Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak datozen sei urteetarako lehentasunak eta premiak plazaratu ditu Eusko Legebiltzarrean. Finantzaketa arloan autonomia bermatzea funtsezkoa dela iritzi dio Bengoetxeak, euskal unibertsitate publikoak merezi duen garrantzia izan dezan gizartean. EHUren gobernu talde berriak 2025-2031ko agintaldirako ezarri dituen erronka nagusiak jakinarazi dizkie Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza batzordekideei: azpiegiturak zaharberritzea, langileen lan baldintzak duintzea, digitalizazioan aurrerapausoak ematea eta ikerkuntza alorrean lehen mailan egotea. Horretarako finantzaketa handiagoa behar dutela ohartarazi du errektoreak.
Bengoetxeak jakinarazi duenez, Espainiako unibertsitateen legeak (LOSU) ezartzen du erkidegoen barne produktu gordinaren (BPG) %1 bideratu behar dela unibertsitate publikora. EHUk, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoaren BPGren %0,5 jasotzen du. Hori oztopo handia da beste unibertsitateekin lehiatzeko garaian, errektorearen esanetan.
Zaharkituta dauden azpiegiturak berritzea da EHUren gobernu taldearen lehentasunetako bat. Bengoetxeak onartu du Eusko Jaurlaritzak bermatu egiten duela arriskua ekar dezaketen azpiegituren konponketa, nahiz eta unibertsitatearen urteko aurrekontuan jasota ez egon. Dena dela, urtero diru sail finko bat izatea hobetsi du, momentuko mantenu arazoak konpondu ez ezik, azpiegitura duinak izateko.
Gizartearen erronkak
Bengoetxearen aburuz, gizartearen erronkei erantzutea da unibertsitate publikoen helburua, eta helburu horietako batzuk aipatu ditu: irakaskuntza, ezagutzaren sorkuntza eta transmisioa, ikerkuntza eta desinformazioari aurre egiteko ikuspuntu kritikoa lantzea. Arlo horretan EHUk egiten duen lanaren balioa nabarmendu du.
Horretaz gain, esan du gero eta handiagoak direla EHUn doktoretza egiten duten ikasleen kopurua eta tesien kalitatea. «Harro esan dezakegu gero eta tesi gehiago defendatzen direla gure unibertsitatean; azken lau urteetan, esaterako, %23 handitu da aurkeztutako tesien kopurua». Iazko datuak eman ditu: 552 doktorek defendatu zituzten beren tesiak, horietako %49 nazioarteko aipamena lortu zuten, eta 92 euskaraz eginak dira.
Pribatuen ugaritzeaz kezkatuta
Unibertsitate pribatuen ugaritzeak kezka sortzen diola ere aitortu du EHUko errektoreak. Espainian 1998tik hona urtero unibertsitate pribatu bat sortu dutela esan du, eta salatu du unibertsitate publikoek bide lakarragoa izaten dutela bai sortzeari bai kudeaketari dagokienez. Bengoetxeak gogorarazi du unibertsitate publikoen funtzio nagusia soziala dela, pribatuena ez bezala.
Horregatik, eskaera zehatz bat egin die legebiltzarkideei: 2026ko aurrekontuak osatzerakoan herritar guztion unibertsitatea aintzat har dezatela, eta berma ditzatela EHUk betetzen duen funtzio sozial hori duintasunez bete ahal izateko tresnak.