Gogora-k jakinarazi du Urduñako (Bizkaia) espetxe frankistan hildako beste lau biktima identifikatu dituela. Udalerri hartako hilerrian 2014an ekin zieten desobiratze lanei, eta 93 lagunen gorpuzkiak atera dituzte ordutik; horietatik 22 identifikatu dituzte, gaurko lauak zenbatuta. Identifikazio prozesuak jarraipena izan dezan, baina, Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak biktimen familiei eskatu die eurekin harremanetan jartzeko.
Faustino Aguado Serrano, Manuel Gillen Exposito, Miguel Fuertes Molina eta Antonio Monge Crucera. Horiek dira Gogora-k identifikatu dituen lau lagunak, eta datozen asteetan emango dizkiete gorpuzkiak haien senideei. Lehena Ciudad Realekoa zen, eta beste hirurak Badajoz probintziakoak. Hain zuzen, Joseba Egiguren ikerlariaren lanaren arabera, Urduñako kontzentrazio esparruan hildako 226 lagunen erdia baino gehiago Extremadurakoak ziren, eta 1937 eta 1941 bitartean hil ziren.
Gorpuzkiak berreskuratzeko lanak, berriz, 2014an hasi zituen Eusko Jaurlaritzak. Urte hartan egin zuten lehen desobiratze kanpaina, eta beste bi egin zituzten 2022an eta 2024an. Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko eta Identifikatzeko Programaren barruan egindako lanak dira, eta institutuarekin batera, Aranzadi elkartea eta EHUko Biomics laborategi genetikoa ere ari dira lanean. Lehenaren ardura da desobiratze eta ikerketa lana, eta bigarrena arduratzen da DNA laginak aztertzeaz.
Azken prozesu horri lotuta, Gogora-k dei egin die beste behin ere Urduñan senideren baten gorpuzkiak hilobiratu zirela uste dutenei, haiekin harremanetan jar daitezen. Izan ere, nabarmendu dute denbora igaro ahala zailagoa dela identifikazio genetikoa: «Hezur hondakin horietatik atera daitekeen DNAren kalitateak eta DNA erauzten zaion senidearen ahaidetasun mailak erabakitzen dute azkenean identifikazio genetikoa lortzea».
Halere, azaldu dute azken hilabeteetan Espainiako eta, batez ere, Extremadurako zenbait eragile instituzional eta sozialekin izandako harremanei esker, zenbait identifikazio egitea lortu dutela. Antonio Mongeren kasua jarri dute eredu gisa. Azaldu duenez, Badajozen biktimen familiak bilatzeko egindako ahaleginaren bitartez izan zuen haren familiak kasuaren berri; Gogora-rekin harremanetan jarri ziren udan, eta identifikazio baterako laginak eman. Horiek DNA bankuko hezur hondakinekin erkatu zituzten, eta Monge identifikatu. Izan ere, Mongeren gorpuzkiak 2014an atera zituzten Urduñako hilerritik, han egindako lehen kanpainan, baina identifikatu ezin izan zituztenez, Urduñan ezarritako Duintasunaren Kolunbarioan lurperatu zituzten 2022an.