Memoriaren Eguneko lehen ekitaldi instituzionala Eusko Legebiltzarraren sarreran egin dute. Han, Eusko Legebiltzarreko alderdietako ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako kideak elkartu dira, indarkeriaren biktimei lore eskaintza egiteko. Handik metro gutxira, berriz, euskal presoen senide eta lagunak zeuden, Salbuespen politikak hildako biktimak gogoan. Aitortza eta memoria zioen pankartaren atzean. Eta haiek ere egin dute lore eskaintza, baina urruntzearen biktimen omenez. Hain zuzen, Etxerat-ek salatu du urruntze politikaren biktimek ez dutela aitortza ofizialik jaso, eta horretarako beharrezko urratsak egiteko eskatu diete erakundeei eta alderdiei.
Espainiak eta Frantziak euskal presoei ezarritako urruntze politikaren ondorioz, hamasei lagun hil dira espetxeetara egindako joan-etorrietan. Horiek oroitu nahi izan ditu gaur Etxerat-ek, eta elkartearekin bat egin dute EH Bilduko zenbait ordezkarik ere. Baina oroitu ez ezik, biktima horiek aitortza ofizial bat jaso dezaten ere nahi dute, eta horretarako neurriak eskatu dizkiete ordezkari instituzionalei. «Egungo biktimen legeak nahikoa oinarri juridikorik ez duelako aitzakiapean, biktima horien mina eta sufrimendua luzatu besterik ez da egiten», adierazi dute.
Horiek hizpide izan zituen Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordeak bere azken txostenean. Trafiko istripuetan hildako hamabi lagunen kasuak aztertu zituzten aurreko urteko politikoan, eta ebatzi zuten, 12/2016 legea kontuan izanda, ez dutela horiek aitortzeko eskumenik, «ezin zaizkiolako egotzi estatuaren eragile jakin bati». Era berean, baina, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian legea aldatzeko gomendatu zuten batzordeko kideek, besteak beste, aitortzen esparrua zabaldu ahal izateko. Hori egiteko «borondatea» exijitu du Etxerat-ek ere, «memoria osoaren eta bizikidetzaren eraikuntzaren logikan» urratsak egiteko.
Pauso gehiago ere nahi ditu euskal presoen senide eta lagunak biltzen dituen elkarteak, eta zuzenean erreparatu die espetxe politika «sufrimendua eragiteko» baliatu zuten horiei. Haien esanetan, «behin betiko konponbidea» eskuratu nahi bada, beharrezkoa da horiek eragin duten mina ere aitortzea.
Egungo espetxe ereduari erreparatuz, berriz, presoen etxeratzeko bidean sakontzen segitzeko eskatu du elkarteak. Euren datuen arabera, egun EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 106 preso daude. Frantzian espetxeratuta dauden biak salbu, denak Hego Euskal Herrian ari dira zigorrak betetzen: horietatik 82 espetxean, bigarren edo hirugarren graduan, eta beste 22 etxean, kontrol telematikoarekin.