Ur murrizketak ezarriko dituzte Ipar Euskal Herrian etzitik aitzina

Herri guztietan izanen dira murrizketak. Batez ere zolen ureztatzea mugatuko dute, eta autoen garbitzea eta igerilekuen betetzea debekatuko; ur hartzeak ere debekatuko dituzte laborantzan.

Ortzaizeko Laka erreka, urik gabe, 2022ko udako idorte denboran. GUILLAUME FAUVEAU
Ortzaizeko Laka erreka, urik gabe, 2022ko udako idorte denboran. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko abuztuaren 13a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefeturak zaintzapean eta alertan ezarri du Pirinio Atlantikoetako Departamendua bero handiagatik: Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen 158 herriak alertan daude, hots, eta departamenduko beste herriak zaintzapean. Horrek erran nahi du Ipar Euskal Herrian ur murrizketak ezarriko dituztela etzitik goiti, agorrilaren 15eko 18:00etatik goiti, hain zuzen.

Denetan bezala, oraino bero biziki bortitza da Ipar Euskal Herrian ere, eta horrek zenbait ondorio dakartza erreka eta ibaien ur heinari dagokionez, erraterako: jaitsiz doa etengabean. Meteorologia zerbitzuen arabera, tenperaturak kasik ez dira freskatuko, eta kasik ez du euririk eginen; lehorteak aitzina eginen du orduan. Egoera kontuan harturik, uraren erabilpenari nola edo hala loturik diren eragileekin bildu zen lehorteari buru egiteko gidaritza batzordea barda. Baliabideak azterturik, deliberatu zuten «ur hartzeak mugatu» beharko direla, «behar guziak ahal bezain ongi asetzeko eta ur emari minimoa egoera onean atxikitzeko».

Etzitik aitzina, beraz, 18:00etatik goiti, Ipar Euskal Herriko laborariek ezinen dute gehiago urik hartu erreketatik, nahiz eta baden salbuespenik: baratzezainek eta arbolazainek ura hartzen segitzen ahalko dute, baina 20:00ak eta 08:00ak artean bakarrik. Laborariendako ez ezik, partikularrendako ere bali izanen dira tenore tarteak: etxeetako baratzeak, soropilak eta kirol zelaiak ere 20:00ak eta 08:00ak artean baizik ez dituzte ureztatzen ahalko.

Haatik, badira zenbait debeku erabateko: igerilekuak ezinen dira gehiago bete, ezein motako ibilgailuak ezinen dira garbitu, ez eta golf zelaiak ureztatu ere. Ur emariek jaisten segituz gero, edateko urari loturiko murriztapen gehiago manatu ahal izanen dituzte prefeturaren erabakiz, uraren oinarrizko erabilerei lehentasuna emateko, hain zuzen: herritarrek edan ahal izateko, osasunari dagozkion beharren asetzeko, suteei aurre egiteko eta kabalek edan ahal izateko. 

Departamenduko beste herriei ez zaie murriztapenik ezarriko mementokotz, zaintzapean baizik ez baitira oraingoz. Halere,  goizean agertu duen agirian , prefeturak erabiltzaileei galdegin die «ura zuhurki erabiltzea».

Bizkaian ere bai

Bizkaian ere egin dituzte ur mozketak, Karrantzan eta Artzentalesen. Karrantzako Udalak herritarrei ohartarazi die hurrengo egunetan balitekeela zenbait lekutan eta gaueko zenbait tartetan ur gutxi izatea edo urik gabe ere geratzea. Ur eskaera handitu egiten da udan, bisitari kopuruagatik. Horrez gain, udalak zehaztu du abeltzaintza sektore garrantzitsua dela herrian, eta hark ere ur premia handia duela. Artzentalesen, berriz, ura moztu zuten asteleheneko 20:00etatik astearteko 07:00etara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.