Eguzki eklipsea historikoa izan da Euskal Herrian. Adjektiboa egokia da oraingoan —beste askotan ez—, fenomenoa etxean bertan oso gutxitan gertatzen delako, ikusmin handia sortu duelako, eragin laburra baina handia izan duelako...
Biharamunean, zeruan gertatutakoa eta ikusitakoa da albiste, eta hori bada zerbait. Lurrean, artalde jokabidearen ondorio larririk ez: auto ilararen bat etxera bueltan, bisita batzuk ospitaleetako oftalmologia zerbitzuetara eta gorabehera gutxi gehiago. Herritarrek zentzuz jokatu dute.
Gertaera historikoa izan da, eta herritarren jokabidea, salbuespenezkoa, gaur egungo gizarte hiperteknologizatuan: milaka herritarrek aldi berean zerura begiratu dute naturako fenomeno ikusgarri bat ikusteko eta hartaz gozatzeko. Natura ezagutzeari, ulertzeari eta, besterik gabe, behatzeari bizkarra eman dion gizarte batean, bada zerbait. Argazkiak eta bideoak ateratzeari uko egitea eta momentua bizitzea, sentitzea eta partekatzea ere bai.
Horretan eragina izan dute eguzki eklipsearen ikusgarritasunak eta bakantasunak. Baita astrofisikariek eta zientzia dibulgatzaileek egindako lanak ere. Eguzki eklipsean zer gertatu behar zuen aurreratu dute, eta zehaztasunik txikiena ere erakutsi dute, eguzki eklipsea ezagun eta herritarrak ia astronomo bihurtzeraino. Bai, baina, azalpen zientifikoak emateaz gain, garbi utzi dute halako fenomeno bat batez ere bizi egin behar dela.
Milaka herritarrek aldi berean zerura begiratu dute naturako fenomeno ikusgarri bat ikusteko eta hartaz gozatzeko. Natura ezagutzeari, ulertzeari eta, besterik gabe, behatzeari bizkarra eman dion gizarte batean, bada zerbait
Herenegun zerura begiratu eta gero, ordea, buruak makurtu egin dira berriro, eguneko bizitzara eta pantailetara. Eguzki eklipse osoa minutu edo bi minutu eskasekoa izan da. Espazio eklipsea, salbuespenak salbuespen, ordea, luzea da, eta urte osoa irauten du. Noiz izango da herritarrek zerura begiratuko duten hurrengo aldia, ez eguraldiari tankera hartzeko, espazioa behatzeko baizik? Zeruak, espazioak, ikusezin eta ezezagun izaten jarraituko du herritar gehienentzat. Ez jakin-minik, ez lilurarik, ez kezkarik...
Eta kontua ez da milaka kilometrora dauden planetei, izarrei, konstelazioei, zulo beltzei... buruzko informazioa edo ezagutza izatea soilik. Baita gizakia —gizaki batzuk— espazioan egiten ari direnaz jabetzea ere.
Eguneko argitasunean eta gaueko iluntasunean, Elon Musk (Space X) eta Jeff Bezos (Blue Origin) zerua satelitez betetzen ari dira, mundu guztian Internet eskaintzeko eta, jakina, negozioa egiteko asmoz. Berezko konstelazioen parean sateliteen konstelazio artifizial eta erraldoiak sortzen ari dira, Lurraren orbita baxuan, Lurretik 500 eta 1.200 kilometro arteko altueran: Muskena Starlink da; Bezosena, Amazon Leo; eta Eutelsatena, Oneweb Leo. Herrialde batzuek ere satelite sare propioak osatu nahi dituzte.
Aurreikuspen batzuen arabera, guztira milioi bat satelite jarri nahi dituzte Lurraren orbitan bueltaka, orduko milaka kilometroko abiaduran. Pentsa, gau batzuetan Lurretik ikus daitekeen objekturik distiratsuena ez da izar bat, satelite bat baizik.
Teknologiaren oligarkek, Lurraz gain, espazioa ere kolonizatu nahi dute. Lurrean nagusi diren horiexek nagusi izan nahi dute espazioan ere: Google, Musk, Bezos...
Internet eskaintzeko sateliteez gain, adimen artifizialerako datu zentroak ere bidaltzen hasi dira. Teknologiaren oligarkek, Lurraz gain, espazioa ere kolonizatu nahi dute. Lurrean nagusi diren horiexek nagusi izan nahi dute espazioan ere: Google, Musk, Bezos...
Espazioa okupatzen eta pribatizatzen ari dira, negozioa egiteko baliatzen, eta espazioko zaborraren arazoa okertuko dute. Bai, Lurretik ikusten ez bada ere, gizakia espazioa zabortegi bihurtzen ari da, eta ez dago ez edukiontzirik ez zaborra jasotzeko kamioirik ez errauste plantarik espazioan.
Aspaldikoak dira gizakiak Ilargian asentatzeko planak. Horrelako zerbait lortzeko data Euskal Y-aren lanak bukatzeko data baino gehiago atzeratzen ari dira, baina herrialdeak eta espazio agentziak lanean ari dira Ilargian. Txinaren eta AEBen arteko lehia espazioan ere gertatzen ari da.
Hori guztia espaziora begiratzen ez duen gizarte baten aurrean, gainean. Horregatik, tarteka, merezi du burua altxatzea, espazioaz gozatzeko eta han zer gertatzen den jakiteko. Baita eklipserik ez dagoenean ere.