Frederic Haranburu Xistor euskal preso politikoak 30 urte bete ditu kartzelan, nahiz eta 2008tik baldintzapeko askatasuna galdegin ahal izan. Azken galdea joan den uztailean tratatu zuen Parisko Auzitegiak, eta euskal presoa askatzearen alde egin zuen, baina Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzak erabakiari helegitea ezarri zion berehala. Alta, Defentsak bezala, Lannemezango (Okzitania) kartzelako zuzendariak aldeko iritzia azaldu zuen —han dago preso Haranburu—. Gaur aztertu dute helegitea, eta datorren hilabetean emango da erantzuna.
Maritxu Paulus Basurko Haranbururen abokatuaren arabera, "prokuradorearen jarrera ez da batere aldatu, eta Xistorrek borroka armatua berriz hartzeko arriskua duela argumentatzen segitzen du". Paulus Basurkok, ordea, oroitarazi du "baldintzapean aske uzteko berme guztiak dauzkala". Urriaren 8ko erabakia "itxaron" behar dela adierazi du, eta ez du aurreikuspenik egin.