Urkijok kontratazioetan hizkuntz irizpiderik ez ezartzeko eskatu du

Gipuzkoako Diputazioari 2009ko erabakia bertan behera uzteko eskatu dio PPren gobernuko ordezkariak

Erredakzioa
Donostia
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak eskaera egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari hilabeteko epean administrazio publikoen hizkuntza irizpideak arautzen dituen neurria bertan behera uzteko. Erabaki hori aurreko legealdian hartu zuen Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak, 2009ko urtarrilean.

Zigor Etxeburua Gipuzkoako Euskara zuzendariak Urkijoren erabakia salatu du: «Espainiako Gobernuaren ordezkaria ez da nor euskaldunoi zer egin behar dugun esateko». Etxeburuaren ustez, Urkijok erakunde publikoek normal funtzionatzea oztopatu nahi du, eta euskararen araudiaren garapena eta ezarpena eragozteko «grina» erakusten du.

Diputazioak iragarri du ez duela 2009ko erabakia bertan behera utziko. «Euskaraz bizi garenon aurkako estatuaren inposizioa salatu nahi dugu», gaineratu du Etxeburuak. «Aurreko legealdian diseinatu zen neurria egokia iruditu zitzaigun, eta praktikan jartzen ari gara».

Gipuzkoako Foru Aldundian aurten kontratuen %93tan ezarri dituzte hizkuntza irizpideak; 2011n, kontratuen %61,4tan ezarri ziren.

Etxeburuak dei egin die erakunde publikoei eta eragileei euskararen normalizazioa «zapuztea» helburu duten «erasoak» gaitzesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.