Nafarroako aurreko gobernuko bozeramaile eta Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eman du berria: Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (Unesco) berretsi du Skolae programari emango diotela aurten Nesken eta Emakumeen Hezkuntzarako Nazioarteko Saria. Urriaren 11n izango da saria jasotzeko ekitaldia, Parisen. "Zorionak departamentuko talde osoari lan bikainagatik, eta irakasleei hura posible egiteagatik", idatzi du Solanak sare sozialetan. Uxue Barkosen gobernuaren egitasmoetako bat izan zen Skolae hezkidetza programa, baina Solanak gogora ekarri du "konpromisoa" hartua dutela gobernu berrian ere harekin jarraitzeko: "Bihar, boterea eskuz aldatzeko ekitaldian, harrotasunez pasatuko diot Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari datorren urriaren 11n Parisen saria jasotzeko gonbidapena".
Hain zuzen, gaur hartu dute kargua Nafarroako Gobernu berriko kontseilariek. Gimeno (PSN) izango da aurrerantzean Hezkuntza kontseilaria. PSNko parlamentari gisa, gogor jo zuen aurreko legealdian Solanaren aurka, baina, horri buruz galdetuta, erantzun du lau urteotan egindako lanak eraman duela PSN dagoen tokira. Dena den, orain "aurrera begiratu" nahi duela esan du. Gimenok gogora ekarri du Skolae gobernu berriaren akordioan jasoa dagoela, eta ikastetxe guztietara hedatzeko asmoa duela azaldu du.
Eskoletan "kultura berdinzalea ezarri eta indarkeria sexisten aurrean kontzientziatzeko" egitasmoa da Skolae, Nafarroako ehundik gora ikastetxetan ezarria dago. Eskolaz kanpo piztu zuten, ordea, polemika, talde ultrakatoliko, alderdi eskuindar eta hedabide zenbaitek.
Eta izan du ondoriorik horrek. Ez da erraza izan Skolae programaren bultzatzaileek egindako bidea. Solanak berak jazarpena jasan zuen, eta babespean jarri zuen Foruzaingoak. Bizkartzain eta guzti ibili behar izan zuen. "Nahikoa da: kontatu egin behar dugu zer ari den gertatzen. Proba egin genuen ez kontatuta, eta ezer gutxi aurreratu genuen", esan zion BERRIAri iazko azaroan.
Arduradun politikoek bakarrik ez, hezkuntza arloko profesionalek ere izan dituzte trabak. Skolae landu zuten hamar profesionalek, esaterako, epailearen aurretik igaro behar izan zuten ekainean.