Urtean 418 lanegun

7.000 euro inguruko aldea dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeen eta gizonen batez besteko soldaten arteanSektore feminizatuen balorazio baxuagoari egotzi dio azterlan batek desoreka hori

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuarena da kalkulua: gizonek adina kobratzeko, urtean 418 egunez lan egin beharko lukete emakumeek. Desoreka horren jatorria sexuaren araberako lan banaketan dago, kontratuetan zein lan itunetan ezarritako baldintzetan aletuta, baina enpresetako kultura informalean eta estereotipoetan txertatuta ere bai. Hala agertu zuen atzo Emakundek Bilbon soldaten arteko tarteari buruz aurkeztutako azterlanak. Maru Sarasola berdintasun aholkulari eta txostenaren egilearen hitzetan, «andrazkoen parekidetasun eza eta diskriminazioa» adierazten du tarteak, eta gainera, bazterketa zenbaki bihurtzen du: «Ez da soilik justizia kontua, auzi ekonomikoa baizik: andreek diru sarrera txikiagoak dituzte, merkatuaren ezaugarrien ondorioz».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako andreek ere gizonek baino 7.000 euro inguru gutxiago irabazten dute urtero. Emakunderen txostenean aztertutako 2008ko datuek adierazten dute EAEn %18,23koa dela soldaten arteko tartea, Europako Batasunean baino altuagoa (%17,50). Azken lau urteotako krisiaren ondorioz, alde hori murriztu egin da, puntu bat gutxi gorabehera; ez diote, ordea, andreen lan baldintzak hobetzeari egotzi, gizonen enpleguak okertzeari baizik.

Baina, oro har, faktore askok eragiten dute emakumeen eta gizonen soldaten arteko tartea, eta era berean, elkar elikatzen dute faktoreok. Hezkuntzatik hasita, ikasketa desberdinak egiten dituzte neskek eta mutilek, eta horrela eratzen dira lanbide feminizatuak eta maskulinizatuak. «Andrazkoen lana eta sektoreak okerrago baloratuta daude», berretsi du Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak.

Txostenean identifikatutako aldagaien artean, sektoreaz gain, esanguratsuak dira lanaldia —partziala nagusia da emakumeen artean—, eta kategoria —goi karguetan andre gutxiago dago—. Baina egileek beste faktore batzuk ere antzeman dituzte: enpresaren tamainak, titulartasunak edo produkzioaren merkatuak eragina dute; erakunde handietan, esparru pribatuan eta multinazionaletan desoreka handiagoak daude.

Paradoxaren bat ere agertzen du azterlanak. Lanaldi osoan daudenek ordainsari orekatuagoak dauzkate, eta lanaldi partzialean alde handiagoak daude. Baina lan egoera egonkortzen joan ahala, soldaten arteko tartea handitzen da. Izan ere, oinarrizko saria ez ezik, soldata osatzen duten gainerako ordainketak ere kontuan hartu dituzte kalkula egiteko, Sarasolak azaldu duenez: «Pizgarri eta osagarri gehienak gizonek okupatutako postuetan aplikatzen dira. Aparteko orduak egiteko ere erraztasun handiagoa dute, familia zamek ez dietelako hainbeste eragiten».

Joera antzekoa da goi kargudunen ordainsarietan. Emakume gutxiago heltzen da, eta heltzen direnek gutxiago kobratzen dute: «Zuzendaritza postuetako soldatak lan hitzarmenetik kanpo negoziatzen dira, eta beste ordainketa molde batzuk ere badaude. Andrazkoak oso diskriminatuta daude hor, haiekin behetik negoziatzen dutelako».

Zaintzaren zama soldatan

Egoera pertsonalak ere zeresan handia du. «Bizitza pribatua eta lana bateratzeko neurriak emakumeek soilik erabiltzeak eragina du soldatetan», esan du Sarasolak. Seme-alabak edo mendekotasunen bat dutenak zaintzeaz arduratzeak baldintzatzen ditu gehien, lanaldia murriztera edo lan ibilbidea etetera bultzatzen dituztelako. Bata zein bestea hautatu, txarto. «Lanaldi partziala prekarizatuta dago, ez delako proportzioan ordaintzen, eta gainera, emakumeena gizonena baino zigortuago dago». Enplegua uzteak, berriz, kalteak dakarzkie luzera begira, besteak beste, antzinatasuna eta antzeko osagarriak jasotzen ez dituztelako, edo lanpostuan eskarmentu gutxiago pilatzea oztopo izan daitekeelako mailaz igotzean.

Hori dela eta, Silvestrek esan du soldaten arteko tartea txikitzeak ez duela soilik enpresen konpromisoa eskatzen: «Gizarte ereduari buruz hausnartu behar dugu, bertan ama izateak erabaki batzuk baldintzatzen dituelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.