Eusko Legebiltzarrerako bozak

Urkulluk nabarmendu du «autogobernu sendoak» geraraziko duela krisia

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren atarian, alderdiek agerraldiak egin dituzte goizean. Urkulluk esan du Eusko Jaurlaritzaren egungo ereduak balio izan duela «krisirik larrienari» aurre egiteko; Otegik, berriz, salatu du eredu hori «autokratikoa, zaharra eta grisa» dela.

Bakartxo Tejeria, Iñigo Urkullu eta Leixuri Arrizabalaga, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Andoni Imaz.
2020ko ekainaren 13a
16:33
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai eta jarduneko lehendakariak adierazi du koronabirusaren pandemiak eragindako krisiak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «gogor jo» dituen arren, «autogobernu eredu sendoak» lagunduko duela hura gainditzen. «Eredu horrek funtzionatu egin du inoiz jasan dugun krisirik handi eta larrienean», esan du. Urkulluk EAJren Aberri Batzarrean parte hartu du gaur, Bilboko Sabin Etxean, eta uztailaren 12ko hauteskundeen kanpainako leloa aurkeztu du Leixuri Arrizabalaga eta Bakartxo Tejeria Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuekin batera: Euskadi zutik. ¡Saldremos!

Agerraldian, Urkulluk esan du pandemiak «estutasunean» jarri duela gizarte osoa, eta «harrotasun zibikoa» sentitu duela osasun langileen erabakitasunarengatik. Gainera, ertzainen, suhiltzaileen, garbitzaileen eta «funtsezko jarduera guztien» lana goraipatu du, «baita hileta zerbitzuena ere». Nabarmendu du boluntario sareek egin duten lana: «Herri konpromisoa erakutsi dugu. Agerian geratu da Euskadi herri solidarioa dela». Erakundeen lanaz ere aritu da; «autokonplazentziarik gabe», halere: «Geure instituzioek gainditu dute proba: Osakidetzak, Ertzaintzak, Lanbidek, Lanbide Heziketa Dualak, diru sarrerak bermatzeko errentak eta babes sozialak».

Hauteskundeei begira, esan du EAJren asmoa dela langabezia %10etik behera egotea: «Iaz lortu genuen, eta berriro lortuko dugu». Gainera, adierazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «lehen lerroan» egon behar direla trantsizio sozialean, digitalean, teknologikoan eta energetikoan, baita osasun eta ingurumen trantsizioan ere.

Otegi: «Estatua da jendea babesteko egitura»

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak EAJri eta PSE-EEri leporatu die «herrialde duinago bat izateko aukera kentzea». Eusko Jaurlaritzaren gobernantza eredua «XIX. mendekoa» dela salatu du: «autokratikoa, zaharra eta grisa». Horren aurrean, adierazi du EH Bilduk eredu «kooperatibo» baten aldeko apustua egingo duela, egun hark ikusten duen «klientelismorik» gabe. Merezi duzun herria lelopean egin du agerraldia.

Donostiako Tabakalera kultur zentroan egindako agerraldi batean, Otegik esan du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek bi proiekturen artean aukeratu beharko dutela uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan, sektore publikoari, fiskalitateari eta ekonomiari dagokienez. «Bi aukera daude: bizitza merkatuaren esku uztea, EAJk eta besteek proposatzen duten moduan, ala, kontrara, norbanakoen eskubideak bermatzea. Gauzak egin litezke beste modu batean». Esan du parlamentuan «gehiengo berri bat» eratu behar dela «bide berri bat» abiatzeko; «baina jakin egin behar da zertarako».

Otegiren ustean, koronabirusak eragindako egoerak erakutsi du euskal herritarrek «estatu bat behar» dutela, hori baita «jendea babesteko egitura». Euskal Herrian sumatzen duen «nortasun nazionalaren krisiaren erdian», nabarmendu du parlamentu nazional bat behar dela aliantza sozial berriak egiteko. «Euskara tresna izan behar da komunitate nazionalaren kohesiorako; ez da nortasunaren debate bat, aukerena eta esperantzena baizik», adierazi du.

Gorrotxategi: «Herritarrek progresistak ados jartzea nahi dute»

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Ahal Dugu koalizioaren lehendakarigaiak esan du gobernu aurrerakoi bat eratu nahi duela bozen ostean: «Euskadi aurrerakoia da, eta euskal herritarrek adostasun batera hel gaitezen nahi dute», esan du Durangon (Bizkaia) egindako ekitaldi politiko batean.

«Beharrezkoa den aldaketa gauzatu» daitekeela esan du, eta ospatu egin du EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi izana Hondarribiko (Gipuzkoa) Zaldunbordan denda gune handi bat eraikitzeko asmoa. «Plan horren aurka zeuden herritar guztiak, EAJ izan ezik», esan du. Haatik, alderdien jardunari eman dio garrantzia: «Ezin dugu espero justiziak egin dezala alderdi politiko aurrerakoiok egin behar dugun lana, hau da, herritar gehienen interesak babestea», adierazi du.

Iturgaiz: «EAJren kudeaketa oso txarra izan da, kaotikoa»

Carlos Iturgaiz PP eta Ciudadanos alderdien lehendakarigaiak esan du haren koalizioa «euste horma» bat dela nazionalismo «haustailearen» eta «kudeaketa kaotikoaren» aurrean. «Etorkizunerako plan bat behar dugu krisitik ateratzeko. Hau ez da ezkerraren eta eskuinaren arteko kontu bat; gobernatzen dugunean, jendearen arazoak konpontzen ditugu», adierazi du. Bilbon egindako agerraldi batean aurkeztu du kanpainaren leloa: Etorkizunerako plana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.