Hauteskundeen ondorena. Arabako bilakaera politikoa

Urtetako hegemonia, akabo?

EAJk eta EH Bilduk emaitza ezin hobeak lortu dituzte Araban. Mikel Gomez, Iñaki Ruiz de Pinedo eta Cesar Manzanosek indar abertzaleen gorakada aztertu dute.

Urtetako hegemonia, akabo?.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Burujabetzaren aldeko hautua egin dute boto-emaileek 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Baita Araban ere. Eta hori albiste da, zalantzarik gabe. Izan ere, azken hamarkadetan alderdi espainolisten gotorlekua izan den herrialdean abertzaletasunak irabazi du, nahiko aise, gainera. EAJ izan da lehen indarra Araban, eta EH Bildu bigarrena. Bi alderdien artean 74.140 boto eskuratu dituzte, PSE-EEk eta PPk baino 14.570 boto gehiago. Hala, hirugarren indarra izan da PSE-EE, eta laugarrena, berriz, PP.

Alderdi abertzale eta ezkertiarrek Araban lortutako emaitzak historikoak izan dira, eta herrialdean botoaren joera aldatu dela islatzen dute. Azken urteetan PPren eta PSE-EEren esku egon da herrialdea, baina urtebetean laugarren indar zirenak, jeltzaleak, lehen indar bilakatu dira, eta EH Bilduk ere gora egin du, iazko hauteskundeekin alderatuta, 2.000 boto inguru irabazi baititu.

Iazko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Amaiurrek Araban lortutako emaitzek islatu egin zuten, neurri handi batean, joera aldaketa hori. Koalizioak ezustea eman zuen, eta historian lehen aldiz, indar ezkertiar, independentista eta subiranista batek Kongresurako diputatu bat eskuratu zuen herrialdean. Hala, Amaiurrek orduan lortutako arrakastak apurtu egin zuten 1977tik Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan izan den joera. Izan ere, Espainiako Gobernuan agintzea lortu duen alderdiak irabazi izan ditu beti hauteskundeak Araban, normalean bi jarleku eskuratuta. Iazko bozetan, ordea, PPk bat galdu egin zuen, eta bana lortu zuten PSE-EEk, Amaiurrek eta EAJk.

Baina indar abertzaleen gorakadaren erakusle argiena Arabako hiriburua izan da: EAJk irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako bozak Gasteizen, 17 urteren ondoren. 1995ean Jose Angel Cuerda jeltzaleak alkate izateari utzi zionetik, PPk eta PSE-EEk irabazi dute beti hiriburuan. Hilaren 21eko hauteskundeetan, ordea, jeltzaleek 1.000 botoren aldea atera zioten PSE-EEri, eta ia 2.000 PPri.

Indar ezkertiar eta abertzaleek Araban izan duten gorakadaren atzean hainbat arrazoi daudela uste dute adituek. Iñaki Ruiz de Pinedo soziologoaren arabera, arrazoi demografikoek pisu handia izan dute, eta belaunaldi berrien boto joera erabakigarria izan da. Haren esanetan, Arabako eta bereziki 60 urte baino gehiago duten Gasteizko herritarren ia erdiak Espainiako etorkinak dira, joera politiko jakin batekoak, baina horien seme-alabek «bestelako identifikazio parametroak» dituzte, eta euskaldunagotzat dituzte euren buruak. Horrekin batera, krisi ekonomikoaren eraginez PSE-EE eta PP «ahulduz» doazen aukerak direla uste du Ruiz de Pinedok. Haren aburuz, bi alderdi espainolistek krisitik irteteko «alternatibarik» ez izateak sendotu egin du EAJ eta EH Bilduren aldeko aukera.

Krisialdi ekonomikoak PP eta PSE-EErengan izan duen eragina ere aipatu du Mikel Gomez politologoak abertzaletasunaren gorakada azaltzeko. «Krisialdiak bereziki gogor jo du Gasteizen, eta horrek PSE-EEren ezkerrera dagoen botoa elikatu du hiriburan, bereziki EH Bilduren mesedetan». Baina horrekin batera, Gomezek uste du kontuan hartzekoa dela EAJra joan den «boto baliagarria» ere. «EAJren hauteskunde estrategia oso moderatua izan da, eta EH Bilduren garaipenari beldur zioten PPren eta PSE-EEren botoemaile asko erakarri ditu».

Azken udal eta foru hauteskundeetatik Arabako Diputazioan eta Gasteizko udalean agintzeak PP «higatu» egin duela uste du, berriz, Cesar Manzanos soziologoak. Dioenez, Espainiako nazionalismoak sinesgarritasuna galdu ahala eskuratu ditu botoak EAJk : «Kanpainan EAJk kudeatzaile onaren mezua saldu du, salbatzaileen modura agertu da, eta hautesleriak PPri eman dion zigorraren fruituak eraman ditu».

EH Bilduren gorakadari dagokionez, berriz, hainbat arrazoi daudela uste du Manzanosek. Besteak beste, aipatu du Ezker Batuaren barruan Araban izan diren liskarren eraginez ezkerreko boto asko jaso dituela koalizioak, eta ezker abertzalearen barne prozesuak eta lan gatazkak direla medio egon diren mobilizazioek ere eragin positiboa izan dutela gorakada horretan. «Horri gehitu behar zaio gazte askok PPren eskuineko politiken aurkako boto baliagarria eman diotela koalizioari», erantsi du.

Erronka: eustea

Nolanahi ere, adituek ez dute argi igandeko bozen emaitzek utzitako mapa politikoak luze iraungo duen eta abertzaletasunak herrialdean aurrera egiten jarraituko duen. Gomezen ustez, boz hauetan EAJk «boto baliagarri» asko eskuratu du Araban, baina horrek ez du esan nahi herrialdean «aldaketa soziologiko bat» egon denik. Hala ere, Gomezek argi dauka azken hauteskunde hauetan ezkerreko independentismoa indartu izana oso kontuan hartzeko datua dela, eta horrek erakuts dezakeela datozen hauteskunde deialdietan EH Bilduren hazkundea EAJrena baino handiagoa izan daitekeela.

Egungo mapa politikoari eustea ere zaila izango dela iritzi dio Manzanosek: «Faktore asko daude jokoan, eta ezin daiteke ziurtatu joera honek jarraipena izango duen». Hala, adierazi du EH Bilduk hurrengo hauteskunde deialdietan botoak irabaztea, besteak beste, koalizioa eratzen duten alderdien arteko harremanek eta balizko barne liskarrek baldintzatuta egongo dela. «Zaila da aurreikustea hurrengo hauteskundeetan zer gerta daitekeen».

Ruiz de Pinedok, berriz, uste du, datozen urteetan indar abertzaleen erronka nagusia herrialdean «sendotzea» izango dela. Haren esanetan, boto berri asko iritsi da EH Bildura, eta, beraz, ezin da espero gorakada handiagorik datozen urteetan. Aukera oro zabalik dago, beraz: «Une honetan Araban ez dago indar hegemonikorik, lau indarrak oso parekatuta daude, eta joko ideologiko horretan ireki daitezkeen aukerak asko dira, bereziki Gasteizen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA