euskal presoak

Urruntzearen aurkako aldarria hondartzetara eramango du Etxerat elkarteak

Euskal presoen senideen Etxerat elkarteak abuztuaren 4an eta 10ean egingo ditu elkarretaratzeak, Euskal Herriko zenbait hondartzatan. Abuztuaren 1ean, berriz, Azpeitiko Loiolan bilduko dira.

Etxerat elkarteko kideak, gaur, Donostian. JON URBE, FOKU
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 26a
17:48
Entzun

Euskal Herriko hondartzak aldarrikapenerako gune bilakatuko dira beste urte batez. Hala iragarri duEtxerateuskalpreso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak. Urtero bezala, elkarretaratzeak antolatu dituzte zenbait hondartzatan. Abuztuaren 4an eta 10ean izango dira. Era berean, abuztuaren 1a ere egun garrantzitsua izango da "salbuespenezko espetxe politikaren" aurkako mugimenduarentzat; izan ere, Azpeitiko (Gipuzkoa) Loiolan agerraldia egingo du elkarteak, 10:30ean. Helburuak, berriz, jendaurrean espetxe politikaren amaiera galdegitea eta Iñigo Urkullu lehendakariari horri buruzko dokumentu bat ematea dira.

Gaur goizez egin dute aurkezpena, Donostian. Patricia Velez eta Urtzi Errazkin bozeramaileek hartu dute hitza. Komunikatu bat irakurri dute, elkarretaratzeen berri eman eta haietan parte hartzeko dei eginez. "Euskal preso eta erbesteratuak etxean eta bizirik nahi eta behar ditugulako" antolatu dute aurten ere ekinaldia, ehunka kilometrora dauden presoez gain, "ehunka familiek eta milaka pertsonek pairatzen duten salbuespenezko espetxe politikaren aurka".

"Euskal gizartearen gehiengoak konponbidea eta bakea eskatzen dituzte", adierazi dute. Horregatik, beharrezkotzat jo dute elkarbizitzaren aldeko urratsak egitea, senideek eta lagunek jasaten duten sufrimendua eta mina amaitzeko. Euren hitzetan, sakabanaketaren eta urruntzearen ondorioak sufritzen jarraitzea oso larria da, "jasanezina". Hain justu, horren harira azaleratu dituzte orain arteko istripuen datuak: sei istripu eta hamahiru senide kaltetu urtea hasi zenetik. Halaber, gogorarazi dute 344 auto istripu izan direla joaneko edo itzuliko bidaian sakabanaketa hasiz geroztiko 30 urte hauetan: hamasei pertsona hil dira, eta, 395 euskal presoren 937 senide edo gertuko kaltetu edo zauritu gertatu izan dira.

Bestalde, larriki gaixo dauden presoen egoera ere jarri dute mahai gainean prentsaurrekoan. Adierazi dutenez, baldintzapean aske utzi dute Jose Angel Otxoa de Eribe uda honetan, gaixotasun larriaren aurkako tratamendua jasotzeko, baina, oraindik ere, gaixo dauden hogei preso politikok espetxean jarraitzen dutela gaitzetsi dute. "Euren ingurura itzuli behar dute, baldintza mediko eta sanitario egokiak izan ditzaten", gaineratu dute.

Dispertsioa stop lelopean egingo dituzte elkarretaratzeak, Gipuzkoan, Bizkaian eta Lapurdin. Gipuzkoan abuztuaren 4an egingo dituzte guztiak: Deban, Zarautzen, Orion eta Donostian, 12:00etan; Mutrikun, 12:30ean. Bizkaian ere egun horretan egingo dituzte gehienak: La Arenan, Laidan, Lagan, Lekeition eta Ondarroan, 12:00etan; Bakion, 12:30ean; Laidatxun eta Ean, 13:00etan. Plentzian, berriz, abuztuaren 10ean egingo dute, 12:00etan. Lapurdin, abuztuaren 4an egingo dute: Hendaian, 12:00etan.

Elkartasuna 11/13 sumarioko auzipetuei

Aldarrikapenak ez ezik, elkartasun mezuak ere izan dira prentsaurrekoan. Irailaren 16an hasiko den 11/13 auziko epaiketa oroitu dute, eta 47 auzipetuei "elkartasuna eta baldintzarik gabeko babesa" helarazi diete. Horien artean, presoen bi familiarteko daudela nabarmendu dute antolatzaileek, euren esanetan, Etxerat-eko bozeramaileak izateagatik auzipetu dituztenak: "Euskal Herrian eta hemendik kanpo eragile politikoekin, sindikal eta sozialekin; instituzioekin –haien artean Eusko Jaurlaritza–, giza eskubideen aldeko erakundeekin eta komunikabideekin izandako bileretan Etxerat elkarteko bozeramaile izateagatik epaituak izango dira bi senide hauek, eginkizun hauek beti jakinarazi eta publikoak izan diren arren".

Elkarteak duen konpromisoa berretsi dute, "lan egiten jarraitzeko eta lan hori egitea gure eskubidea dela defendatzeko". Gainera, lan hori egitearen helburuak bakea eta elkarbizitza lortzea direla nabarmendu dute, eta azpimarratu egiten duten ekarpen oro horiek lortzeko asmoz egiten dituztela, "konponbideari eta etorkizunari begira".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.