Urruñako (Lapurdi) herriko etxearen hitzetan, «faltsuak» dira ikastolak egindako salaketak. Baieztatu dute ez dituztela diru laguntzak osoki finkatu, eta beraz ez dela apaltzerik. «Herriko kontseiluak ez ditu behin betiko dirulaguntzak onartu: 250.000 euroko poltsatik 228.000 euro banatu dira, eta zenbait dosierrek, hala nola Seaskarenak, justifikazio zehatzagoak behar dituzte, galdegin diru zama dela-eta».
Ikusi gehiago
Herriko etxeak zabaldu duen oharrean erran dute «euskararen irakaskuntzan diharduten federazio guziei» diru laguntza «bera» ezarri dietela. Zaku berean sartu dituzte Seaska, Euskal Haziak, Uda Leku eta Ikas Bi, bakoitzaren funtzioa eta jarduera oso desberdinak izanik ere. Izan ere, Euskal Haziak eta Ikas Bi guraso elkarteak baizik ez dira; aldiz, Seaskak ikastetxea, irakasleak eta langileak kudeatzen ditu. Uda Lekuk, berriz, euskaraz diharduten aisialdi zentroak eta egonaldiak antolatzen ditu. Baina Urruñako auzapezaren eta gehiengoko hautetsien iritziz, banaketa berri horrek «bukaera ematen dio urte luzez hezkuntza publikoak pairatu duen gaitzespenari», eta ikasle guztiak «berdin» tratatuko dituztela «zin egin» dute. «Hitzartutakoa betetzen ari gara».
Agirian diotenaz, Seaskak orain arte jasotzen zuena 2011n gauzatutako obra batzuei zegokien, eta beraz «herriak ez zuen ordaintzekorik». Haien hitzetan, «ez du euskararen irakaskuntzarekin zerikusirik». Hautetsien sariaren emendatzea ere «gezurtzat» daukate: «ordainsarien kalkulua aitzineko gehiengoak aplikatu zuen bera da».
Ikastolak egindako komunikazioa gaitzetsi dute hautetsiek. «Euskaltzaleak gara, ez abertzaleak; zaila egiten zaigu ulertzea zatiketa eta estigmatizazioa bilatzen duen militantzia hori, beste ahotsik entzun nahi ez duena eta hezkuntza zein zerbitzu publikoak horrenbeste mespretxatzen dituena. Denen ulermena eta errespetua espero dugu».