Pozarren agertu da Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea, asteazkenean Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarekin lortutako akordioagatik. EAJk eta Espainiako Gobernuak negoziatu eta hitzartutako «bakarra» lan politika aktiboen transferentzia izan dela ziurtatu du; 2009an hasitako bidea amaitu besterik ez dutela egin eta bestelako akordiorik ez dutela egin. Eskumena lortzea euskal gizartearentzat «ona» dela esan, eta «lorpenagatik» harro agertu da.
Akordioa lortuta, hurrengo erronka Espainiako Estatuko aurrekontu orokorretan ezarria du Urkulluk, baina hori hemendik aurrerako lana dela zehaztu du, horren inguruko akordiorik ez dutela oraindik egin eta eskumena lortu izanak ez duela esan nahi Zapateroren gobernuaren aurrekontuak babestu behar dituenik.
Lan politika aktiboen transferentziari buruz lortutako akordioak «aurrekontuei buruz negoziatzen hasteko bidea» ireki duela esan du; ez dagoeneko negoziatzen hasi direla.
Eta aurrekontuak «Euskadirentzat onak» badira onartuko dituela adierazi du EAJko buruak. Ez beste inori mesede egiteko, ez Zapatero Espainiako Gobernuan mantentzeko, ez eta PPri gobernua eskuratzen laguntzeko ere: «EAJ ez da ez Zapateroren salbatzailea, ez Mayor Oreja, Raxoi edo PP Espainiako Gobernurako presidentetzara igotzeko eskailera».
Aurrekontuei buruzko negoziazioei ekitean, mahai gainean hiru gai jartzeko asmoa du Urkulluk, Sabin Etxean egindako agerraldian azaldu duenez: iaz Espainiako Kongresuan proposatutako beste zazpi eskumenen transferentzia, «Euskadirentzat estrategikoak diren proiektu, azpiegitura eta inbertsioen negoziazioa» eta «Euskadiko eta Estatuko instituzioen egonkortasuna». Azken puntu horretan, normalizazio politikoa eta elkarbizitza hartu nahi ditu hizpide.
EAJk autogobernuan sakondu eta elkarbizitza politikoa normalizatzeko ez duela «denborarik galdu nahi» adierazi du Urkulluk. Eta bide horretan euskal gizartearen «gehiengo soziala» errespetatu behar dela ohartarazi du. «EAJren kezka ez da boto gehien lortutako zerrenda errespetatzea, baizik eta edozein gobernutako ardura duen alderdiak euskal gizartearen errealitatea ezagutu eta errespetatu behar duela». Asteazkeneko bileran horri buruzko eta Euskal Herriko egoera politikoari buruzko hausnarketa plazaratu zion Urkulluk Zapaterori, EAJko buruak atzo jakinarazi zuenez. «Baina horri buruz ez dut gehiago esango», ohartarazi zuen.
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburua Eusko Legebiltzarreko korridoreetan mintzatu zen eskumenaren eskualdatzeari buruz. Berri ona dela esan zuen, «euskal herritarrak, Euskadi eta Estatua direlako irabazle». Eusko Jaurlaritza transferentziagatik «pozik» dagoela ere esan zuen, itunak «ez duelako Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra hausten» eta eskumena eskuratuta EAEk «zerrendako azkena» izateari utziko diolako gai horretan.
«PSEren eta PSOEren gobernuen interesak» berberak direla gaineratu zuen, PPk egindako akusazioei erantzunaz; Eusko Jaurlaritza negoziazioen jakitun izan dela «etengabe».
Lopez, baztertuta
PPko ordezkariek gogor gaitzetsi dute EAJ eta Zapateroren arteko akordioa, eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria alboratu izana egotzi diote Zapaterori. «Leialtasunik ez izatea» leporatu dio Espainiako gobernuburuari Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Kongresuko PPren bozeramaileak. Leopoldo Barreda EAEko PPren bozeramaileak, lehendakaria bazterrean uztea. «EAJk Eusko Jaurlaritza negoziaziotik ateratzea lortu du, eta lehendakaria alboratzea».
Transferentzien auziak gobernuen artean negoziatu beharrekoak direla ohartarazi du Barredak. «Baina Zapaterok EAJren jokoa onartu du, Gobernuan jarraitzeko behar dituen babesak nola edo hala lortzearren».
Akordioaren ondorioz Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra haustea ere egotzi diote popularrek Zapaterori, eta «espainiar guztien berdintasun printzipioa haustea». Jose Antonio Alonso Kongresuko PSOEren bozeramaileak, berriz, ukatu egin du Gizarte Segurantzaren kutxa «ukituko» dela eta Euskal Autonomia Erkidegoari inolako «pribilegiorik» emango zaiola.
EUSKO LEGEBILTZARREKO POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA
Urkulluren esanetan, «EAJ ez da Zapateroren salbatzailea»
Lan politika aktiboen transferentzia lortuta, 2011ko Espainiako aurrekontuak negoziatzen hasiko da orain EAJ. Boterean jarraitzearren Lopez alboratu eta EAJrekin aritzea egotzi dio PPk Zapaterori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu