioak larriak dira: «Finean, epai honekin udalei eskumena kendu zaie beren barne funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko, eta muga argi bat ezarri da: administrazioan, gaztelaniaren makuluarekin soilik erabil daiteke euskara».

Gogoratu dute udal legea onartu berritan Espainiako Estatuaren Abokatutzak auzitan jarri zituela hainbat artikulu, tartean 6.2 artikulua, baina akordio bat egon zela gero Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean legearen interpretazioaren inguruan. «Hori ezerezean geratu da orain».

«Erantzuna» eman behar da

Gogoratu dute euskaraz jardun nahi duten udalen arazoak ez direla berriak; UEMAKo udalek lehendik ere maiz izan dituzte arazoak aktak-eta euskaraz egiteko. «Eta sententzia honek berriro garamatza orduko egoerara». Berriki euskararen normalizazioaren kontrako epai gehiago ere egon direla gogoratu dute, eta esan dute auzitegiak euskara sustatzeko «lege zimendua higatzen» ari direla horiekin guztiekin.

Kontrako erabaki horiei guztiei erantzute aldera «elkarrekin bat eginda» lan egin behar dela adierazi dute. Eta aurrera jarraituko dutela: «Ez da onargarria hainbeste urteren ostean orain atzerantz hastea». Horregatik, pentsatzen dute «erantzuna» ezinbestekoa dela. Gogoratu dute Kontseiluak «oldarraldi judizialaren» aurkako manifestazio batera deitua duela azaroaren 4rako, eta nabarmendu dute garrantzitsua izango dela han egotea. Bitartean, «udalen euskalduntzean pausoak ematen» jarraitzeko asmo irmoa dute.

Era berean, «oldarraldiari» aurre egite aldera, «erantzun juridiko sendoa» ere behar dela uste dute. «Garaia dugu elkarlanean euskara sustatzeko lege orubea egokitzeko». Bide horretan sendo aritze aldera, «lege esparru eraberritu» bat behar dela azaldu dute, eta horren aldeko urratsak egin behar direla, egiturazkoak. «Badago premia, badaukagu erantzukizuna. Bila ditzagun bideak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.