Munduan bezala, Euskal Herrian ere gero eta GIB kasu berri gutxiago detektatzen dira

Orokorrean, zenbakiek ez dute goranzko joerarik, eta, birusa diagnostikatzen dietenen batez besteko adina 37 urtekoa da. EAEn 125 kasu inguru detektatu zituzten iaz, eta, Nafarroan, hemezortzi kasu atzeman dituzte urtarriletik irailera bitartean.

GIBaren proba azkarra egiteko egunean, iaz, herritar batzorde batek proba egiteko eta informazioa zabaltzeko ezarritako mahaia, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
GIBaren proba azkarra egiteko egunean, iaz, herritar batzorde batek proba egiteko eta informazioa zabaltzeko ezarritako mahaia, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko abenduaren 1a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiesaren Nazioarteko Eguna da gaur. 1,3 milioi pertsonak harrapatu zuten birus hori 2024. urtean, Unaids GIB-hiesari Buruzko Nazio Batuen Programa Bateratuak udan zabaldu zituen datuen arabera: hots, 2010ean baino %40 gutiagok. Euskal Herriari begiratuz gero, kopuruak berdintsu geratzen dira, goranzko joerarik gabe. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gaur jakinarazi dituzten datuen arabera, urtean orotara 125 kasu inguru detektatzen dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; birusa diagnostikatzen dietenen batez besteko adina 37 urtekoa da, eta gizonetan atzematen dira kasu gehien. 2024an, EAEko kasuen %63,2 Bizkaian detektatu ziren, %21,6 Gipuzkoan eta %15,2 Araban. Jaurlaritzak eta Osakidetzak adierazi dute bat egiten dutela Unaidsen 2030eko helburuekin, «GIBaren epidemiari amaiera emateko, mehatxu bat baita osasun publikorako». Ildo horretan, azaldu dute funtsezkoa dela probak egitea, «tratamenduen eskuragarritasunarekin eta aurrerapenekin batera».

Nafarroan, bestalde, hemezortzi kasu antzeman dituzte aurtengo urtarriletik irailera bitartean; iaz, berriz, 33 kasu detektatu zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bezala Nafarroan ere, gizonezkoen artean izan ziren horietako gehienak, %85 hain zuzen. GIBa diagnostikatu dietenen batez besteko adina EAEkoaren antzekoa da.

Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Akitania Berria eskualdean 171 kasu atzeman zituzten 2023an. Frantzian orokorrean, beheranzko joera dute zenbakiek.

Probak egiteko

Hala Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nola Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, jendeari probak egitea dute lehen helburua, araberako tratamenduak plantan ezarri ahal izateko. Horrela, «birus karga detektaezina eta, beraz, transmitiezina» bilakatu nahi dute ahal bezain fite, Osakidetzak azaldu duen bezala. Zeren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oro har, adibidez, «infekzio kasuen ia erdiak berandu diagnostikatzen» dira; horregatik da hain garrantzitsua prebentzioa egitea, jendeak probak ahal bezain fite egiteko eta «bizi kalitate ona lortzeko».

Ondoko erronka, beraz, proba horiek eskuragarri ezartzea da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hainbat modutan egin daitezke proba horiek: Osakidetzak doan egiten ditu osasun zentroetan, erreferentziazko familia medikuarekin hitzordua galdeginik; SKG sexu bidez transmititu infekzioen kontsultetara ere joan daitezke. Zehaztu dute, bestalde, EAEko hirurogei farmazia programa baten parte direla, zeinaren bidez GIBaren proba azkarra egin baitaiteke, modu anonimoan, eta bost euroren truke. Ohiko osasun sistematik kanpo dagoen alternatiba bat da, «bakoitzak erosoena zaion proba egin dezan».

Ipar Euskal Herrian Cegidd zerbitzua dute, SKGen detekzio, diagnostiko eta informazio zentroa: Baionako ospitaleari lotua da, eta doan da.

Eta, behin proba eginik positibo aterako balitz, tratamendua hartzeko tenorea izaten da. Gaur egun, EAEn 6.200 lagun daude tratamenduan: birusa erabat ezabatzen ez badu ere, «ugalketa blokeatzen du, eta birusak organismoan aurrera egitea eragotzi». Horren harira, GIB dutenen inguruko estigma hausteko, nabarmendu dute jende hori «bizi kalitate onarekin» bizi daitekeela.

Prebentzioa

«Birusarekin bizi direnen inguruko estigma desagerrarazteko» eskatu du Osakidetzak, eta adierazi prebentzioa eta sentsibilizazioa izan daitezkeela horretarako bidea. Hain zuzen, erran ohi da prebentzioa dela SKGak saihesteko aukerarik onena, eta horretan dihardute erakundeek azken urteetan. Osakidetzak nabarmendu du «beste arlo batzuekin lankidetzan arituz indartzen» ari direla prebentzioaren arloa, hala nola pazienteen elkarteekin eta hezkuntzako eragileekin arituz.

Ildo horretan, iaz «gazte eta nerabeentzako sexu osasuneko gida eguneratu zen Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza Sailekin batera, hezkuntzaren arloan gai hori landu ahal izan dezaten». Ipar Euskal Herriko ikastola eta eskoletan, sexu hezkuntzako kurtsoak ematen dizkiete ikasleei kolegiotik goiti, hots, 11 urtetik goiti; adinean aitzina moldatzen dituzte ikasgaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.