Azkenekoz, 2014ko irailean egin zuen bilera Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako gobernuburuarekin. Gernikako Estatutuaren arabera eskuz aldatzeko falta diren eskumenak, inbertsio ekonomikoak eta bakea eta bizikidetzan konprometitzeko eskaerak helarazi zizkion enegarrenez Iñigo Urkulluk Mariano Rajoyri.Urkulluk abenduaren 31 arteko epea eman zion Rajoyri erantzuteko; erantzunik ezean, Jaurlaritzaren estrategia aldaketa iragarri zuen. 2015aren lehen hiruhilekoa igarota, Urkulluk ez du estrategia horren berririk eman. Egungo Madrilgo gobernuak erantzungo dionik ez du espero, eta 2015a nola joaten ari den ikusita, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak baino lehen ez du bestelako erantzunik espero. Emaitza horien zain egotearen alde egin du orain Urkulluk. Horri buruz mintzatu zen atzo luze eta zabal RNE Espainiako irrati kateko elkarrizketan.
Urkulluk esan duenez, iazko irailetik ez du bilerarik egin Rajoyrekin, eta ez du beste bilerarik aurreikusita. Duela hiru aste, elkar ikusi zuten Gasteizen, Terrorismoaren Biktimen Memoriaren izenean eraiki nahi duten zentroaren protokolozko aurkezpenean. Baina, irratian esan duenez, ikusitakoak ikusita, ez dira berriz bilduko.
Eusko Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetza lantaldean ditu itxaropenak jarrita Urkulluk. «Bizirik baina lokartuta» dago, bere esanetan. Ezker abertzaleari egotzi dio lantaldea blokeatuta egotea. «Eragindako minaz» adierazpen zehatz eta argi bat eskatu dio. Ezker abertzaleak iazko irailean iragarri zuen adierazpenen bat, beste urrats bat bide horretan, baina horrelakorik ez da egon, eta Urkulluk esan du EAJk egin dituela ekarpenak «lurreratze pista errazteko». PSE-EEk uko egin zion lantalde horretan parte hartzeari zoru etikoaren oinarriak ez zirela egokiak iritzita.
Autokritika
Iraganari buruzko irakurketa egiterakoan autokritika eskatu die alderdi guztiei, «baina begi bistakoa da ezker abertzaleak sufrimenduaren sozializazioa justifikatu zuela, eta, horregatik, lehenik hari eskatzen diogu autokritika, bizikidetza politiko normalizatu batera iristea errazteko».
Urkulluk ez du uste bera buru duen Eusko Jaurlaritza biktimekiko urrun egon denik: «Gure gobernua erradikalki etikoa eta guztiz legezkoa da». Uste du ezin zaiola egotzi ez EAJri, ez Jaurlaritzari ETA gaitzetsi ez izana, «nahiz eta Espainiako zenbait sektoretatik kondaira bat asmatu Jaurlaritzari hori leporatzeko».
Etxerat-ekin bildu izanagatik eskatu dizkiote, halaber, kontuak; irratian esplikatu duenez, sakabanaketaren ondorioz euskal presoen senideak eta lagunak zein egoeretan dauden jakin nahi zuen: «Ez dakit non dagoen arazoa. Bizikidetzan oinarritutako gizarte bat eraiki nahi dugu, oinarri guztiz etikoekin, terrorismoa gaitzetsiz, egindako min bidegabearen aitortzarekin, baina baita,ahal den neurrian, gizarteratzea bideratuz ere, eta ildo horretan senideak eragile garrantzitsuak izan daitezke», esan zuen Urkulluk. Lehendakariak Hitzeman eta Zuzenbidean programak jarri zizkion Etxerat-i mahai gainean, baina Etxerat-eko hiru ordezkariek esandakoa ere entzun zuen ordu eta erdiz luzatu zen bilkura hartan. Otsailaren hondarrean egin zen bilera haren amaieran Jaurlaritzak igorritako oharrean esan zuen beste bilkura batzuen hasiera izatea espero zutela, «bizikidetza normalizatuan sakontzeko». Bi ardatz nagusi izan zituen: euskal presoen aurkako sakabanaketa berehala amaitzea eta euskal presoen senideen sufrimendua aitortzeko bidea irekitzea. Baina gero Etxerat-en aurkako polizia operazioa etorri zen, eta bilera hartako tonu abegikorra tenkatu egin zen.
Estatutu berria
Estatutu berri bat behar dela ere adierazi du Urkulluk RNEn, baina horrek nazionalista eta ez-nazionalisten arteko akordioa behar duela berretsi du, bere bide orria azalduz: «Elkarrizketa, negoziazioa, erakundeen arteko akordioa eta gizartearen berrespena».
Urkulluk ez du espero Rajoyk erantzutea, eta zain egotearen alde egin du
Eskumenak eskuz aldatzeko eta bakegintzan urratsak egiteko eskatu zion irailean, azkenekoz.Ez du erantzunik espero bozak baino lehen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu