Estatus berria izango dute hizpide bihar Eusko Legebiltzarrean

Politika orokorreko bilkuran, zerbitzu publikoez eta etxebizitza politikez ere ariko dira, urte politikoaren ardatz nagusiak ezarrita.

Pradales hizketan, Eusko Legebiltzarrean, aurtengo ekainean, eta Otxandiano entzuten. RAUL BOGAJO / FOKU
Pradales hizketan, Eusko Legebiltzarrean, aurtengo ekainean, eta Otxandiano entzuten. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
Gasteiz
2025eko irailaren 17a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Legebiltzarrean politika orokorrari buruzko osoko bilkura egingo dute bihar, legealdia martxan denetik aurrenekoa. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari denetik egingo den lehena izango da, halaber. Estatus berriaren edukia izango da eztabaidaren ardatz nagusietako bat, lehendakariak berak eta talde politikoek asteon aurreratu dutenaren arabera. Urte politikoan gai horrek izango duen esanguraren seinale da hori, nahiz eta alderdien arteko elkarrizketak legebiltzarretik kanpo egiten ari diren.

Pradalesek hizpide izan zuen gaia, hain zuzen ere, osoko bilkuraren aurretik legebiltzarreko ordezkariekin egindako bilera sortan. Sozialistei ez zitzaien keinua gustatu, eta gogorarazi zioten gobernu akordiotik kanpo uztea adostu zutela, ekimena Jaurlaritzaren gain ez baina alderdien gain utzita.

Baina Pradalesek gaiari heldu nahi dio, iritzita elkarrizketa horiek ezin direla «betiko» luzatu, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren buru den bitartean zabalik dagoela estatutu berri bat onartzeko aukera. Gainera, lehendakariak «Gernikako Estatutuaren karpeta itxi» nahi zuen estatusaren karpeta zabaldu aurretik, eta karpeta hori ixtea bideratuagoa dago atzodanik, Gizarte Segurantzaren eskumen osoaren transferentzia adostu ondoren.

Herri ikuspegia

Alderdiei bihar proposatuko die estatutu berriaren oinarriak urte politiko honetan adostea. Izan ere, Pradalesek legealdiko «funtsezko» helburutzat dauka «autogobernuari buruzko ituna erdiestea», eta bide horretan «aurrerapauso nabarmenak» espero ditu aurten. «Goi mailako testu politiko bat» nahi du, «edukietan itxuraldatutako edo murriztutako eskumenak identifikatu eta zuzendu» eta «gaur egungo egoerara egokitutako eskumen berriak» jasoko dituena.

EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandiano ere sinetsita dago estatus politikoaren eztabaida «bideratu» egin behar dela. Akordioa «ahalik eta azkarren» nahi du, horretarako «irekita dagoen leihoa» aprobetxatu behar dela iritzita. Otxandianok ez baitu urrun ikusten Espainian eskuin muturreko gobernu bat egoteko arriskua.

Horri erantzuteko «herri ikuspegi sendoagoa» behar dela uste du EH Bilduren bozeramaileak, eta «akordio zabalen bidez adostutako politika publikoak» eskatuko ditu biharko bilkuran. Lehendakariari mezua helaraziko dio, esanez «hitzetatik ekintzetara» igarotzeko garaia dela, «legealdiari zentzua ematekoa». Hala, EH Bilduk «alternatibak» eskainiko ditu, «huts egin duten politika publikoei aurre egiteko».

Koalizioak «akordio partzialak» lortu nahiko lituzke bost esparrutan: estatus berrian, hezkuntzan, hizkuntza politikan, berrikuntza instituzionalean eta klimari buruzkoetan. Ez, ordea, etxebizitzan, iritzi baitio jeltzaleek eta sozialistek orain arteko politikari eustea erabaki dutela.

Presarik gabe

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ez du horren azkar aurrera egin nahi autogobernuaren alorrean, eta estatus berriaren buruzko negoziazioan eta eskumenen transferentzian «presarik ez» izateko eskatuko die hala Jaurlaritzako lehendakariari, nola EAJri eta EH Bilduri. PSEko buruaren arabera, Jaurlaritzari egun dituen eskumenekin lan egitea dagokio, «asko» baitira, «ia denak», eta jeltzaleek eta sozialistek legebiltzarrean duten gehiengo osoa baliatu beharko litzateke alor guztietan «bide orri anbiziotsu bat» zehazteko.

Ohi bezala, Pradalesek hartuko du hitza lehendabizi, 09:30ean. Lehendakariak ez du denbora mugarik izango bere hitzaldian. Atsedenaldi labur bat egingo dute gero, eta 14:30ean ekingo diote berriz saioari. Arratsaldean talde politikoen txanda izango da: txikienetik handienera hartuko dute hitza. Talde bakoitzak 30 minutu izango ditu.

Taldeen hitzaldiak entzun ondoren, Pradalesek hartuko du hitza berriz. Eta, azkenik, talde parlamentarioek hari erantzuteko aukera izango dute, 10 minutuz gehienez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.