Greba guztietan gertatu ohi den bezala, Nafarroako sare publikoko irakasle askori ez zieten pagatu iazko urriaren 15agatik zegokien soldataren zatia. Egun hartan, Palestinako genozidioa salatzeko mobilizazio sorta antolatu zuen Euskal Herriko gehiengo sindikalak, eta, aldarrikapen horrekin bat eginez, Irakasleok Palestinarekin elkarteak Nafarroako Gobernuari eskatu zion ordaindu gabeko diru kopuru hori erabil zezala Gazako ikastetxeak berreraikitzeko. Eskaera egin zutenetik sei hilabetera heldu da erantzuna: ezezkoa eman die Hezkuntza Departamentuak.
«Eskaera hartan, irakasleok Nafarroako Gobernuari eskatu genion zenbateko hori UNRWAri eman ziezaiola, azken bi urte eta erdian Israelek suntsitutako eskolak berreraiki ditzan», esplikatu du elkarteak ohar batean. Ezezkoa emanda, ordea, Nafarroako Gobernuak «irakasleei entzuteko aukera paregabea galdu» duela uste dute Irakasleak Palestinarekin taldekoek: «Bazuen eskaera xume honi erantzun egokia ematea eta gizartearen aurrean urrats eredugarria egitea. Hori guztia egin beharrean, ordea, orain artekoari eutsi dio, Israelekin harremanak eteteko pausorik eman gabe».
Google eta HP erabiltzeari utzi
Bestalde, elkarteak oharrean azaldu duenez, Nafarroako hezkuntza sistema «Google, HP eta gisako enpresen mende» dago: «Enpresa horiek ari dira Palestinako genozidioa bultzatzen eta izugarrizko etekinak ateratzen. NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari bereziak, Francesca Albanesek, joan den ekainean plazaratu zuen azken txostenean salatu zuen enpresa transakzional horiek genozidioaren konplizeak direla, Israel hornitzen dutelako hardware eta software sistemekin, hark okupazioa eta genozidioa bururaino eraman ditzan».
Irakasleek gaineratu dute Googlek «informazioa, programak eta mota guztietako teknologia» ematen dizkiola Israeli, eta hein batean baliabide horiei esker urratzen dituela giza eskubideak. Horregatik, Nafarroako Gobernuari exijitu diote «harreman oro eten dezala» enpresa horiekin, eta «giza eskubideak errespetatzen dituzten alternatibak» eskain diezazkiela Nafarroako irakasleei eta ikasleei. «Enpresa horiek kolokan jartzen dute guztion segurtasun pertsonala eta burujabetza, eta guztion datuak pilatzen eta erabiltzen baitituzte, inolako bermerik gabe».