LUCIO URTUBIAREN HERIOTZA

Urtubia, bere esanetan zehar

Ibilbide luzean zehar arlo askotariko gogoetak egin izan ditu Lucio Urtubiak, ahoz nahiz idatziz. Lucio dokumentalak bihurtu zuen ezagun, eta geroztik dozenaka elkarrizketa egin dizkiote. Horietako batzuetan utzi zituen esaldiok:

mikel p ansa
2020ko uztailaren 18a
14:32
Entzun

«Nik suerte handia izan dut, izugarrizko suertea. Eta horregatik egin dut egin nahi izan dudana. Izar batekin jaio nintzen. Nik ere ez dut sinisten bizi izan dudan guztia».
2015eko urriaren 13a, ElDiario.es

«Euskal Herri osoan erakusten didaten maitasuna... Ez dut merezi. Bada nik baino gehiago sufritu duen eta nik baino gehiago egin duen jendea, baina nik suerte hori izan dut, ez dakit zergatik».
2015eko urriaren 12a, Cronica Popular

«Lodosan CNTko 160 fusilatu zituzten. Egia esan behar da: Franco zen kabroi hark bazekien zer egin zuen, bi urtez lotan egon balitz ez dakit nola bukatuko genuen, baina iraultza martxan zegoen. Adibidez, nire herrian 30 anarkista baziren. Nire aita sozialista zen. Zer egiten zuten anarkistek? Utzitako lurrak okupatzen zituzten. Gurean, herri lurrak okupatzen zituzten, zatitzen zituzten, eta ez zeuzkatenei ematen zizkieten. Zintzoak izateagatik fusilatu zituzten. Hor dago Sartaguda, alargunen herria: ez zuten gizon bat ere utzi. Lodosa, ondoan: 160 fusilatu. Herri horietan guztietan, Allon-eta, sekulakoa zegoen, bai horixe».
2008ko urtarrilaren 13a, alasbarricadas.org

«Borrokatzeak balio du. Gainera, plazer bat da borrokatzea. Plazer bat da gauzak egitea».
2008ko urtarrilaren 13a, alasbarricadas.org

«Begira, ekonomia aldetik ez, baina alde pertsonaletik, oso egoista naiz. Nahiago dut bakarrik egon, konpainia txarrean baino. Niri interesatzen zait balio duen jendea, horrekin aberasten naiz egunero, eta ez gauza materialekin. Badaukat jatekoa: zertarako nahi dut gehiago? Jendea interesatzen zait niri».
2008ko urtarrilaren 13a, alasbarricadas.org

«Dena da inportantea. Ez dezala jende derrotistak esan: "Zertarako hori?". Ba ea zer proposatzen duzun zuk! Ez baduzu ezer proposatzen, egon zaitez isilik! Dena dago egiteko».
2008ko urtarrilaren 13a, alasbarricadas.org

«Anarkia putetxe handi bat dela uste duzu, ala? Anarkia sormena da, lana, maitasuna. Maitasunak egiten gaitu langile, sortzaile, eta orduan hasten gara borrokatzen. Nola ez zara borrokatuko zinez maite duzunaren alde?»
2011ko abenduaren 25a, Argia

«Ni ez nago aberastasunaren aurka, aberastasunaren erabilera ankerraren kontra baizik. Munduan ez dago nahikoa diru denak duin bizi ahal izateko? Gauzak garbi: dirua ez da papera besterik, eta bankuak gangsterrak dira».
2011ko abenduaren 25a, Argia

«Banku bat sortzearen aldean, zer-nolako delitua da banku bat lapurtzea?»
2007, 'Lucio' dokumentala

«Pobrea jaio nintzen, 1930eko hamarkadako Espainian. Gosez hiltzen gintuzten! Alpargatarik ere ez geneukan. 12 edo 13 urterekin, kartzelara eramaten ninduten bihurrikeriak egiteagatik. Nire amak ezin zuen bost pezetako isuna ordaindu, eta han gelditzen nintzen. Baina ez diot herrarik inori. Ez dakit gorrotatzen».
2019ko urriaren 7a, Público

