Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaren ondoren adierazpen bat sinatu dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean, Sareren ekimenez. Hiru eskaera bildu dituzte dokumentuan: urruntze politika amaitzea eta presoak Euskal Herrira ekartzea; gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea; eta graduen progresioa aplikatzea, gainerako presoei bezala.
Gogora ekarri dute Gonzalez Sola «urruntze politikaren biktima» izan dela, nahiz eta azken hilabeteak Martuteneko espetxean egin dituen, Gipuzkoan: aurretik, Badajozko, Valdemoroko eta Soriako kartzeletan eduki zuten. Gainera, nabarmendu dute tratamenduan zegoela, osasun arazoengatik. «Horrek ustez heriotza ekarri dio».
Adierazpenean gogora ekarri dute euskal presoen egoera aldatzeko eskaerak egin dituztela orain baino lehen hainbat erakundek, eta adostasun zabala lortu dutela.