Unibertsitateari ere iritsi zaio txanda: murrizketak iragarri ditu Espainiako Gobernuak. Ikasleen eta irakasleen bizkar gastuak gutxitzea da Madrilen asmoa: garestitu egingo dituzte ikasketak, eta lan zama handiagoa jarriko diete irakasleei. Neurriak gaur bertan onartuko ditu gobernuak. Indarrean jarri edo ez, ordea, erkidegoen esku utzi du. «Haiek erabakiko dute, haien aukera da neurriak erabili edo ez. Eta erabiliz gero, zein neurritan egin ere bai», azaldu du Unibertsitateetarako Espainiako Estatu idazkari Montserrat Gomendiok. Defizit publikoa da irizpide bakarra.
Erkidegoetako Hezkuntza kontseilariei egin zizkien proposamenak Jose Ignacio Wertek, Espainiako Hezkuntza ministroak. Hego Euskal Herriko bi ordezkari han ziren: Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria eta Pedro Luis Arias Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate sailburuordea.
Neurriak datorren ikasturtean bertan jarri nahi ditu indarrean Espainiako Gobernuak. Azken asteetan Wert ministroa behin eta berriz esaten ari dena errepikatu zien Gomendiok atzo ere kazetariei: «Ez da bideragarria gaur egungo unibertsitate sistema». Wert ez zen agerraldian izan.
1. Ikasketak, garestiago
Unibertsitatean ikastea garestitu egin nahi du PPk, eta hori jarri du dirua aurrezteko neurri nagusi gisa. Ikasleek karreraren gastuaren laurdena pagatzea proposatu du gobernuak. Orain, %15 inguru ordaintzen dute. Hortaz, ia %70 garestituko dira unibertsitateko matrikulak, PPk bultzatutako neurriak indarrean jarriz gero. Gaur egun, erkidego bakoitzak ezartzen du unibertsitate publikoko ikasketen prezioa; urteroko igoera KPI kontsumorako prezioen indizea bestekoa izaten da. Irizpide hori aldatu nahi du Wertek, eta prezioak nabarmen igo.
Dirutan, 540 bat euroko gehienezko igoera kalkulatu du gobernuak. Ez da erabat zehatza hori. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko prezioekin egiten bada kalkulua, ikasketa merkeenetan—esperimentazio baxukoetan, Kazetaritzan, adibidez— 540 bat eurokoa izango da garestitzea: 800 euro ingurukoa da orain, eta, neurriak ezarriz gero, 1.340 inguru. Karrera garestiagoetan —esperimentazio handikoetan, Medikuntzan, kasu—, handiagoa da igoera, ia 800 eurokoa. EHUn, orain 1.130 bat eurokoa da prezioa, eta 1.890 eurora igo daiteke.
Lehen aldiz matrikula egindakoan pagatu beharreko prezioak dira horiek. Are eta garestiagoak izango dira ikasgaiak gainditu ezean: matrikula bigarren aldiz eginez gero, gastu osoaren %30-40 kobratzea nahi du PPk; hirugarren aldian, %65-75; eta hortik aurrera, %90-100. Masterretan, gastuaren erdia ikasleek ordaintzea ere proposatu du, lanbide batean jarduteko ezinbesteko direnetan izan ezik —Zuzenbidean eta Arkitekturan, adibidez, masterra behar da lanean hasi ahal izateko—.
Iragarritako prezio igoera horri lotu behar zaio Wertek azken asteetan egindako iragarpena: beken sistema aldatu egingo dute, notei garrantzi handiagoa emateko. Gainditzen ez duten ikasleek beka ez dutela merezi iradoki du.
Ikasleen kopurua gutxitzeko bidea ere izan daiteke Espainiako Gobernuak mahai gainean jarritakoa: matrikula garestituta eta bekak lortzeko bidea estututa, ikasle gutxiagok izango dute aukera unibertsitatera joateko. Joan den astean esan zuen ministroak ikasleen kopurua «modu bitxian» igo dela azken urteetan.
2. Irakasleen orduak
Azken asteetan kontu eske aritu da Madril unibertsitateko irakasleei, ez dutelakoan behar adina ikerketa egiten. Dirua aurrezteko beste bidea irakasleen bizkar egitea proposatu du: ikerketarik egiten ez duten irakasleei eskola ordu gehiago jartzea. «Espezializatu egin behar dute: edo ikerketan edo irakasletzan», adierazi du Gomendiok. Ikerketan nor ez den ari aztertuko dute lehenik —ikertzaileen seiurteko ebaluazioan emaitza ona nork lortu duen—, eta eskola ordu gehiago jarriko dizkiete. Irakasleen erdiak direla uste dute. Ez dute zehaztu zenbat orduren gorabeheran ari diren.
Neurri horrek murrizketak egiteko bidea emango lieke unibertsitateei. Gainerako irakats aldietarako ere gisa bereko neurria proposatu du PPk: irakasleei eskola orduak gehitu, gutxiagoren bidez eskolak emateko modua izan dezaten. Beste lanetarako denbora gutxiago lukete.
3. Ikasketen kopurua
Etengabe esaten ari da Wert: unibertsitate, campus eta ikasketa gehiegi dago. «Gogoeta» hori erkidegoek ere egitea nahi du ministroak, eta eskatu die gaia aztertzen hasteko. Lantalde bat sortua du ministerioak berak, eta sei hilabeteko epean egin beharko dute proposamen bat. Karrerak kentzen hastea da gobernuaren asmoa —«handia da unibertsitateen kopurua, eta ikasketena, oso handia», esan du Gomendiok—, eta hori egiteko irizpideak zehazteko eskatu die erkidegoei; alegia, karrera batek gutxienez zenbat ikasle izan behar dituen «gutxieneko eraginkortasuna» izateko.
Erkidego bakoitzeko unibertsitateen bideragarritasuna aztertzeko eskatu du Madrilek. Horiek eskuan, zer egin erabakiko du. Lehen ere izan dira asmoak erkidego batzuetako eta besteetako unibertsitateak batzeko. «Bikoiztasunak kentzeaz eta espezializatzeaz» mintzo da Wert, eta esana du ikasleek ezin dituztela euren lurraldean izan ikasketa guztiak.
4. Kontrola
Unibertsitateek ere defizit mugak betetzea nahi du Espainiak, «gobernuek eta erkidegoek egiten duten ahalegin bera egitea». Aztertzen ari da nola kontrolatu unibertsitateen aurrekontuak, zorra eta lan eskaintza publikoak.
Unibertsitatean ikastea garestiago jarri asmo du PPk, gastuak gutxitzeko
Matrikula ia %70 garestitzea proposatu die Madrilek autonomia erkidegoei: karreraren arabera, 500-800 euro igoko dute prezioaGobernuak erkidegoen esku utzi du prezioa igotzea eta irakasleei eskola orduak gehitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu