Emakume batek bikotekide ohiaren aurkako salaketa jarri du Ertzaintzaren aurrean, heriotza mehatxuak jaso dituela eta. Epaileak urruntze agindua eman du 50 urteko gizonaren aurka. Salaketaren arabera, bikotekideari jazarri zaio gizon hori azken asteetan, irainka, besteak beste.Â
Ertzaintzak azaldu du Herri Norteko kidea dela bikotekide ohiaren aurka ustez jazarpena egin duen gizona. 2005ean haren aurkako beste salaketa bat egon zen eraso matxista batengatik. Poliziak dio futbolarekin lotutako istiluetan ere parte hartu duela, eta, bidez batez, salaketan Herri Norteri egotzi dio «talde antolatua» izatea eta «pertsonen eta higiezinen aurkako ekintza biolentoak» egitea.
Horiek horrela, gizon horren aurkako urruntze agindua eman du Bilboko epaile batek, 500 metrokoa; gainera, ezingo da harremanetan jarri salaketa jarri duen emakumearekin. Aste batzuk barru da egitekoa auzi horren epaiketa, eta ordura arte indarrean egongo dira neurri horiek.
Urtarrileko salaketa
Auzi hau ez da Herri Norte eraso matxistekin lotzen duen lehena. Aurtengo urtarrilean, talde horretako kideek «egindako sexu erasoak» salatu zituzten hainbat emakumek, ohar baten bidez. Realeko eta Alaveseko Bultzada eta Iraultza taldeko kideek ere ustez egindako zenbait erasoren berri eman zuten, gainera.
Ohar horren ondotik, Herri Nortek jakinarazi zuen duela urte batzuk hainbat kide kaleratu zituztela indarkeria matxistagatik, eta ez zutela azkenaldian plazaratu diren eraso batzuen berri. Taldeak ohar batean adierazi zuen ez dutela ez ikusiarena egingo eta ez dutela «estaliko» indarkeria matxistako kasurik.

