Eusko Jaurlaritza

Urkulluk espero du gobernu akordioa aste honetan ixtea

EAEko jarduneko lehendakariak adierazi du EAJ eta PSE-EE «lau lan alor» ari direla lantzen.

Iñigo Urkullu, gaur, Miramar jauregian (Donostia). JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Igor Susaeta.
2020ko abuztuaren 25a
14:43
Entzun

Datorren asteazkenerako, irailaren 3rako, dago programatuta Eusko Jaurlaritzaren datorren lehendakaria aukeratzeko inbestidura saioa. Hori kontuan hartuta, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaiak espero du jeltzaleen eta PSE-EEren arteko gobernu akordioa aste honetan ixtea. «Oinarri programatikoak lantzen ari gara, akordio bat lortzeko espirituarekin», adierazi du Urkulluk Miramar jauregian (Donostian), urte politikoa inauguratzeko egindako agerraldian.

Jarduneko lehendakariaren esanetan, bi alderdiak «lau lan alor» ari dira lantzen. Ez du zehaztu, ordea, alor horiek zeintzuk diren. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak joan den uztailaren 12an egin zituzten, eta EAJ izan zen boz gehien lortu zituen indarra. Bozak egin eta egun batzuk pasatu ondoren hasi ziren gobernu programa negoziatzen EAJ eta PSE-EE. Azken legegintzaldian ere koalizioan gobernatu zuten.

Jaurlaritzak 11 sailburu izan ditu azkeneko legegintzaldian, eta horietako hiru izan dira PSE-EEkoak. Urkulluri galdetu diote ea erabakita dagoen nortzuek osatuko duten gobernua, nortzuk izango diren sailburuak. Erantzun du ez duela horri buruz «kabalarik» egin nahi. Gauza bera esan du, galdetu diotenean ea mahai gainean ote dagoen Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia lehendakariordea izatea, Jaurlaritzarako figura hori berreskuratuz. Gainera, ez ditu aipatu zeintzuk diren gobernu akordioa ixtea oztopatzen duten «ñabardura konkretuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.