Barcinak utzitako hutsunea behin-behinean beteko duen buruzagia behar du UPNk, eta, zeregin zail horri aurre egiteko, hiru hautagai aurkeztu dira: Jose Javier Esparza UPNko parlamentari eta kanpainako zerrendaburua; Amelia Salanueva UPNko senatari eta Tokiko Administrazioko kontseilari ohia, eta Maria Kutz Osasun kontseilari ohia. Igandean egingo den batzarrean, bertara joaten diren militanteek hiru hautagai horien artean aukeratu beharko dute hurrengo hilabeteetan alderdia zuzenduko duena. Asko dago jokoan. Postua behin-behinekoa izanagatik, irabazleak aukera handiak izango ditu etorkizuneko liderra izateko.
Horregatik, UPNko militanteek ia-ia itsumustuan hautatu beharko dute. Hori eragin du Yolanda Barcinak ustekabean ontzitik jauzi egin izanak. Urak oso nahasi datoz, eta ez dira nolanahikoak UPNk aurrean dituen erronkak. Batetik, alderdia zatituta dago. Bestetik, galdutako botere instituzionala berreskuratzeko proiektua berritu behar du, eta estrategia abian jarri. Azkenik, oposizioa egiteko argibideak zehaztu behar dira, hurrengo hauteskundeetan zer egin erabakitzeko eta zortzi urteotan jasandako boto ihesari buelta emateko.
Hori dena erabakitzea ez dagokio hurrengo presidenteari. Bozak pasatuta, datorren urtean ezohiko kongresua egingo du UPNk, eta hitzordua prestatzea dagokio igandean hautatua izango denari. Bata edo bestea izan, bideak eta erabakiak desberdinak izan daitezke, nahiz eta batzuen eta besteen mezuak antzekoak diren. Hona gako nagusiak:.
BARCINAREN ERABAKIA
Aurreranzko ihesean
Barcinak uko egin zion abuztuaren 27an ardura horri, ezustean. Zergatik? «UPNk jardunaldi osoko presidentea behar du. Erantzukizunez, ez diot mandatuari heldu nahi izan», aipatu zuen. Duela 19 urte NUPen utzitako kargu akademikora itzuli nahi izan du, eta irudi luke erabaki pertsonala lehenetsi duela. «Ez diot erantzukizunari uko egin nahi izan, guztiz alderantziz baizik».Itxuraz, nekeza egiten da halakorik sinestea. Barcinak politikari agur esanagatik, erantzukizunez, alderdiaren erronka nagusiak bideratzeko zereginari hel ziezaiokeen eta trantsizio hori kudeatu. Haatik, nahiago izan du ontzitik ihes egin. Alderdi barruan, jendaurrean kritiko agertu dira erabaki horrekin: «Erantzukizunez jokatu duela dio. Zalantzaren onura aitzat hartuta, sinetsi egin behar diogu, baina nik ez duterantzukizunik ikusten inon», zioen berriki Javier Markotegi UPNko parlamentari ohiak, iritzi artikulu batean. Markotegik, Miguel Sanzek eta alderdiko beste kide batzuek uste dute Barcinak dimisioa ematekotan maiatzaren 25eko emaitzen biharamunean eman beharko zuela.
Ez zuen eman, ordea. Bere pertsonalismoa amaieraraino eraman du. Ezustearen errekurtsoarekin amaieraraino jolas egin duen bezala. Azkenean, bere erabateko porrota ezkutatzeko erabakia baino ez da izan.
