Urkullurentzat, autogobernua eta independentzia lotzea «desfasatuta» dago

Iglesiasek Elkarrekin Podemosen, EH Bilduren eta PSEren arteko akordioa aldarrikatu du, EAJ Eusko Jaurlaritzatik ateratzeko asmoz.

Urkullu, kanpainako ekitaldi batean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko uztailaren 6a
12:45
Entzun

Igandeko bozak gero eta gertuago daude, eta azken txanpari ekitaldi garrantzitsu batzuekin ekin diote hainbat alderdik. Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta kargu horretan jarraitzeko EAJren hautagai Iñigo Urkulluk mezu argia bidali die enpresariei. Karguan segitzen badu, ez dute «beldurrik» izan beharko «independentziarako aldebakarreko bidea» jorratuko ote den. Espainiako presidenteorde Pablo Iglesiasek ere mezu argia bota du Miren Gorrotxategiren hautagaitza babesteko ekitaldian. Beharrezkotzat jo du ezkerreko alderdien akordio batek EAJ gobernutik ateratzea.

Ajebask enpresari gazteen elkarteko kideekin izan da gaur Urkullu, hauteskunde kanpainako azken asteari hasiera ematen. EAJren lehendakarigaiak adierazi du «oso delikatua» dela COVID-19ak eragindako egoera, eta «berriz zutitzea» izan behar duela helburuak. Bide horretan, premiazkotzat jo du langabezia tasa %10etik behera ezartzea eta autogobernuan sakontzea, estatus politiko berri batekin.

Enpresariek eginiko galderen artean, zer lehenesten duen erantzun behar izan du Urkulluk: independentzia edo Espainia barruan autogobernuan sakontzea. Lehendakariak argi adierazi du ez duela babesten independentziarako aldebakarreko bidea, ez baitu «posible» ikusten halakorik egitea. Haren esanetan, autogobernu zabalago baten aldeko bidea da jarraitu beharrekoa, «herritarren ongizate handiago» baterako bide gisa. Gainera, nabarmendu du «desfasatuta» dagoela autogobernua independentziarekin lotzea.

Urkulluk EH Bilduri ere egin dio erreferentzia independentziaren bidea baztertzeko argudio gisa: «Subiranisten artean subiranistena dela dioen alderdi politiko horrek ere, independentzia eta sozialismoa eslogana erabiltzen duenak beste formula batzuk planteatzen ditu Espainiako Estatuarekiko harremanetarako». Lehendakariak uste du halakoek ez dutela zerikusirik Kataluniako aldebakarreko bidearekin. Izan ere, halako hautu batek ekonomiari kalte egingo liokeela uste du lehendakariak.

Gernikako Estatutua osoki betetzea eta berritzea da lortu beharrekoa, haren esanetan. Horretarako, Eusko Legebiltzarrean «ahalik eta akordio zabalena» erdietsi behar dela defendatu du, ondoren Madrilekin ados jartzeko.

Ezkerreko hirukoa asmo

Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesias Miren Gorrotxategiren hautagaitza babesten izan da gaur, Bilbon. Espainiako presidenteordearen esanetan, EAJ boteretik kentzeko garaia heldu da, eta horretarako ezinbestekotzat jo du Elkarrekin Podemosen, EH Bilduren eta PSE-EEren arteko ituna.

Euskal gizartea «normalizatuta» dagoela uste du Iglesiasek, eta normalizazio hori «alderdien arteko akordioetara» eraman behar dela azpimarratu du: «Euskal gizarteak gainditu du salbuespenezko egoera, eta ezkerreko gobernu batek atzean uzteko balioko luke». Jakitun dago EH Bildu eta PSE-EE ados jartzeak duen «zailtasun handiaz», baina adierazi du ez dutela onartuko halakorik lortzea «ezinezkoa» dela esaterik, ezin dituztelako beste lau edo zortzi urte itxaron: «Duela urtebete oso gutxik irudikatzen genuen Alberto Garzon ministro izatea, edo motosduna presidenteorde izatea».

Iglesiasek argi utzi du EAJ gobernutik ateratzeko asmoa. Izan ere, haren ustez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar gehienen «nahiak» aurrerakoiak dira, eta ez dute «bat egiten» EAJk zuzendutako Jaurlaritzarekin: «EH Bilduren eta PSEren aldeko botoa ematen dutenek ez dute EAJk gobernatzeko bozkatzen; bestela, EAJ bozkatuko lukete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.