«Ez nuen inolako ahaleginik egin behar izan Eliza, jabetza pribatua eta Estatua gorrotatzeko. Nik ez nuen ez ogirik, ez alpargatarik. Nire gaztaroa terrorez eta bidegabekeriaz betea egon zen. 5 urte nituenerako egurrezko fusil batekin desfilarazten zidaten herriko plazan; jendea hiltzen erakutsi zidaten umetatik. Horregatik gorroto nuen Espainia, eta Nafarroa, eta denak».
2015eko urriaren 13a, ElDiario.es

«[Bankuei lapurtutakoaz] Diru hori kausa justuetarako zen, inoiz ez niretzat. Ohore bat eta plazer bat zen kutxa hustea! Baina, hori bai: inori minik egin gabe, horretan oso zorrotza izan nintzen».
2019ko urriaren 7a, Público

«Espropiatzeari utzi nion, ez delako harrotzeko ezer bankuko langile bati metraileta bat jartzea buruan, diru guztia eman diezazun. Galtzetan pixa egiten nuen, erabili nahi ez nuen bortizkeria bat erabili beharko ote nuen beldur nintzelako».
2015eko urriaren 13a, ElDiario.es

«Jakiteko, lan egin behar da. Ez badugu lanik egiten, ez dakigu ezer. Egin litezke gauzak, baina ez da hasi behar mirarietatik, baizik eta txikienetik. Eraikuntzan lan egiteko, adibidez, erratza pasatzen ikasi behar da aurrena. Gazteei ez zaie gustatzen erratza pasatzea. Baina txikia egiten ez badugu, inoiz ez dugu egingo handia».
2015eko urriaren 13a, ElDiario.es

«[Fidel Castro maiz kritikatu zuen] Ez dut nik esaten, Makiavelok baizik: ez dago gobernurik krimenik gabe. Eta jaun horiek Kubaren jabe egin ziren. Zertarako? Bere korta propioa edukitzeako. Hori da iraultza? Horixe ezetz!»
2019ko urriaren 7a, Público

«Fidel adiskidea Lurrak eman duen gizonik perbertsoena da, baina baita azkarrena ere. Eskua sorbaldan botatzen badizu, konbentzitu zaitu. Esaten diet lagunei: "Fidel bezala izan behar duzue: Fidelek garaipenak ateratzen ditu hondamendietatik". Camilo Cienfuegos berak eta anaiak likidatu zuten, eta Kuba osoa negarrez jarri. Che abandonatu zuen han, hamazazpi gerrillerorekin, Bolivian. Martir egin zuen Che, eta orduan laudatu zuen, bera izan zenean traizionatu zuena. Dena hondamendiak, dena garaipenak, Fidelek».
2008ko urtarrilaren 13a, alasbarricadas.org

«Nafarroa oso fatxa izan da. Herri hau gorroto nuen, haurra nintzenean gosea, injustiziak eta krimenak baino ez nituelako ikusi. Hain gaiztoak izan diren diputazio eta gobernu zibila, udal faxista, nazkagarri eta gaizto horiek ikusita, ba, noski, nik herri hau ez nuen maite. Orain ez dut esan nahi denak konbentziturik daudenik, baina gazteria oso ona dugu».
2015eko irailaren 13a, BERRIA

«Ni prest nago ongia egiten duen edozeini eskua luzatzeko. Ni gehiago fidatuko nintzateke aita santuaz Felipe Gonzalez gizatxarraz baino».
2015eko irailaren 13a, BERRIA

«Gizartea ezin da aldatu jendeak ez badu nahi. Ezin da. Beraz, guztiek jarrera aldatu behar dugu. Adibidez, kazetariek maitasun hizkera erabili beharko zenukete».
2015eko irailaren 13a, BERRIA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.