Baliteke mende amaierarako itsas maila 65 zentimetro igotzea, AZTIk ohartarazi duenez

Klima aldaketak Euskal Herriko kostaldean dituen eta izango dituen ondorioei buruzko txostena kaleratu du zentro teknologikoak.

ITSAS DENBORALEA ZARAUTZEN
Zarauzko denboralea, artxiboko irudi batean. / ASIER ARANZADI
nerea intxausti
2023ko azaroaren 27a
18:30
Entzun

Klima larrialdiak euskal kostaldean daukan eta izango duen eraginari zenbakiak jarri dizkio AZTI zentro teknologikoak. 1990etik, hamarkada bakoitzean 1,5-3,5 zentimetro artean igo da itsas maila, eta, AZTIren aurreikuspenen arabera, baliteke igoera 50 eta 65 zentimetro artekoa izatea mende honen amaierarako. Hala azaldu du zentroak argitaratu berri duen txostenean. Guillem Chust AZTIko Klima Aldaketa arloko koordinatzailearen hitzetan, itsas maila igotzeak «hondartza gehienak, padurak eta belardiak galtzea» ekarriko du. Gogorarazi du horiek garrantzitsuak direla biodibertsitatea kontserbatzeko eta karbonoaren biltegiratze sistemarako. Kostako azpiegitura kritikoetan ere eragingo du igoera horrek: kalte handiak sor ditzake portuetan, dikeetan eta itsas pasealekuetan.

AZTIk hamarkadak daramatza datuak biltzen, eta haiei esker atera ditu ondorioak, «ondorio kritikoak». Datuak banan-banan aztertuz gero, Bizkaiko golkoan itsasoaren tenperatura 0,19 eta 0,26 gradu artean igo da 1890etik hamarkada bakoitzean, bereziki hego-ekialdeko eta kostaldeko eremuan. «Hazkunde horri eutsiz gero, mende amaierarako 3,5 gradura iritsiko dela aurreikusten da», Guillem Chusten esanetan. 

Olatuen muturreko altueran ere gorakada nabaritu dute, hego-ekialdean bereziki. Batez beste hamasei zentimetro igo da hamarkada bakoitzean. Txostenaren arabera, fenomeno hori azken hamarkadako ekaitz baldintzekin lotuta dago, eta eragin nabarmena du inguruko hondartzen higaduran. Higadura eta beste fenomenoak tarteko, kostaldean uholde arriskua daukan azalera %12 handituko da 2050. urterako, eta %24-59 artean 2100. urterako —gaur egun baino mila hektarea gehiago—.

Arrainak

Klima aldaketak eragina du kostaldean, baina baita ozeanoetan ere. Euskal Herrian kontsumitu ohi diren arrantza espezie batzuei ere eragingo die: antxoari eta atunari, esaterako, eta haien banaketa eta migrazio mugimenduak ere aldatuko ditu. AZTIko ikertzaileek aztertu dute klima aldaketak nola eragiten dien atun espezie garrantzitsuenei eta beste harrapari handi batzuei —ezpata arrainari, esaterako—. 1958-2004 arteko datuak aztertu, eta proiekzioak egin dituzte mende amaierarako. Ondorioa: aztertutako 22 arrain taldeetatik hogeik poloetara joateko joera dute. Hau da, espezie batzuk iparraldera migratzen ari dira, ur hotzagoen bila. Horren adibide dira berdela eta hegaluzea: berdelak 370 kilometro iparralderago errun ditu arrautzak itsasoa berotu den gradu bakoitzeko; hegaluzearen kasuan, espero da haren habitata «pixka bat» iparralderantz mugitzea. 

Antxoaren kasua bestelakoa da; «espezie erresilientea» da, eta ez da klima larrialdiarekiko kaltebera. Itsasoa berotu izanaren eta Bizkaiko golkoko beste aldagai ozeanografiko batzuetan eragindako aldaketen eraginez, baliteke antxoaren arrautzen dentsitatea handitzea, eta baita horiek erruteko eremua ere, AZTIren arabera. Hortaz, «itsasoaren berotzea ondo etorriko zaio» arrain honi. 

Munduan

Ozeanoak funtsezko eragileak dira klima globalaren erregulazioan: Lurraren atmosferan metatutako beroaren %93 xurgatzen dute. Baina, gas horiek xurgatzearen ondorioz, ura berotzen ari da, eta itsas maila igoarazten du. Hortaz, itsasoko bizidunak iparraldera desplazatzen ari dira, ur beroetatik ihesi, eta horrek espezieen arteko ugalketan eta elikaduran eragin dezake. Oro har, espezieak eremu hotzagoetara mugitzen ari dira: lurreko espezieak batez beste hamazazpi kilometro mugitu dira poloetarantz, eta itsasokoak, berriz, 72 kilometro. 

Azken hamarkadetan itsas maila azkarrago igo da, eta aldaketa horiek eragina dute, esaterako, itsasoko ekosistemen produkzio primarioan. Ozeanoen berotze globalak fitoplanktonaren eta zooplanktonaren biomasak %6 eta %11 murriztuko ditu maila globalean, hurrenez hurren, mende amaierarako. Gainera, kalkulatu dutenez, baliteke ozeanoetako animalia espezieen biomasa %5etik %17ra murriztea, eta, 2010ean AZTIk egindako ikerketa baten arabera, ozeanoko animalia horiek dira CO2 tona asko xurgatzearen arduradun.

Egoera horren guztiaren aurka, klima aldaketak itsasoetan eta ozeanoetan duen eraginari erantzun zientifikoa emateko konpromisoa du AZTIk. Horretarako, datu base zabala garatu eta elikatu du zentro teknologikoak, ekaitzak ebaluatzeko eta kostan duten eragina aurresateko. Itsasertzeko egituretan olatuek duten inpaktua neurtzeko sentsore bat ere badute, uholde prozesuak simulatzeko gai diren eredu informatikoak edo olatuetarako eta uholdeetarako alerta protokolo goiztiar bat. Miarritzen (Lapurdi), adibidez, galera ekonomikoak sor ditzaketen ekaitzak zer maiztasunekin gertatuko diren aztertzeko metodo bat garatu du AZTIk. 

Munduko agenda klimatikoan, klima aldaketari buruzko COP28 goi bilera egingo da datorren ostegunetik abenduaren 12ra bitartean Arabiar Emirerri Batuetan. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) antolatutako bileran, 2015eko Parisko Akordioaren helburuei buruzko munduko lehen balantzea aurkeztuko da. AZTIren txostena goi bilera baino hiru egun lehenago argitaratu dute. Lehen diagnostiko global hau aintzat harturik, mundua «helburuak betetzetik urrun» dagoela ohartarazi du Guillem Chust AZTIko Klima Aldaketa koordinatzaileak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.