Eusko Jaurlaritza

Urkulluk nabarmendu du gobernatzen duen gobernu bat behar dela Madrilen

Eusko Jaurlaritzak urte politikoaren hasierako ekitaldia egin du Donostiako Miramar jauregian, eta eskatu du "betorik" ez jartzeko Jaurlaritzako aurrekontuen negoziazioan.

Eusko Jaurlaritzaren lehen gobernu bilerako talde argazkia, gaur, Donostiako Miramar jauregian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2019ko abuztuaren 29a
18:25
Entzun

"Premia handikoa" da Espainian gobernu bat egotea, "legealdia hasi" ahal izateko. Hala nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, urte politikoa hasi aurretik Donostiako Miramar jauregian egin ohi duten agerraldian. Haren hitzetan, beharrezkoa da "gobernatzen duen gobernu bat" egotea Madrilen; besteak beste, Gernikako Estatutuko eskumenak lortu eta estatutua bete ahal izateko, abiadura handiko treneko lanak amaitu ahal izateko, migranteen harrerari buruzko Share plana partekatzeko eta "bizikidetzari dagozkion planteamenduak" lantzeko. Gai horiek aipatu ditu nagusiki gobernu bileraren ondoren egindako hitzaldian.

Jaurlaritzako lehendakariaren hitzetan, "denbora gehiegi" igaro da Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin zirenetik, eta esan du "ahalegin guztiak legealdia hastea ahalbidetuko duen akordio programatiko bat" lortzera bideratu behar liratekeela. "Gobernatzen duen gobernu bat jarri behar da martxan". Goraipatu du bere gobernua "ezarritako helburu guztiak" betetzen ari dela, "bereziki enpleguan lehentasuna" jarrita.

Urkulluk uste du "sendo" dagoela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia, nahiz eta "nazioartean laino ilunak" ageri. Jaurlaritzako aurrekontuak negoziatzeko "atea irekia" duela esan die gainerako indar politikoei, eta eskatu die negoziazioan "betorik gabe" aritzeko, "Legebiltzarretik kanpoko kontuek" ez dezaten hura baldintzatu. Oraingoz, Jaurlaritzak ez du nahikoa babes datorren urterako aurrekontuak onartzeko, baina berretsi du hauteskundeak aurreratzeko asmorik ez duela.

Jauregi atarian, berriz, protesta egin dute Satorralaia taldeak deituta, besteak beste metroko lanengatik. Jaurlaritzak klima larrialdiari buruzko proposamen bat aurkeztu du berriki, eta Satorralaia taldeko kideek salatu dute "propagandazko" jarrera izan duela Jaurlaritzak: "Larrialdi ekologikoa ezin da gelditu errauskailua, abiadura handiko trena eta abar gelditu gabe".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.