UPNko bozeramaile Javier Esparzak gogor salatu du Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak atzo onartu zuen bide orria, Koldo auzian herri lan publikoen adjudikazioak aztertzekoa. Taldeek aurkeztutako lanerako planak aztertu eta gero, 99 txosten eta informazio eskaera onartu zituzten, eta instituzioek irailaren 15era arteko epea izango dute parlamentariek eskatutako informazioak bidaltzeko. Halaber, urriko bigarren hamabostalditik aurrera 40 lagunek agertu beharko dute batzordearen aurrean. Bada, Esparzaren arabera, ez da nahikoa, eta EH Bildu «mesedeak ordaintzen» ari zaio Maria Txibite Nafarroako presidenteari, «dena estaltzeko» itun baten bidez.
Onda Cero irratiari eman dio elkarrizketa UPNko eledunak, eta esan du gakoa zera dela, «nor ez den azalduko» batzorde horretara, eta Maria Txibiteri eta Uxue Barkos Geroa Bai-ko diputatuari erreparatu die, lehena Nafarroako presidentea delako, eta bigarrena, berriz, izan zelako. Aldiz, ez du aipatu Yolanda Barcina presidente ohia, hura UPNkoa. Barcinaren agintaldia ere (2011-2015) sartzen da batzordeak ikertuko duen aroan.