Hartu du erabakia epaileak. Josu Urrutikoetxea ez dago osasunez modu egokian Parisera joan eta epaiketa batean parte hartzeko. Parisko Dei Auzitegian epaitzekoak ziren atzo, gaur, bihar eta urriaren 15ean, 2002tik 2005era ETAko kide izan zelakoan, hau da, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Auzi saioa apirilaren 9 eta 10era atzeratzea erabaki dute azkenean.
Urrutikoetxea ez zen agertu atzo goizean epaitegian zuen zitara. Osasun arrazoiak argudiatuta, haren kontrako epaiketa atzeratzeko eskatu zuten defentsako abokatuek auzi saioan. Terrorismoaren kontrako fiskaltzak kontrako iritzia eman zuen. Mediku baten bisita jaso zuen atzo Urrutikoetxeak, eta hark osatutako txostenaren arabera hartu du erabakia epaimahaiak.
2021eko irailean iragatekoa zen berez auzi saioa, baina prozedura akatsengatik gibelatu behar izan zuten; berriz instrukziora bidali zuen sumarioa epaileak. Iazko urrian iragarri zuten azkenean auzia noiz izango zen.
Elkarrizketa saioak oinarrian
2004tik 2006ra ETA erakundearen eta Espainiako Gobernuaren artean izan ziren elkarrizketa saiakerekin lotua da Urrutikoetxearen kontrako auzia. 2010ean epaitu zuten lehen aldiz Parisko Zigor Auzitegian, hura bertan egon gabe. Fiskaltzak adierazi zuen Urrutikoetxeak «posizio hierarkikoa» zuela ETAn, eta hura izan zela erakundearen «arduradun politikoa» Frantziako Poliziak Mikel Albisu 2004an atxilotu zuenez geroztik. Bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina fiskalak helegitea aurkeztu zuen, eta, urte berean, kondena zazpi urtera luzatu zuen Parisko Dei Auzitegiak.
Bederatzi urte berantago, 2019an, atxilotu zutenean, bere kontrako epaiketak berriz egitea galdegin zuen Urrutikoetxeak, eta prozedura akatsetan katramilatuak egon dira aferak geroztik. Gaur egun, baldintzapean libre dago Urrutikoetxea, eta Euskal Herrian bizi da; 75 urte ditu.
Beste auziak
Beste prozedura bat ere izan da Urrutikoetxearen kontra, hura ere elkarrizketa saiakera batekin lotua baina 2011 eta 2013 bitartekoa. 2021eko ekainean iragan zen epaia, eta urte bereko irailean errugabetzat jo zuen Parisko Zigor Auzitegiak. Epaimahaiak ebatzi zuen ez zegoela nahikoa elementu frogatzeko ETA zeneko kide historikoa 2011-2013 aldian erakundeko kide izan zela. Halaber, hiru magistratuek adierazi zuten negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarteko kide izatearekin.
Frantziako Estatuan haren kontra irekitako prozedurez gain, Espainiaratzeko hainbat agindu ere baditu Urrutikoetxeak, horietako bi oraindik indarrean. Frantzian bere aurka diren prozedura judizialak bukatutakoan, autoritateek bidea libre izanen dute Espainiara bidaltzeko.