Urkulluk, Aragonesek eta Simeonik autodeterminazioa arautzeko urratsak eskatu dizkiote Europako Batasunari

Hiru gobernuburuek Self-Determination 'caucus'-ak antolatutako konferentzian parte hartu dute. EBren proiektua defendatu dute, baina gehitu dute erakunde hori ezin dela soilik «estatuen Europa» izan.

irekia
Urkullu, Aragones, Bilbao (moderatzailea) eta Simeoni, gaur arratsaldean, Bruselan. IREKIA
Iosu Alberdi.
2024ko urtarrilaren 31
18:10
Entzun

EB Europako Batasunaren barruan autodeterminazio eskubidea baliatzeko bideari erreparatu diote Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak Bruselan, Self-Determination caucus-ak antolatutako konferentzian. Hirurak bat datoz EB defendatu behar dela proiektu gisa, baina nabarmendu dute estatu logiketatik harago joan beharra dagoela, estaturik gabeko nazioen aitortza eta autodeterminazio eskubidea kontuan hartuta. «EBk bide eman behar dio elkarrizketari. Ezin da esku hartu gabe gelditu argudiatuta estatu kideen auziak direla», adierazi du Urkulluk.

Horiek hala, hiru gobernuburuek bat egin dute Proposal for an EU Regulation (EBko araudi baterako proposamena) dokumentuarekin. EBko estaturik gabeko nazioetan izan daitezkeen autodeterminazio prozesuei erantzuteko araudi zirriborro bat da, eta haren helburua da hala prozesuak nola EBko erakundeek horietan izan beharreko esku hartzea arautzea, lurralde horietako herritarren eskubideak bermatu daitezen. Zehazki, Urkulluk adierazi du testua oinarri ona dela Europan «eztabaida sosegatu» bati ekiteko.

Hitza hartu duenean, Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu du Europako Batasunaren «sinesgarritasuna» indartu behar dela. Azaldu duenez, batasunak gaitasuna izan duen arren azken urteetan «kateatzen ari diren krisiei» erantzuteko —hala nola Next Generation funtsak eta COVID-19ari aurre egiteko txertoen erosketa aipatu ditu—, baditu aurrez aurre beste zenbait arazo: besteak beste, «eskuin muturraren eta populismoaren» gorakadak eragindakoak. «Hauteskunde zikloak modua emango du antzemateko herritarrek zenbateko atxikimendua dioten Europako Batasunari».

Egin beharrekoei erreparatuta, berriz, lehendakariak hiru alderdi izan ditu hizpide: «herritarren ongizatean sakontzea», «lidergo politiko instituzionala finkatzea» eta «nazio adierazpenen pluraltasunari bide ematea». Hain zuzen, Urkulluren iritziz, Europako Batasunak «rol proaktiboa» izan beharko luke estatuek hartutako bide «zentralizatzailea zuzentzeko», kontuan hartuta estatu horien pean dauden lurralde eta nazioak ere.

Urkulluk estaturik gabeko nazioak aitortuko dituen «integrazio prozesu» baten alde ere egin du, «estatus bereziak» eta «subiranotasun konpartituak» sustatuko dituena. Horrek, era berean, «balio demokratikoetan» oinarritu behar duela adierazi du, eta legezko bideak ezarri behar direla herritarrei hitza emateko: «Herritarrei eragiten dieten gaien inguruko kontsultak modu egokian eta berme guztiekin egiteko».

Hala, argitasun araudi bat eskatu du estaturik gabeko nazioek legezko bide bat izan dezaten «estatus politikoaren, subiranotasunaren eta kosubiranotasunaren inguruan erabakitzeko». «Itundua» izan beharko lukeela ere gehitu du.

Bide horretatik, Aragonesek adierazi du «Europako nazioek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearen defentsak» batzen dituela hiru mahaikideak, eta gehitu estaturik gabeko nazioen auziari erantzun dion «proiektu europar» bat defendatzen dutela denek: «Europako familia politiko anitzetako kideak batu gara, ikuspegi ezberdinekin, baina balio eta oinarri demokratiko berekin».

Generalitateko presidenteak nabarmendu du «joko arau bateratu» batzuk eskatzen dituztela, «oinarri politikoa duten gatazkei» erantzun demokratikoak emateko. Izan ere, uste du estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubidearena «Europako esparruak» jorratu beharrekoa dela, EBrentzat ere «erronka bat» delakoan. «Etorkizuna demokrazia gehiagorekin soilik eraikiko da», aldarrikatu du Aragonesek.

Generalitateko presidenteak 2017ko urriaren 1eko erreferenduma defendatu du. Demokrazia eredutzat jo du hura, eta berriz ere herritarrei galdetzearen alde egingo dutela gehitu. Egungo EBn halakorik egitea «ezinezkotzat» jotzen dutenei erreparatuz, bestalde, adierazi du duela hamarkada batzuk ezinezkotzat jotzen zirela batasunak eginiko zenbait urrats; besteak beste, barne mugen kudeaketari eta moneta bakarraren erabilerari dagozkienak.

«Amnistiak ere ezinezkoa zirudien, baina aurrera egingo du, eta onartu egingo da», gehitu du Aragonesek, Espainiako Kongresuan eztabaidagai duten amnistia legea hizpide hartuta —gehiengoak haren kontra bozkatu zuen atzo, eta Justizia Batzordera itzuli da testua—.

Bide «luzeari» ekiteko

Simeonik zuzenean heldu dio Self-Determination caucus-ak eginiko proposamenari, eta adierazi du halako «makineria juridiko» bat behar dela Europako nazioen eskubideak defendatzeko: «Europako Batasunak bere ezagutzak esportatzen ditu demokraziaren lider gisa, baina ahalmenik gabe agertu da bere mugen barruan esku hartzeko orduan». Hala izan da Korsikan, Euskal Herrian eta Katalunian, Simeoniren esanetan.

Hartara, hiru punturi erreparatu die bide horri heltzeko: «Gabezia baten egiaztapena», «gabeziari erantzuten saiatzea» eta erantzuna emateko «tresnak erabiltzea».

Kataluniako adibidea aipatu du gabezia hori azaltzeko: «Erreferendum bat egitea erabaki zuten europar demokratak ikusi ditugu, eta jazarriak eta espetxeratuak izan direla ere bai». Salatu du Europako Batasuneko erakundeek «isiltasun ozenez» erantzun ziotela horri.

Hori kontuan izanik, Simeonik adierazi du autodeterminazio eskubidea arautzeko proposamenak «ekintza politikorako» bideari heltzen diola, «oker demokratiko» bati erantzuteko asmoz: «Modu demokratikoan gainditzeko blokeo egoera». Bidea, baina, «luzea» izango dela uste du Korsikako gobernuburuak, baina egin beharrekoa dela EB ez dadin izan «estatuen Europa», «herrien, estaturik gabeko nazioen Europa baizik».

Gaineratu du bide horrek autodeterminazio eskubidearen inguruko eztabaida ere susta dezakeela. Izan ere, azaldu du Korsikako egoera ez dela Kataluniako edo Euskal Herriko berbera, eta bera ere ez dela independentista. Halere, uste du baliagarria litzatekeela halako tresna bat uharte hark Frantziako estatuaren barruan bestelako estatus autonomiko bat izateko. Finean, argudiatu du premisa bera dela: «Herritarrek libre eta demokratikoki erabakitzea euren etorkizuna».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.