«Karrikan urgentziazko erantzun zabal eta irmoa» ematera deitu du Itaiak, erasoen gorakadaz larriturik

Azken hilabeteetako indarkeria matxista kasuen «gordintasuna» salatu du antolakundeak, baita «emazteen aurkako diskurtsoen» gorakada eta normalizazioa ere.

Itaiako militanteak indarkeria matxistaren udako datuak aurkezten, gaur, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Itaiako militanteak indarkeria matxistaren udako datuak aurkezten, gaur, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko urriaren 5a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Emazteen kontrako indarkeriaren areagotzea» salatu du Ipar Euskal Herriko Itaia antolakundeak. Eraso ugari izan dira udan, Baionako bestak tarteko, eta nabarmendu dute irailean giroak bide beretik segitu duela. Zehazki, azken hilabeteetako indarkeria matxistaren «gordintasuna» salatu dute militanteek, eta «horien aurka antolatzera eta erantzun zabala ematera» dei egin dute.

Izan da bikotekidearengandik drogatua eta bortxatua emazte bat Baionan, eta gizonak erasoaren irudiak sareetan zabaldu zituen ondotik. Izan dira bi begiralerengandik sexu indarkeria jasan duten 3 eta 4 urte arteko hamasei haur Miarritzeko (Lapurdi) aisialdi zentro batean. Izan dira Baionako bestak, eta hogei sexu indarkeria kasu salatu ziren. Ipar Euskal Herrian, gaur egun, 500 dosier inguru daude haurren kontrako sexu indarkeriarenak. Ekainetik geroz, zazpi bortxaketa salaketa kontatu ditu Itaiak, horietarik hiru adingabeen kontrakoak.

Gaur, Baionan, antolakundeko 20 bat militantek gaitzetsi dute indarkeria matxista emazteen eta haurren «eguneroko ogia» izatea.

Adierazi dutenez, ez da kasualitatea eraso horien areagotzea faxismoak gora egiten duen denbora berean, zeren faxismoak «hauspoa» ematen baitie «emazteen kontrako ideiei eta jarrerei». Errate baterako, «indarkeria matxista legitimatzeko testuingurua sortzen dute» diskurtso horiek.

Frantzia mailako datuei erreparatu die emazte langileen antolakundeak: «Bi minutuan behin emazte bati eraso egiten diote Frantziako Estatuan; 3 minutuan behin, adingabe bati».

Egoera larria izanik, eta instituzioek «inpunitatea» eskaintzen dien heinean emazteei erasotzen dietenei, «karrikan urgentziazko  erantzun zabal eta irmoa» ematera deitu dute Itaiako kideek. Hots, «eraso matxista oro salatzea eta karrikak hartzea», gizartean eraso horien «aurkako jarrera zabaltzea», erasoak jasaten dituzten emazteei «babesa ematea eta erasotzaileen aurkako jarrera hartzea», eta, orokorkiago, «emazteen aurkako diskurtsoei aurre egitea».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA