Gertakari bat, bi bideo eta bi bertsio. Iazko apirilaren 10ean Kanboko herriko kontseiluko gelan gertatu zena argitu gabe bukatu da Ostia kolektiboko hiru kideen kontrako epaiketa. Orduan prentsan agertu ziren bideoek argi erakusten dute bultzada egon zela, baina epailearen interpretazioaren esku gelditu da auzipetuek hautetsien kontra bortizkeria erabili ote zuten ebaztea. Prokuradoreak errudun jotzeko eta bakoitzarentzat 5.800 euroko isuna ezartzeko eskatu du —horietarik 4.000 euro gibelapenarekin—. Defentsak errugabe izendatzeko eskatu du. Urriaren 14an emanen dute epaia.
Hautsak harrotu zituen iazko udaberrian Marieneko lurren defentsan antolatuak diren eragileek Kanboko herriko etxean egin zuten protestak. Makilekin lurra joz harrabotsa eragin eta etxebizitza proiektuaren kontra oihukatuz, bilkura trabatu zuten bi orenez. Azkenerako, kontseilua etetea erabaki zuen Christian Devez auzapezak. Kanpora bidean zihoala, jendarmeak sartu ziren gelan, bultzada gertatu zen militanteekin, eta auzapeza lurrera erori zen.
Deveze auzapeza eta Jean Noel Magis lehen axuanta parte zibil gisa ezarri dira, biktima gisa jasan duten kaltea aitortu diezaieten; euro sinbolikoa eskatu dute kalte ordain gisa. Kanboko herriko etxeak 10.000 euroko kalte ordaina eskatu du
Gertatutakoak iskanbila politiko handia eragin zuen, eta auzapezaren kontrako «bortizkeria» gaitzetsi zuten eskuineko hautetsi andanak eta Pirinio Atlantikoetako prefetak. Prokuradoreak ikerketa abiatu zuen. Haren ondorioz atxilotu zituzten Ostia kolektiboko hiru kideak iazko urrian, goizaldean. Erakunde publiko bateko bilkura «indarkeria baliatuz» eragoztea eta aztarna biologikoak emateari uko egin izana leporatzen diete.
Deveze auzapeza eta Jean Noel Magis lehen axuanta parte zibil gisa ezarri dira, biktima gisa jasan duten kaltea aitortu diezaieten; euro sinbolikoa eskatu dute kalte ordain gisa. Kanboko herriko etxeak 10.000 euroko kalte ordaina eskatu du, herriko kontseiluko gelak makila kolpeen ondorioz jasandako kaltea estaltzeko. Biak ala biak izan dira auzitegian. Francis Salagoiti Baionako Aviron errugbi taldeko lehendakari ohia ere auzitegian izan da; hura zen Marieneko proiektua egin gogo dute lurren jabea.
«Liskar fisikorik ez»
Epailearen aitzinean banaka mintzatu dira Filipe eta Patxi Laskarai eta Benjamin Charron. Euskaraz aritzeko eskubidea aldarrikatu du Filipe Laskaraik, baina uko egin dio epaileak. Hirurek onartu dute gertakarien egunean protestan parte hartu zutela, baina ukatu egin dute inolako bortizkeriarik erabili izana.
«Ez da borondatezko bortizkeriarik ageri. Alde anitzetako bultzada ageri da»
ALAIN LARREA Defentsako abokatua
Prentsan agertutako irudiak erakutsi ditu orduan epaileak, baina ez dute ezer argitu. Jendarmeen, manifestarien eta hautetsien arteko bultzada erakusten dute, auzipetuak tartean daudela ageri da, baina hortik aurrerakoa interpretazioa da. Devezen eta Magisen abokatuaren iritziz agerikoa da bortizkeria egon zela eta borondatezkoa izan zela; ildo beretik jo du prokuradoreak ere. Argi ikusi dute bilkura eteteko borondatea, eta akusazioak karakterizatuak direla erran dute.
Alain Larrea defentsako abokatuak, haatik, bilkura trabatzearen arau hausteak dituen irizpideak aipatu ditu, zehatz. Bortizkeria eta intentzioa argi identifikatuak izan behar dira, eta kasu honetan ez dira hala, haren hitzetan. Jendarmeen akta eta prentsako irudiak aipatu ditu: «Ez da borondatezko bortizkeriarik ageri. Alde anitzetako bultzada ageri da». Auzapezak berak egun batzuk geroago prentsan egin zituen adierazpenak hartu ditu: «Ez zen liskar fisikorik izan», adierazi zuen. Gisa berekoak dira gau hartan bilkuran ziren beste hautetsi batzuen erranak ere: denek aipatzen dute bultzada gertatu zela, auzipetuak argiki identifikatu gabe, eta espontaneoa izan zela.
Faktura eta arkitektoa
Lurraren andeatzearen ingurukoa izan da beste eztabaidetako bat. Kanboko herriko etxeak 10.000 euroko kalte ordaina eskatzen du, lurraren argazkiak eta berritzeko ordaindu dute faktura oinarri hartuta. Jean Paul Alaman mintzatu da lekuko gisa; oposizioko hautetsia izateaz gain, arkitektoa ere bada, eta hark diseinatu zuen herriko kontseiluko gela duela 25 urte. Haren hitzetan, ez da andeatzerik izan.
Larreak salatu du ez dagoela lurraren egoerari buruzko aditu txostenik, eta, obrak eginak izan direnez, ezin dela kalterik egiaztatu. Epaileen erabakia behartzea leporatu dio akusazioari.
Aztarna biologikoen ingurukoa izan da azken eztabaida. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentziak dio «ezinbestekoa» denean baizik ez direla hartu behar, ezin dela «sistematikoa» izan, eta aztarnen hartze hori denboran mugatua izan behar dela. Frantziako Kasazio Auzitegiak epaileen esku utzia du galdera trenkatzeko erantzukizuna.