Planto egin du Urnietako (Gipuzkoa) Txosna Batzordeak: irailaren amaieran ospatzen diren San Migel jaietan ez da txosnarik izango aurten, ezta batzordeak antolatutako jai egitaraurik ere. Urnietako Udalak, iazko irailean, txosnen jarduna arautzeko ordenantza berria onartu zuen, eta, haren bidez, txosnagunearen gaineko kontrola hartu zuen, batzordearen arabera. Uztailaren hasieran agerraldia egin zuten, eta esan aurten ez zela txosnarik izango ordenantza aldatu ezean; mehatxua bete egingo dutela berretsi dute orain.
«Hilabete pasatu da azken bilera irekia egin genuenetik. Orain arte ez badugu informaziorik eman, aurrerapauso aipagarririk egon ez delako izan da», hasi dute gaur argitaratutako oharra. «Prentsaurrekoari esker, udala gurekin harremanetan jartzea lortu genuen, eta negoziatzeko prest zeudela adierazi ziguten. Hortaz, ordenantza aldatzeko gure proposamena aurkeztu genien, puntuz puntu azaldua, eta beraien proposamena bidaltzeko konpromisoa hartu zuten».
«Ordenantza berriari esker udalak txosnagunearen kontrola hartu du, besteak beste, isun ekonomikoak ezartzeko, adierazpen askatasuna mugatzeko eta kokalekua eta gehienezko eragile kopurua erabakitzeko»
URNIETAKO TXOSNA BATZORDEA
Erantzun hori oraindik ez da iritsi, ordea, eta, ondorioz, «aldaketarako bermerik ez dagoela ikusita», aurtengo San Migel jaietan txosnarik ez jartzea erabaki du batzordeak. Dena den, hurrengo urtera begira negoziatzen hasteko prest daudela esan dute.
Uztaileko agerraldian azaldu zutenez, «ordenantza berriari esker udalak txosnagunearen kontrola hartu du, besteak beste, isun ekonomikoak ezartzeko, adierazpen askatasuna mugatzeko eta kokalekua eta gehienezko eragile kopurua erabakitzeko».
Eragile batzuk kanpoan
Txosna batzordeak urte hasieran ekin zion festak antolatzeari, eta, udalarekin harremanetan jartzen saiatu den arren, ez dute lortu orain arte. Araudi berriaren gaineko kontuak, txosnen irekiera eguna eta aurrekontua eztabaidatu nahi zituzten, besteak beste. «Horrez gain, udalak aukeratu du txosna nork jarriko duen eta nork ez, bere irizpideen arabera. Horrela, txosna batzordearen parte diren eragile batzuk kanpoan utzi ditu», gaitzetsi zuten.
Egoera ikusita, azpimarratu zuten txosna batzordea dela txosnagunea kudeatzeko dagoen talde zilegi bakarra. «Batzordea osatzen duten eragileak dira urte osoko lana aurrera eramaten dutenak, eta ez dugu onartuko inork gure jarduna zapuzterik». Batzordea 2023. urtean sortu zuten «herriko askotariko eragileen elkarbizitzaren alde», eta uztaileko agerraldian zabala izan zen txosnen bueltan biltzen diren eragileen ordezkaritza.