UPN-PPk PSOE jo du osasun zentroetako itxaron zerrenda luzeen errudun

Lehen Arretan eta haurren psikiatriaren arloan buru osasuna indartzeko profesional gehiago kontratatzea hitzeman dute.

UPN-PP, Tuterako Reina Soria ospitalearen aurrean. Atrilean, Leticia San Martin zerrendaburua. PABLO LASAOLA
UPN-PP, Tuterako Reina Soria ospitalearen aurrean. Atrilean, Leticia San Martin zerrendaburua. PABLO LASAOLA
nerea intxausti
2026ko azaroaren 23a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leticia San Martin UPN-PP koalizioko Espainiako Kongresurako zerrendaburuak PSOEri eta PSNri egotzi die Nafarroako osasun sisteman itxaron zerrenda luzeak egotearen errua: «Garaiz artatu gaitzaten eskubidea kendu digute». Koalizioak konpromisoa hartu du hori konpontzeko, eta horretarako langile gehiago hartuko lituzketela iragarri dute, bereziki, buru osasunarekin lotutakoak. San Martinek Tuterako Reina Sofia ospitalearen aurrean egin ditu adierazpenok. 

Zerrendaburuak adierazi du Lehen Arretako medikuarenera heltzea «oztopo lasterketa bat» bihurtu dela. Horixe indartzeko beharra nabarmendu du, bereziki, buru osasunarekin lotutako arazoak dituzten pertsonak artatzeko. Ziurtatu dute eskariak gora egin duela COVID garaitik, «arazo handiak» daudelako psikologoen plazak betetzeko, bereziki, Lehen Arretan eta haurren psikiatria arloan. 

Datuak eman dituzte: urtebetean haurren buru osasuna artatzeko kontsulta bat hartzeko tartea 27 egunetik 41 egunera luzatu da, eta kontsulta behar dutenen %30ek dute hitzordua jarrita. Haien arabera, orain urtebete %84k zuten hitzordua. 

Glutenik gabeko produktuak merkatzeko asmoz

San Martinek nabarmendu du pazienteek urteak daramatzatela glutenik gabeko produktuak eskuratzeko laguntza eskatzen, oro har, garestiagoak izaten direlako. Konpromisoa hartu dute horiei zerga jaisteko. Bidenabar, botika berriak publikoki diruz laguntzeko epea murriztearen alde ere egin dute, azpimarratu baitute urte eta erdi behar izaten dutela botika berriek Europako Batasunean onartuak izaten direnetik Nafarroara heldu arte. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA