Euskalgintzako eragileek diru gutxiago jasoko dute Urruñako (Lapurdi) Herriko Etxearen eskutik. Hala erabaki zuten atzo arratsean eginiko herriko kontseiluan. Orotara, 26.000 euro gutxiago banatuko dituzte elkarteentzat, eta Seaska da kaltetuena: 22.000 eurotik 2.500 eurora apalduko baita Urruñak emanen dien laguntza. Ipar Euskal Herriko ikastolen Elkarteak bilkura eskatua dio Sebastien Etxebarne auzapez hautatu berriari. Urruñako ikastolak agiri batean salatu du herriko bozetako kanpainan hartu zituen engaiamenduen kontra doala astelehen gaueko erabakia.
Beste anitzek bezala, Etxebarne hautagaiak euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko mezuak zabaldu zituen martxoko bozak egin aitzin; euskalgintzako eragileei emandako diru laguntzak apaltzea izan da Etxebarne auzapezak hartu dituen lehen erabakietako bat: Seaskari kendutakoez gain, Uda Lekuk, Euskal Konfederazioak, AEK-k eta Haziak elkarteak izanen dituzte murrizketak. «Sustatu, baloratu eta indartu behar zen arlo batean 20.000 eurotik gorako murrizketak erabakitzen direlarik, argi da hartutako engaiamenduak eta hautetsi izatera eraman gaituzten arrazoiak ez direla errespetatuak. Badirudi hitz polit horiek bete gabeko promesak bilakatzen ari direla jadaneko. Zer-nolako seinalea, heldu diren sei urteetarako», adierazi dute ikastolako ordezkariek.
Etxebarneren taldeak argudiatu du herriko etxearen finantza egoerak behartu duela gisa horretako erabakia hartzera. Hori zalantzan jarri dute ikastolako ordezkariek. Izan ere, aitzineko herriko kontseiluan hautetsien sariak emendatzea erabaki zuten hautetsiek: «50.000 euro gehiago urtero; elkarteei kenduko dietenaren bikoitza». Horrez gain, lurren zerga ere emendatuko dute, %8. «Zer sinesgarritasun eman dakioke auzapezak eta bere taldeak duten 'arduraren' diskurtsoari, ez badira eredugarri eta ez badiote beren buruari zorroztasun eta murrizketa bera ezartzen?», galdetu dute. Hitzen eta ekintzen arteko aldea salatu dute: «Gure haserrea emendatzen du».
Etxebarnek oraingoz ez du gaiari buruzko adierazpenik egin.