«Alberto Catalan, inposatzaile». Iruñerriko Ikasle Abertzaleek manifestazioa egin zuten, atzo, Iruñean, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak «ezarri» nahi duen hezkuntza sistemaren aurka. Autobus geltokitik Hezkuntza Departamentura joan ziren. Nafarroako Gobernuaren egoitza horretan aurkeztu zuten «hezkuntza eredu euskaldun, parte hartzaile eta nazionalaren» proiektuari sostengua ematea zen xedea.
Alberto Catalan Nafarroako Hezkuntza kontseilariak ikasleak «robot» bihurtu nahi dituela diote Ikasle Abertzaleek. Hezkuntza arautzeko dekretuan euskara gaitzestea, ikasleen kontrola ezartzea eta curriculum «arrotzak» sustatzea egozten diote. Hortaz, Iruñerriko Ikasle Abertzaleek eskola eredu «euskaldun, parte hartzaile, hezitzaile, herritar eta demokratikoa» egiteko xedearekin proiektu bat aurkeztu zuten atzo Hezkuntza Departamentuan; eskola eta unibertsitate euskalduna sustatzea, ikasleen eskubide guztiak errespetatzea, ikasleak subjektu aktibo gisara aintzat hartzea eta euskal eskola nazionalaren eraikuntzan aurrerapausoak emateko eginbeharrak zehaztu dituzte aurkeztutako idatzian.
Mobilizazioaren harira, eskola egun motza izan zen atzo Iruñerriko ikasleentzat. Ikasle Abertzaleek deituta, atsedenaldiaren ondoren geldialdia egin zuten. Eguerdian, Gure hezkuntza eredua erabakiz, etorkizuna eraiki lelopean manifestazioa egin zuten. Iruñeko autobus geltokitik Hezkuntza Departamenturainoko bidea orduan egin zuten. Ehunka ikasle elkartu ziren aldarriarekin bat egiteko.
Catalanen eta UPNren aurkako oihuak ibilbide osoan zehar entzun ziren. UPNren eta PSNren egoitzen paretik pasatzean zarata ozenagoak izan ziren. Ikasle Abertzaleek osatu duten proiektuaren «hasierako eta oinarrizko baldintzak» Hezkuntza Departamentuan erregistratzea zen manifestazioaren helburua. Proiektuaren alde jaso dituzten elkartasun sinadurak ere aurkeztu zituzten. Nafarroako Gobernuak «ezarri» nahi duen ereduaren ordez ezartzeko ordezko bidea dela adierazi zuten.
UPNk «ezarri» nahi duen hezkuntzaren ordez, beste bat
Ikasle Abertzaleek «beste proiektu baten» oinarriak erregistratu dituzte Nafarroako Gobernuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu