Euskal Hirigune Elkargoak ez du erabili Marieneko lurrak lehentasunez erosteko eskubidea. Hala jakinarazi dute larunbat goiz honetan, Kanbon (Lapurdi), lur horien defendatzeko antolatuak diren eragileek. «Epea pasatu da; orain, ikusi beharko dugu nola jokatzen dugun horren harira», adierazi du Maryse Cachenault Lurzaindiko kideak.
Ikusi gehiago
Abuztu bukaeran jakinarazi zuten Marieneko lurren jabeek eta Bouygues etxe agentziak beste salmenta hitzarmen bat izenpetu zutela uztailean. Horrek aukera ematen zion Elkargoari salmenta oztopatzeko. Baina ez du halakorik egin.
Marieneko lurren defentsan ari direnek auzitegietako borroka galdu zuten agorril hasieran, Frantziako Estatu Kontseiluak ontzat eman baitzuen lur horietan eraikitzeko baimena. Orain, bestelako bideak hartu beharko dituzte. Batera agertu dira beste behin, CADE, Lurzaindia, ELB, Nahi Dugun Herria, eta Ostia kolektiboko kideak, Kanbon.
Cachenault kritiko mintzatu da Euskal Elkargoaren jarreraz. «Gure ustez, herritarrek eta hautetsiek eskubidea dute jakiteko zer pasatzen den. Informazioak behar dira argitu». Iazko udazkenean, Jean Rene Etxegarai lehendakaria engaiatu zen gai horren inguruko eztabaida bat antolatzera. Baina azkenerako ez du ezer egin. elkargoaren ondoko batzarra irailaren 27an izanen da, eta ikusteko dago gaiak zer leku hartuko duen.
Ikusi gehiago
Gaur asanblada egin dute Marieneko lurretan, eta maiatzean landatu zutenaren uzta jaso. Iazko ekainean, taktika ezberdinak bateratu eta Marienea gelditu arte mobilizatzera engaiatu ziren eragileak.
Epaiketa asteartean
Ondoko egunetan, auzitegietara iritsiko da beste behin Marieneko lurren afera, hiru militante epaituko baitituzte Baionako Auzitegian. Leporatzen diete iazko apirilean Christian Deveze Kanboko auzapezari eraso egin izana. Protesta egin eta herriko kontseiluko bilera oztopatu zuten, eta, jendarmeekin izandako bultzadaren harira, Devezek irrist egin zuen. Marieneko lurren defendatzen ari diren bost eragileek elkarretaratzera deitu dute 13:00etarako, auzipetuei babesa adieraztea xede.