«Araudi zorrotzegia» proposatu dute, eta litekeena da unibertsitate berriak sortzeko zailtasunak eragitea. Besteak beste, motibo horien bidez azaldu du gaur Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek zergatik ez duten bat egiten Espainiako Gobernuak unibertsitate pribatuak sortzeko baldintzak gogortzeko landu duen dekretu proiektuarekin. Unibertsitate Politikako Konferentzia Orokorrean bilkura egingo dute gaur arratsaldean, eta han adieraziko du Unibertsitate sailburuorde Xabier Aizpuruak Jaurlaritza ez dagoela ados. Baina Perez Iglesiasek jada adierazi du gaur goizean kazetarien aurrean.
Tituluak «errazegi» ematen dituzten unibertsitate pribatuak ditu jomugan Pedro Sanchezen gobernuak prestatu duen dekretuak. Madrilgo komunitatean nabarmen ugaritu dira azken urteetan entitate pribatuak, unibertsitate ikasketen osteko master ikasketak eskaintzeko. Oro har, dirutza eskatzen dute master horien truke, eta Madrilgo gobernuak kezka dauka ez ote diren «oparitzen» diruaren truke.
Hego Euskal Herrian dekretu horren aurkako jarrera argia hartu du gehiengo politiko eta sozialak, Jaurlaritzaren ezezkoaren ondotik iritsi baita EH Bildurena eta EHUrena. Koalizio abertzaleak esan du erreforma horrek ez diola erantzuten ez «euskal hezkuntzaren errealitateari, ez gure herrian esfortzu handiz eta adostasunez eraiki dugun unibertsitate eredu propioari ere». EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak, berriz, jakinarazi du «eskumen inbasio nabarmena» ekarriko lukeela. Dekretuak ez lioke eragingo EHUri, baina, hala ere, erabateko aurkakotasuna azaldu du hango buruak.
Gauzak horrela, badirudi zaila izango dela Espainiako Parlamentuak dekretu hori onartzea; izan ere, gauzak asko aldatzen ez badira, EAJk eta EH Bilduk aurka bozkatuko dute, aurreikusitakoaren arabera. PP ere aurka dagoenez —hark gobernatzen dituen erkidego batzuen aurkako erasotzat jotzen dute—, ganberan ez dute izango gehiengo nahikorik dekretu hori aurrera ateratzeko.
Erregimen juridikoa urratu
Perez Iglesias Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arabera, Madrilen ondu duten proiektuak «urratu» egiten du unibertsitateko erregimen juridikoa, eta autonomia «erkidegoek berezko dituzten eskuduntzetan» ere sartzen da. Kritikagarria iruditzen zaio, halaber, dekretua onartzeko hautatu duten bidea, presako izapidetzaren alde egin baitute, horren aldeko arrazoiak zein diren ondo argitu gabe. Dekretuan jasotako proposamenen artean dago, besteak beste, gutxieneko ikasle kopuru bat ezartzea: 4.500. Hori ere auzitan jartzeko modukoa iruditzen zaio Perez Iglesiasi. Gogora ekarri du, hain justu ere, «munduko unibertsitate onenen artean» badirela ikasle gutxiago dituztenak. Azaldu du dekretuaren kontrako helegiteak aurkeztu zituztela, eta Espainiako Gobernuaren Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak ez diela oraindik ezer erantzun horien inguruan.
Sailburuak nabarmendu duenez, Euskal Herriko unibertsitateen sarea «aberatsa eta askotarikoa» da, eta hori horrela da, hain justu ere, unibertsitate bakoitzak «soslai» berezkoa duelako eta horrek modua ematen duelako askotariko eskaintza akademikoa emateko. Aurrez ere adierazi izan du sailburuak Espainiak unibertsitate berriak ezartzeko ezarri nahi dituen irizpideen gaineko kezka. Adierazi izan du, adibidez, Mondragon Unibertsitateak zailtasunak izango lituzkeela zenbait irizpide berri betetzeko. Bide batez, konfiantza erabatekoa erakutsi nahi izan du beti Euskal Herriko unibertsitate pribatuek duten jardun onean: «Ez daukat ez errezelorik ez mesfidantzarik gure unibertsitate pribatuen kalitateari buruz».
Gaur, Euneiz unibertsitateari buruz galdetu diote sailburuari propio, horixe izan baita martxan jarritako azkena, eta gizarteko hainbat eragilek zalantzan jarri baitute unibertsitate pribatu horren izaera. Aurrekoetan egin izan duen eran, ordea, unibertsitate hori defendatu du gaur berriz Perez Iglesiasek. «Bi ikasturte daramatza martxan, eta epe bat dauka zenbait irizpide betetzeko», azaldu du. «Horretan laguntzen ari gara horretan».
EH Bildu aurka, PSE alde
EH Bilduk «euskal autogobernuarekiko errespetua» eskatu du unibertsitate eremuan ere. Koalizioa ados dago «unibertsitate pribatu berrien kalitatea bermatzeko eta kontrolik gabeko sorrera mugatzeko beharrarekin», baina uste du «gure herriak badituela horretarako beharrezko tresna arau emaile eta politikoak, bere eskumenak erabat gauzatzeko». Testuinguru horretan, euskal unibertsitate sistemari «benetako bultzada politiko eta instituzionala emateko garaia» dela azpimarratu du. Hala, EH Bilduk zera eskatu du, Euskal Unibertsitate Sistemaren Lege berri bat onartzeko legealdi honetan, «ikuspegi propio, anbiziotsu eta burujabea» duena.
Edonola ere, koalizioa bat dator Eusko Jaurlaritzak eta EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak egindako adierazpenekin. PSE-EE, ordea, ez dago ados, idazkari nagusi Eneko Anduezak adierazi duenez. Haren ustez, Jaurlaritzak Madrilgo dekretuaren kontrako jarrera hartzea «aldebakarreko» erabakia izan da, eta kritikatu egin du. Koalizioan ari dira PSE-EE eta EAJ Eusko Jaurlaritzan, eta, horregatik, hurrengo gobernu kontseiluan Perez Iglesiasen erabakiari buruzko azalpenak eskatuko dituztela jakinarazi du. «Kontseilariaren iritzia da, bere giroari eta ordezkatzen duen alderdiari mugatua. Ez da gobernu osoarena, guk ez dugu eta bat egiten».