Ormaiztegi (Gipuzkoa) UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 118. udalerria izango da. Udalean atzo arratsaldean eginiko osoko bilkuran hartu zuten erabakia, aho batez. Alkatetzan dagoen taldekoa, hau da, Ormaiztegi Batzen-eko eta EH Bilduko zinegotzi guztiek babestu zuten.
Ormaiztegirekin batera, beste lau udalerri batuko dira mankomunitatera. Bizkaiko bi: Ibarrangelu eta Mundaka; Nafarroako bat: Donamaria; eta Gipuzkoako beste bat: Mutiloa. UEMAko kideek ekainaren 14an egingo duten batzar nagusian onartuko dituzte ofizialki. Guztira 118 udal izango ditu mankomunitateak, eta guztien artean 353.000 biztanleko eremu euskalduna osatuko dute.
Ormaiztegi Gipuzkoako Goierri eskualdean dago, eta 1.266 biztanle zituen iaz. UEMAk azaldu duenez, udalerri euskalduna da soziolinguistikoki, euskararen indizea %76,9koa baita. Hala ere, badago aldea euskara gaitasunaren (%37,6), lehen hizkuntzatzat daukatenen (%59,1), eta etxeko (%52) eta kaleko (%57,5) erabileren artean.
Datu horiek kontuan hartuta, UEMAk azaldu du herria euskalduna izan arren euskara «nagusitasunik gabekoa» dela bertan. «Bilakaera aztertuta, euskararen galera handiagoa da irabazia baino, eta, egoera hori iraultzeko, udal gobernuak beharrezkotzat jo du UEMAko gainerako udalerriekin elkarlanean aritzea, batik bat herritarren ahalduntzean eta sentsibilizazioan».