Uholde feminista batek zaintzaren auziari «urgentziaz» heltzeko exijitu die gobernuei

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriek kalea hartu dute, mobilizazio oso jendetsuak eginda. Zaintza «larrialdian» dagoela salatu dute, eta gaia sakon jorratuko duen sektore arteko mahai bat sortzeko eskatu diete erakundeei.

A30 Bilbon
Biboko manifestazioaren amaiera, udaletxearen aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko azaroaren 30a
21:30
Entzun

Aldarri feministek Euskal Herriko hiri eta herrietako bazterrak blaitu dituzte. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituriko greba egun historikoaren ahotsa izan dira besoko more eta laranjaz apainduriko mobilizazio jendetsuak. Elkartasunak, amorruak eta ilusioak bat egin dute kale bustietan, eta ahots horrek gobernuei oihu egiteko behar duen bozgorailu bilakatu dira. Zaintzaren auziari «urgentziaz» heltzeko exijitu zieten, eta eskari hori gauzatzeko lehen pausoak zein izan beharko lukeen azaldu: «Sektore arteko mahai bat sortu behar da. Borondate politikoa eskatzen dugu gobernuetan, udaletan, foru aldundietan eta ardura postu guztietan. Ez egin entzungor gure eskaerei».

Protesta eguna izan da Hego Euskal Herrian. Milaka pertsona irten dira kalera euripean, salatzeko zaintza ezin dela negozio iturri izan. Goizean, piketeak eta protestak egin dira herrietan eta eskualdeetan, eta, arratsaldez, manifestazioak egin dituzte lau hiriburuetan eta hainbat herritan. Azken horiek izan dira jendetsuenak; amaieran, deitzaileek argi utzi dute greba eguna «mugarri» izan dela, baina ez ezeren amaiera. «Bide luzea dugu egiteko oraindik», aurreratu dute, eta mugarri gehiago etorriko direla iragarri: «Euskal zaintza sistema publiko komunitarioa dugu irabazteko!».

Deitzaileek Bilboko manifestazioaren aurretik egin dute greba egunaren lehen balorazioa: «oso arrakastatsua» izan dela esan dute, eta mobilizazioetan izandako «parte hartze izugarria» nabarmendu. Gizarteak deiari erantzun diola azpimarratu dute, atxikimendua oso handia izan dela, eta erakundeei ohartarazi diete mugimendu feminista kontuan hartu behar dutela zaintza sistemaren auzia eztabaidatzeko.

Emakumeak nagusi

Bilbon arratsaldean eginikoa izan da eguneko mobilizazio jendetsuena. Milaka pertsonak egin dute Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzatik udaletxerainoko bidea. Amaieran, udaletxe plaza eta zubia jendez bete dira, eta manifestazioaren amaiera Buenos Aires kaleraino iritsi da. Eurijasak ez ditu kikildu, eta bildutakoek gogoz oihukatu dituzte «Zaintza sistema publikoa!», «Gora borroka feminista, antikapitalista eta antirrazista» eta «Polizia gutxiago eta zaintzaile gehiago» oihuak. Manifestazioan parte hartu duten gehienak emakumeak izan dira.

Arreta gune askoko manifestazioa izan da. Parte hartzaileek pintaketak egin dituzte Confebasken egoitzan, eta zaintzarekin negoziorik ez egiteko esan diote patronalari. Bizkaiko Aldundiaren aurrean, berriz, pankarta bat eskegi dute biziarekin negozioa egitea leporatuz, eta Zabalburu plazan hiru feminista gaztek ekintza deigarria egin dute, gazteen osasun mentalaren arretak dituen gabeziak salatzeko: urkamendi bat eraiki dute, eta soka lodi bat lotu lepoaren bueltan. 

Amaierako ekitaldia hunkigarria izan da. Jone Uriak, Oihana Bartrak eta Maite Sarasolak bertso bana bota dute; laugarrena aho batez abestu, eta hura «elkar zainduko duen mundu baten alde topa» eginez amaitu dute. Ondoren, Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak Elektrizitatea abestu du, eta dantzan jarri ditu bertaraturikoak. Ekitaldia Zutik, emakumeak abestuz amaitu dute.  

