Euskal presoak

Urrutikoetxearen aurkako euroaginduen ebazpena abenduaren 18an emango dute

Josu Urrutikoetxearen kontrako bi estradizio eskaerenak urtarrilaren 8an emango dituzte. Euskal presoaren defentsak eskaeretan akatsak daudela azpimarratu du, eta bertan behera uzteko eskatu.

Parisko Dei Auzitegia. FERNANDO PEREZ, EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko azaroaren 13a
18:39
Entzun

Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio aretoan gaur arratsaldean hasi dira aztertzen Josu Urrutikoetxea euskal presoaren aurka Espainiako Estatuak egindako eskaerak. Horietako bi euroaginduak dira: gizateriaren aurkako krimenak —Madrilgo Barajasko bi hilketak, 2006— eta herriko tabernen auzia. Estradizioak, berriz, hauek: Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako zuzendaritzako kidearen hilketa (1980), eta Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuarteleko erasoko 11 hilketak (1987). Lehenik, euroaginduak aztertu dituzte auzitegian, eta, ostean, estradizio eskaerak. Urrutikoetxearen defentsak eskatu du bi euroaginduak bertan behera uzteko. Bi kasuetan informazio gehigarria eskatuko duela adierazi du auzitegiak; abenduaren 18an emango du ebazpenaren berri.

Urrutikoetxearen aurkako euroaginduez ari zela, Laure Heinich defentsako abokatuak «duela 40 urteko» kontuez aritzea kritikatu du, eta Espainiak eginiko euroaginduen akatsak azpimarratu ditu. Besteak beste, ezeztatu egin du Urrutikoetxea aparatu politikoaren buru izatea. «Informazioa modu okerrean aurkeztu dizute; galdegin beharko zenuke zergatik», adierazi dio Heinichek epaileari. Michelin aferaz azaldu du «denek» dakitela ETApm-ren ekintza izan zela hura: «Wikipedian ere hala ageri da». Era horretan, Espainiak epailea engainatu nahi izana salatu du, eta «konspiraziotzat» jo du eskaera.

Laurent Pasquet-Marinacce, defentsako beste abokatuak gehitu du Urrutikoetxeak eman ziola ahotsa ETAren disoluzioari, eta, ondorioz, Espainiarentzat «sari» bat dela haren atxiloketa. Efe berri agentziak argitaratutako mezua ere irakurri du Pasquet-Marinaccek: «Guardia Zibilak Urrutikoetxea atxilotu du haren ibilbideagatik, ikono bat izateagatik, eta ETAren su-etenean izandako garrantziagatik». Abokatuaren esanetan, Urrutikoetxea «helburu bat zen», su-etenean jokatu zuen «rol politikoa» dela eta. Espainiari informazio gehigarria eskatzeko orduan «zorrotzago» izateko ere eskatu dio epaileari Pasquet-Marinaccek, eta azpimarratu du nahikoa froga dagoela prozedura baliogabetzeko.

Euroaginduetako delituen kalifikazioez ere aritu da Pasquet-Marinacce. «Ezinezkoa da harritua ez egotea, gizateriaren kontrako krimenaren kalifikazioagatik. Elementu bakarrean oinarritzen da, atentatu batean; atentatu terrorista batean. Zerk zilegitzen du halako kalifikazio bat?», bota dio epaileari. Era horretan, salatu du «desegokitasun handia» dagoela Urrutikoetxeari leporatzen dizkioten ekintzen eta euroaginduen oinarri diren delituen kalifikazioen artean.

Kontuan izan behar da euroagindu bat eskatzeko pertsona horren aurkako prozedura bat irekita egon behar dela eskaera egiten den herrialdean. Beraz, Espainian Urrutikoetxearen kontrako prozedura bat irekia legoke, baina ez dago horri buruzko informaziorik. Abokatuek gehitu dute ez dakitela nork ireki duen prozedura.

Estradizio eskaerei dagokionez, prokuradoreak adierazi du delituak preskribatuta ote dauden aztertu beharra dagoela, baina eskura dituen informazioek ez dutela halakorik adierazten. Gehitu du Espainiak bidalitako informazioak izan behar duela oinarria, eta ez Frantziako Estatuarenak. Pasquet-Marinaccek Urrutikoetxearen ibilbidea errepasatu du auzitegian, eta adierazi Espainiak ez zuela euskal presoa delitu horiengatik epaitu haren esku egon zenean: «Horrek gaurko eskaerei buruzko galderak egitera bultzatu behar gintuzke, eta, bereziki, haien izaera politikoari buruzkoak».

Luis Herguetaren hilketaren kasuan, defentsako abokatuak adierazi du hilketa hura ETApm-k bere gain hartu zuela, eta Urrutikoetxea ez dela sekula erakunde horretako kide izan: «Frantziarrek ETAren historiaz duten ezjakintasuna baliatzen dute espainiarrek halako aurkezpena egiteko». Horregatik, Pasquet-Marinaccek gehitu du ez dagoela «elementu bakar bat ere» Urrutikoetxea atentatu horrekin lotzeko.

Espainiako Gobernuak estradizioa eskatu du, 1980ko eta 1987ko kasuak euroagindua indarrean jarri aurrekoak direlako (1993 baino lehenagokoak); euroaginduak, teknikoki dagokion bezala, Auzitegi Nazionalak galdegin ditu. Baina nolako funtsa dute eskaera horiek? Ikerketa bat egin du BERRIAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.