«Eskema zaharkituetan» trabatua gelditu da Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, ezker abertzalearen iritzian. «Ukazio» eskemekin jarraitzen duelauste du, eta larritzat jo du hori. Haren karguari dagokion arduraz jokatu, ukazioa gainditu, eta «garai berriekiko jarrera eraikitzailea» hartzeko eskatu dio, komunikabideetara igorritako oharrean. Izan ere, Patxi Lopezek gatazka politikoaren existentzia bera ukatu zuen igandean, PSEren Batzorde Nazionalean. Abertzaleek gatazka politikoaz hitz egiten duten arren «gatazka bakarra» ETA izan dela esan zuen Lopezek, eta orain ez dagoela gatazkarik, baizik eta «arazoak» daudela, «politika eta adostasunarekin konpondu behar ditugun arazo eta desberdintasunak».
ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman ostean abertzaleek hartutako jarrera ez du gustuko Lopezek. «Euskal gatazka» ahotan eraibili eta eskaera sorta mahai gainean jartzea egotzi die: «Erabakitzeko eskubidea, esparru politikoa gainditzea, subiranotasuna, Nafarroa, autodeterminazioa...».
«Gatazka politiko historikoaren errealitatea urardotzeko saioa» ikusten du ezker abertzaleak hitz horien atzean. Eta gatazkaren existentzia ukatzen dutenak «proiektu espainolista inposatzen dutenak» direla salatu du.
Ezker abertzaleak Jaurlaritzako lehendakariari ohartarazi dio «behin betiko aterabide demokratikoa» behar duela Euskal Herriak, eta hori lortuko bada bi oinarriren gainean izango dela: «Nazio onarpenaren eta erabakitzeko eskubidearen oinarrien gainean, hain zuzen ere». Hala, «guztiak garaile» izateko «kultura politiko guztien arteko akordio barneratzailea» topatzeko «eginbehar erraldoia» daukatela eman dute aditzera.
Lopezen «sarkasmoa»
Gizartea zatitu nahi izatea ere egotzi die abertzaleei Lopezek: «Ez diegu utziko, beraien asmo partikularrak tarteko, Euskadi berriz ere adiskidetu ezin daitezkeen bi zatitan egiterik. Ez. Euskadi denok gara. Guk batera, elkarrekin, bizi nahi dugu, ez dugu Euskadi erditik puskatu nahi».
Lopezen iritzian, «terrorismoaren desafioa gaindituta, eta demokraziaren aldeko apustua irabazita, elkarbizitza demokratikoa» irabazi behar da. Horretarako, «euskal gizartearen batasuna» beharrezkotzat jotzen du, eta PSEko kideek horren alde lan egingo dutela azpimarratu du. «Etorkizuneko gure ezaugarria euskaldunon arteko harmonia izatea nahi dut, eta ez liskarra».
Lopezen adierazpenen harira, «sarkasmoa» erabili duela iruditu zaio Josu Erkoreka Espainiako Kongresurako EAJren hautagaiari. «Inoizko Jaurlaritza sektario eta baztertzaileena» da Lopezena, Erkorekaren aburuz, eta hori horrela izanda, gainerakoei «partzialtasuna, sektarismoa eta bazterketa» aurpegiratzea salatu du. «Gizartearen zati bat baztertuta iritsi zen bera Lehendakaritzara».
Horregatik, Erkorekaren iritzian, «ona» litzateke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeari buruz «serio» pentsatuko balu: «Azkeneko gertaerek argi utzi dute Legebiltzarrak ez duela zintzo ordezkatzen euskal gizartea», esan du.
«Ukazio eskemak» gainditzeko eskatu dio ezker abertzaleak Lopezi
«Gizartea» bitan zatitu nahi izatea egotzi die abertzaleei Jaurlaritzako lehendakariak, eta gatazka politikoa dagoela ukatu duSektarioa eta baztertzailea bera dela erantzun dio Erkorekak Patxi Lopezi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu