EAJk Urkulluri jakinarazi dio ez dela lehendakarigai izango

Euzkadi Buru Batzarrak Urkullu lehendakariari esan dio ez dela lehendakarigai izango hurrengo hauteskundeetan, 'El Correo'-k zabaldu duenez. BERRIAk baieztatu du Urkulluk ez duela jarraituko.

ESPAÑA VÍCTIMAS TERRORISMO
Iñigo Urkullu, orain berriko ekitaldi batean. L. RICO / EFE
xabier martin
2023ko azaroaren 24a
14:35
Entzun

Iñigo Urkullu ez da izango EAJren lehendakarigaia 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. El Correo egunkariak zabaldu du albistea, eta zenbait iturrik BERRIAri baieztatu diote EAJk erabaki hori harturik duela jada, baina alderdiak ez du ez ukatu ez baieztatu, eta ohar baten bidez jakinarazi du datorren astelehenean batzartuko dela Euzkadi Buru Batzarra (EBB), hautagaitza prozesua jorratzeko.

EBBko presidente Andoni Ortuzarrek atzo bertan ziurtatu zuen alderdiko lehendakarigaia aukeratzea «asteen kontua» izango zela. Zehaztu zuen «dena irekita» zegoela; beraz, Urkullu ez beste hautagai bat izan zitekeela alderdiaren apustua. EBBk, edonola ere, ohar bat kaleratu du prentsan azaldutako informazioari erantzunez. «Euzkadi Buru Batzarrak oraindik ez dio hasiera eman EAJk hurrengo Euskal Hauteskundeetan aurkeztuko dituen hautagaitzak eratzeko prozesuari», dio ohar horrek. «EBBak gai hori jorratuko du datorren astelehenean, azaroaren 27an, egingo duen bileran. Ordura arte, EBBk ez du kazetaritza-informaziorik baloratuko». Alderdiaren «ohiturari jarraituz», prozesu horren hasiera «garaiz» jakinaraziko duela erantsi du.

Halaber, EAJk onartu du Urkullu lehendakarigai ez dela izango esaten duen informazioaren harira, «informazio eskaera asko» jasotzen ari dela, baina gaineratuz hautagaiari buruzko gaia ez dela jorratzen hasi oraindik.

Epeak estutzen

Oraindik ez da ezaguna Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen eguna, baina oso zabaldua da deialdia aurreratuko duela lehendakariak, eta martxoan izan daitezkeela, ekain hasieran egingo diren Europako Parlamenturako bozekin batera egin ez daitezen. Espainiako estatu osorako den deialdi horretatik bereiztea litzateke aurrerapenaren arrazoia, baina, aldi berean, aukera horrek epeak asko estutu dizkie alderdiei, eta EAJk berak ez du argitu oraindik nor izango den lehendakarigai jeltzalea.

Urkullu haren soslai politikoa indartzeko saioan aritu da azken hilabeteotan, eta, ikasturte politikoaren hasieran, irailean, konbentzio konstituzioalaren aukera gizarteratu zuen, estatus berriaren edukiari helduz, gai hori urte askoan bazterrrean izan ondoren. Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean, berriz, EH Bilduko legebiltzarkideei galdetu zien «kezkaturik» ote zeuden Urkullu bera izan ote zitekeelako «lehendakarigaia». Azken hilabeteotan lehendakariaren ibilbideak iradokitzen du Urkullu jarraitzeko prest zegoela, eta, hortaz, EBBren deliberazioa litzateke beste apustu baten alde egitea, aldaketa bat islatzea. Izen batzuk kaleratu dira azken asteotan, baina oinarri handirik gabe.

Iñigo Urkullu (Alonsoteg, Bizkaia, 1961) 2012tik da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Bere lehen agintaldia gutxiengoan gobernatu zuen, soilik EAJk osatutako gobernu bateko buru gisa. Hurrengo bietan (2016-2020 eta 2020-2024), PSE-EErekin batera osatu zuen exekutiboa EAJk. Lehendakari izan aurretik EAJren EBBko presidente izan zen, eta Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidente horren aurretik. Alderdi barruko bi zuzendaritza kargu horietan Andoni Ortuzarrek hartu zion lekukoa.

EBBk inoiz baino tentu handiagoarekin egin behar du lehendakarigaia hautatzeko prozesua. Azken hiru hauteskueetan boto galera handia izan dute jeltzaleek; duela lau urteko Eusko Legebiltzarrerako bozetan hasi zen beheranzko joera hori, 80.000 boto baino gehiagoren apaltzearekin; pandemiaren gordinean izan zen, eta horri egoitzi zion EAJk emaitzen okerra. Aurtengo bi deialdietan, ordea, udal eta foru hauteskundeetan eta Espainiako Gorteetarakoan, milaka botoren galera errepikatu da EAJren emaitzetan, eta joera hori beste batekin batera elkartu da: EH Bilduren hazkundearekin.

Horiek horrela, 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, jeltzaleek eta ezker independentistek nagusitasun politikoa jokatuko dute, eta EBBk balizko ziklo politiko berri bat eten nahiko luke. Horretarako ezinbestekoa da hautagaiarekin asmatzea, eta Urkulluk jarraituko ez balu, horrek esan nahiko luke Sabin Etxean ez dutela argi ikusi hiru legealdi jarraian lehendakari gisa aritu den gizonaren egokitasuna datorren urteko deialdian lehiatzeko.

Bestalde, EH Bilduk ere ez du argitu oraindik nor izango den koalizioaren lehendakarigaia, baina asteon Arnaldo Otegi Koordinatzaile nagusiak jakinarazi du kargu horretan jarraitzeko aurkeztuko duela bere hautagaitza. Otegik aitortu zuen lehendakarigai izateko aukeraren aurrean ere hartua zuela erabaki bat, eta erabaki hori «familiaren» aldagaiarekin zuela lotura, «urte askoan» egoten den «higadurarekin». Datorren astelehenean Mahai Politikoaren batzarra egingo du EH BIlduk, eta Otegik hartutako erabakia jorratuko dute, hura eztabaidatuz eta hautagairi buruzko prozesua abiaraziz. Koalizioa ere estu hartzen ari da epeen aldagaia, eta hark ere luze gabe jakinarazi beharko du zein izango den bere lehendakarigaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.