Manifestazio guztien amaieran, antzeko mezua zabaldu dute deitzaileek, eta erakunde publikoei mintzatu zaizkie. Zaintzarako eskubide kolektiboa bermatuko duen sistema publiko baten alde egiteko eskatu diete, eta gogoratu dute zaintza eskubidea eta zaintzeko ardura «guztiona» dela. Zaintza larrialdian dagoela iruditzen zaie, eta nabarmendu dute hura konpontzeko «agenda politikoan» sartu beharra dagoela gai hori.

Zaintza, baina, auzi konplexua da, eta hainbat alorretan egin beharreko aldaketak aipatu dituzte. Kritikatu dute Euskal Herriko zaintza erregimena asistentzialista izatea eta familia harremanetan oinarrituta egotea, eta sistema horrek emakumeen gain uztea zaintzaren ardura. Menpekotasun hori hausteko modua zaintza kolektibizatzea da, baina pribatizatu gabe, ohartarazi dutenez.

Zaintza, «negozio iturri»

Salatu dute zaintza «negozio» bihurtzen ari dela, azpikontraten bidez haren ardura eremu publikotik aterata eta «putre funtsen, multinazionalen eta irabazi asmoa duten enpresen esku» utzita: «Hemendik aurrera etekin ekonomikoak dira helburua, eta ez arretaren kalitatea. Eta irabazi horiek langileen eskubideak zukutuz handitzen dira». Horren eredu gisa aipatu dituzte zahar etxeetako, etxez etxeko arretako eta esku hartze sozialeko langileen baldintzak.

Pribatizazio horren arduradunak seinalatu dituzte, «izenik eman gabe». Salatu dute 2018ko eta 2019ko greba feministetara «argazkia ateratzeko» eta «garbiketa morea» egiteko joan zirenek sustatu dutela sistema klientelista, baina borroka hori utzi zutela feministen aldarrikapenek «haien txiringitoa» mehatxatu zutenean: «Zaintzari buruzko kongresu bat antolatu zuten duela bi aste, baina ziurtatu zuten komunikabide nagusietan ez zela izango diskurtso kritikorik».

Etxeko langileekin ere oroitu dira, eta gogor kritikatu dute haien jarduna historikoki «gutxietsita» egon dela, eta lan erregimen orokorrean sartuta ez egoteak haien prekarizazioari emango diola bide. Etxeko langile gehienak etorkinak dira egun, eta horren atzean Atzerritarren Lege bidegabe bat dagoela diote: «Arrazakeria instituzional eta politikoak ez die beste aukerarik ematen». Egoiliarren egoera lazgarria aipatu dute, ez dutelako inolako eskubiderik. «Ez atseden hartzeko, ez langabezia jasotzeko, ez greba egiteko... Eta hori da haietako asko hemen ez egotearen arrazoia!». Zehaztu dute, hala ere, etxeko langile eta emakume migratu askok antolatzea lortu dutela eta greba komiteetan sartu direla. Aipamen horrek txalo zaparrada eragin du.

Iruñean, motzagoa

Iruñean, Gasteizen eta Donostian ere jendetza bildu da mobilizazioetan. Iruñean, eguraldia are busti eta hotzagoa izan da, eta pixka bat laburtu dute ibilbidea. Tentsio handieneko uneak El Corte Ingles saltokiaren aurretik pasatzean piztu dira, eta txalotuenak Armada kalean, landa emakumeak manifestazioan sartu direnean. Lasto fardoz bete dute errepidea.   

Donostiako manifestazioa Antiguako tuneletik abiatu da, kostaldeko haizeteari aurre eginez. Martxan zehar jakin dute goizean atxilotutako grebalariak askatu dituztela. Azkenik, Gasteizko manifestazioa Andre Maria Zuriaren plazan amaitu da. Amaierako ekitaldia ixteko, pankarta erraldoi bat zabaldu dute: Hau hasiera baino ez da jartzen zuen. Mugimendu feministak bihar egingo du balorazioa, eta orduan azalduko ditu eman asmo dituen hurrengo pausoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.