Uribarri Ganboako urtegiak desagerrarazitako herriak eta bertan bizi izandakoak omendu dituzte

Arabako Foru Aldundiak omenaldi ofiziala egin die kaltetutako herritarrei, eta memoriaren oroigarri bat jarri du urtegiaren begiratokian. EH Bilduk, dena den, leporatu dio ekitaldiaren antolaketan «gutxienekoa egin eta itxurak atxikitzea».

Gaur goizean Uribarri Ganboan egin duten omenaldia. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Gaur goizean Uribarri Ganboan egin duten omenaldia. ARABAKO FORU ALDUNDIA
unai etxenausia
2025eko uztailaren 28a
14:50
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ez ditugu inoiz ahaztuko urak hartu zituen bizitzak, ezta urtegiaren sakonean datzan historia ere». Hitz horiekin egin die omenaldia Arabako Foru Aldundiak Uribarri Ganboako urtegiaren eraikuntzaren ondorioz desagertutako herriei eta haietan bizi izan zirenei. Ekitaldia gaur goizean egin dute, urtegiaren inguruan, eta han bildu dira udal ordezkariak, aldundiko agintariak eta gertaera hartan kaltetuak izan ziren familien senideak. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak zuzendu du ekitaldia.

1947tik 1957ra bitartean eraiki zuten Uribarri Ganboako urtegia, frankismo betean. Haren ondorioz, seiehun pertsonak baino gehiagok utzi behar izan zituzten etxea eta lurrak. Ganboako haranaren egitura errotik aldatu zen, eta hango udalerriak —Barrundia, Arratzua-Ubarrundia eta Burgelu— administratiboki berrantolatu zituzten. Ganboako udalerria bera ere ofizialki desegin egin zuten 1957ko maiatzaren 10ean, Espainiako Gobernuaren dekretu baten bidez.

Urtegiaren eraikuntzak, beraz, ondorio tragikoak izan zituen: Mendizabal eta Oreningo herriak erabat desagertu ziren uraren azpian, eta Garaioren eta Zuhatzu Ganboaren morfologiak eta biztanleria nabarmen aldatu ziren. «Pertsona horiek beren sustraiak atzean utzi behar izan zituzten, eta askotan baldintza oso gogorretan hasi behar izan zuten bizitza berria», adierazi du Gonzalezek. Askok Gasteizera emigratu zuten; beste batzuek, urrunago.

Ekitaldian, urtegiaren eraikuntzan hildako langileak ere izan dituzte gogoan. Haren eraikuntza «mugarri» izan zen euskal ingeniaritzan, baina Zadorra ibaia zeharkatzen zuen haranari «nortasuna kendu» zion. «Ez da garapenaren prezioa ahaztu behar. Beste batzuek egin behar izan zuten sakrifizioaren gainean eraiki da gure ongizatea», nabarmendu du ahaldun nagusiak. Hain zuzen, memoria historikoaren garrantzia azpimarratzea izan da ekitaldiaren muina. «Iraganeko mina ez da desagertzen ahaztuz, baizik eta aitortuz eta gogoratuz», esan du Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako ahaldunak.

Ramiro Gonzalez homenaje embalse
Gaur goizean Uribarri Ganboako urtegiaren ondoan egin duten ekitaldia. ARABAKO FORU ALDUNDIA

Omenaldiaren amaieran, Arabako Foru Aldundiko Txistularien Bandak Agur jaunak jo du lore eskaintzaren unean. Ondoren, Ramiro Gonzalezek memoriaren totema desestali du, eta urtegiaren begiratokian geratuko da ikusgai. Plakak gogora ekarriko du etxea, lurra eta bizimodua atzean utzi zituztenen ausardia eta sakrifizioa.

«Sei urte» berandu?

Alderdi guztien balorazioa, baina, ez da positiboa izan. EH Bilduk aldundiari leporatu dio ekitaldiaren antolaketan «gutxienekoa egin eta itxurak atxikitzea». Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak gogora ekarri duenez, Gonzalezen gobernuak «sei urte baino gehiago» behar izan ditu omenaldia egiteko «eta 2019ko urtarrilean aho batez onartutako mozioa betetzeko». Gainera, kritikatu du ez dituela kontuan hartu «ez familiak, ezta Barrundiako, Burgeluko eta Arratzua-Ubarrundiko udalak ere».

2019tik bost informazio panelak kokatu ostean, aldundiak iragarri zuen mozio hori betetzeko ekitaldi instituzional bat bultzatuko zuela udalekin. Ekitaldi horretan artelan bat inauguratuko zuten, eta merezi zuten aitortza emango zitzaien urtegiak urpean utzitako herriei eta garai hartan bertan bizi zirenei. «Presaka eta korrika prestatutako ekitaldia egin dute, eta antolaketan ez dute parte hartu ez udalek, ez familiek. Gainera, uztailaren amaieran egin dute, eta horrek eragotzi egin du eragina jasan zuten pertsonek parte hartzea. EH Bilduk ekimena aurkeztu zuenean ez zuen pentsatu aldundiak hain gogo gutxirekin jorratuko zuenik merezitako omenaldi hau», nabarmendu du Lopez de Arroiabek.

EH Bilduk gogorarazi du ekimenean erakunde arteko lantalde bat sortzea planteatzen zela, garai bateko biztanleei eta haien ondorengoei aitortza egiteko, eta, aldi berean, erreparazioa eskaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.