Urkulluk Madrili eskatu dio jarrera hartzeko Barrionuevok esandakoaz

Jaurlaritza prest agertu da ministro ohiaren hitzen harira ireki daitezkeen auzibideak babesteko.

Iñigo Urkullu, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 08a
18:04
Entzun

Erreakzio soka eragiten jarraitzen du Jose Barrionuevok, Espainiako Gobernuko Barne ministro ohiak, GALen ekintzak justifikatu izanak. Gaur, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu Madrilera zuzendu da: Espainiako Gobernuari, eta hura gobernatu izan duten alderdiei —UCDri, Alianza Popularri, PSOEri eta PPri— nahiz Felipe Gonzalez eta Mariano Rajoy presidente ohiei esan die uste duela komenigarria dela gaiaren inguruko jarrera hartze publiko bat egitea.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman du lehendakariaren jarreraren berri, gobernu kontseilua amaitu ostean egindako prentsaurrekoan. Bertan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak arbuiatu egiten du GALen ekintzez Barrionuevok egindako «justifikazio esplizitua». «Ona litzateke estatuaren botereen aldetik aurrera egitea biktima hauen eta beraien eskubideen errekonozimenduan», erantsi du.

Gainera, arlo judizialean egon daitezkeen ekinbide oro babesteko prest agertu da Zupiria, betiere, helburua «eragindako minaren injustiziaren errekonozimendua eta indarkeria terroristaren ondorioz izandako giza eskubideen urraketen egiaren ezagutza» bada.

Halaber, Urkulluren hitzak ez ezik, Idoia Mendia lehendakariordearenak ere eraman ditu Zupiriak prentsaurrekora. Zupiriaren hitzetan, Mendiak adierazi du PSE-EEk «posizio argia eta irmoa» duela ministro ohiak esandakoaren aurka.

Egia aitortzeko eskea

EH Bilduren bozeramaile Bakartxo Ruizek ere erantzun diete Barrionuevoren esanei. Esan du hitz batzuk «arbuiatzeaz» harago joanda, Barrionuevoren hitzen atzean dagoena dela «benetan larria»; izan ere, uste du adierazten dutela «zein merke» estatuari indarkeria erabiltzea: «Halako hoztasunez aitortzea estatuak berak muntatutako indarkeria izan dela eta erabaki politikoak egon zirela horren atzean... Uste dut horrek aurrera begira ere eskatzen duela bestelako hausnarketarik»
Eta, ildo horretatik, egia aitortzeko eskatu du: «Uste dut estatuak berak momenturen batean aitortu beharko duela egia zein izan den, aitortu beharko duela gertatutakoa eta aitortu beharko duela eragindako mina eta sufrimendua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.