ALDERDIA ZATITUTA
Toki ona hartzeko, lasterka
Dena den, UPNren arazoa ez da Barcina, hark alde eginda alderdiak zatituta segitzen du. Egin behar denaren teoria denek dute argi, baina praktikan pertsonalismoak nagusitzen ari dira. Ekainean egin zen kontseilu politikoan ondorioztatu zen lehenik egoeraren analisia egitea, ondoren ideien eztabaida egitea eta azkenik buruzagiak aukeratzea dagokiola UPNri. Denek txalotu zuten bide orri hori. Praktikan, ordea, azken fasera posturik onenean iristeko lasterketa betean dira alderdiko sektoreak.Eta horretarako, denborak eta epeak oso garrantzitsuak dira. Horregatik, udan alderdiaren barne eztabaida nagusia ez da proiektua politikoari buruzkoa izan, baizik eta ea noiz egingo den ezohiko kongresua. Miguel Sanzek eta bere ingurukoek hauteskundeak egin baino lehenago nahi zuten, «lehenbailehen», zenbat eta denbora gehiago pasa, eremu politiko gehiago galduko dutelakoan.
Barcinarengandik gertu egon den taldeak —Juan Luis Sanchez Muniain eta Enrique Maia, besteak beste— patxada handiagoa eskatu du. Ezohiko kongresua egiten ez den bitartean, zuzendaritza organoetan gehiengoa dute, eta erabaki ahalmena ematen die. Azken finean, datorren igandeko batzarrak UPNko presidentea bakarrik hautatuko du.
Uda aurretik, Barcina bera kongresua udazkenean egitearen aldekoa zen, baina iritzia aldatuta, dimitituta azken faborea egin die bere ingurukoei. Sanchez Muniain, Maia eta enparauen arazoa da Barcinaren alboko izateak ezgaitu egiten dituela UPNko presidentetzarako lasterketan. Maiak, adibidez, uko egin dio hautagaitza aurkezteari. Hala, ezohiko kongresura begira ezusteko hautagai bat lortzeak dirudi euren aukera bakarra.
HAUTAGAIAK
Posizionamendu taktikoak
Dena den, ezohiko kongresura bidean, igandeko emaitza erabakigarria suerta daiteke... edo ez. Irabazleak aise irabaziz gero, datorren urteko kongresura begirako bidea erraztu egin diezaioke. Batzar bat irabazten duenak kongresua ere irabaz dezake. Aldiz, igandean zatiketa nagusitzen bada, kongresura begira bestehautagai ezezagun baten aukerak indarra hartuko du.Joko horri erantzuten dio batzarreko hautagaien nortasunak. Hiruren artean, Esparza da behin betiko presidente izateko bokazio argiena duena. Duela urtebete, Barcinaren bedeinkapenarekin, kontseilu politikoak zerrendaburu izateko hautatu zuen, baina gero zerrendatik kanpo utzita traizio egin zion. Sanzen eta Barcinaren lorratzetik aterata, bere bidea egin nahi izan du, bere taldearekin. UPNko buruzagi izateko helburu argiarekin, Esparza jo eta ke borrokatu da Parlamentuko eledun izateko, alderdiaren ahotsa izateak helburua lortzeko abantaila emango diolakoan.
Uztail amaieran, Sanchez Muniainek gidatuta, Barcinaren inguruko taldeak eledun izateko erabaki hori atzeratzea lortu zuen. Orain, berriz, ezin izan du erabakia eragotzi, eta, igandean gertatzen dena gertatzen dela, urritik aurrera Esparza izango daUPNko eledun. Irabaziz gero, presidentetza eta bozeramailetza izanda, oso posizio onean geratuko da.
Salanuevaren kasuan, ez da urrats bat aurrera egiten duen lehen aldia eta honek ere epe luzeko anbizioa islatzen du. «Irabaztera aterako naiz. Ez soilik presidentetza irabazteko, UPNk hurrengo hauteskundeak irabazteko baizik». Salanuevak Miguel Sanz eta Alberto Catalanen inguruko taldea du atzean.
Eta Maria Kutzen hautagaitzak zeri erantzuten dio? Osasuneko kontseilari ohiaren agerpena izan da ezusteko nagusia. Jokoz kanpo harrapatu du mundu guztia, baina abantaila handi bat du bere alde. Politikatik eta medikuntzatik erretiratuta dago, eta trantsiziozko hilabeteotan alderdia zuzentzeko profila betetzen du, eta sektore desberdinei euren gatazka atzeratzeko aukera ematen die, Esparzaren eta Salanuevaren kaltetan bada ere. Maia eta Sanchez Muniainentzat aukerarik onena da, nahiz eta ezin den esan Kutz Barcinaren gogoko zenik.
PROIEKTU POLITIKOA
Ideiak agortuta
Sektoreen arteko ezkutuko lehiak ez die sakoneko arazoa ikusten uzten. Adibidez, Salanuevak «hipotekarik eta porrotik gabe» aurkezten dela dioenean, eztenkada nabarmena sartzen dio Esparzari. Alderdi barruko aniztasuna ez da ideietan edo proposamenetan islatzen, baizik eta botere borroka hutsean. Barcinaren taldearekin oso kritiko, Begoña Sanzberro parlamentari ohiak iritzi artikulu batean kritikatuzuen UPNren arazo nagusia dela «bere interesen araberako gutxiengo baten esku» dagoela. Bestalde, Nafarroak elkartzen gaitu izan da Salanuevaren aldarria, Esparzaren Navarrisimo haren tankera berekoa.Eta ideiak non daude? Hainbeste urtez boterean egoteak kalte egin dio, ezinbestean, alderdiari. Nafarroarekiko eta foru erregimenarekiko maitasunak ez zuen batzen alderdia, botere instituzionalaren gerizpean altxatutako truke sareak baizik. Krisiak sarea zulatu bazuen, bozek botere galera eragin dute. Eserlekuak desagertu dira, eta apurrak kudeatzeko lehia nagusitu da orain.
ESTRATEGIA
UPN, norantz?
Miguel Sanzek aspaldi bataiatutako estrategia, gaztatxoaren teoria, urtu da. UPNren eta PSNren arteko hegemonian oinarritu da orain arteko botere instituzionala. Eskuin eremuan UPNk jasandako higadurak eta PSN bere historiako mailarik apalenean izateak estrategia hori lurperatu du. Barcinaren agintaldian UPNk hartutako erabakiek zeresan handia izan dute. PPrekin aliantza bilatzeak ekarpen handia egin du gaztatxoa urtzeko, eta UPNren foraltasunaren aldarria auzitan jartzeko. Sanzek laburbildu du: «PPrekiko gehiegizko hurbiltasunak foraltasunaren defentsan hutsune bat libre utzi dio euskal abertzaletasunari, eta oportunismoz zein abileziaz toki hori hartu du».Alderdi barruko botere borroka gordinaren atzean, estrategia ikuspuntu desberdinak egon daitezke: orain arteko bidetik jo edo epe luzera boterera ailegatzea ziurtatuko dioten aliatuak bilatu. Horretarako,PPrekiko distantzia zaindu behar du, eta norabide horren zantzua hurrengo hauteskundeetan bakarrik edo PPrekin joateko erabakiak ezar dezake. PPrekin joateak garaipena ziurtatuko lioke, baina Sanzek azpimarratu duenez, hurrengo hauteskundeak garrantzitsuak badira, lau urte barruko foru hauteskundeak «lehentasunezkoak» dira.
Horrek guztiak ez du ezertarako balio sakoneko arazoari erantzuten ez bazaio. 2007tik UPNk 46.327 boto galdu ditu, eta odolustea handitu daiteke egungo gobernuak eta sostengatzen duten lau alderdiek asmatuz gero. Markotegik deskribatu du beldur hori. «Abertzaleen asmoak geratzeko beharrezko zen UPN sortzea, baina UPNren akatsengatik, abertzaleak jada gobernuan daude. Amets berri bat eduki beharko dugu, eta ez itxaron besteek porrot egiteari. Eta ez badute porrot egiten eta geratzen badira?».