Urtxuegiak ez duela deliturik egin diote PSEk eta PPk

Lasarteko oposizioak ez ditu ontzat jo ikerketa batzordearen ondorioak, eta beste ikerketa bat iragarri du

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Ana Urtxuegia Lasarteko (Gipuzkoa) alkate izandakoak eta egun Txileko eta Peruko SPRIko ordezkaria denak Nikaraguako Somoto herriari diru laguntzak bideratu zizkionean ez zuela deliturik egin ondorioztatu dute PSE-EEk eta PPk. Udal batzarrak bi alderdi horien babesarekin onartu zuen atzo Urtxuegiak ustez egindakoirregulartasunak ikertzeko osatutako batzordearen txostena. Oposizioko taldeek—ezker abertzaleko, EAJko, Hamaikabateko, EBko eta Lasarte-Oriako herri plataforma bateko ordezkariek— ez zuten bat egin ondorioekin, eta protesta gisa, osoko bilkuratik alde egin zuten txostena bozkatu zenean.

Udal idazkariak egindako txostenak aitortzen du Urtxuegiak kooperazioan egindako kudeaketa ez zela legearen barruan egin, eta, beraz, irregulartasunak egon zirela. Hala ere, ukatu egin du alkate ohiak inolako deliturik egin zuenik.

Oposizioko taldeekosoko zuzenketa aurkeztu diote txosten horri.Izan ere, uste dute delitua egon zela, eta frogatuta geratu dela Urtxuegiak kooperazioan egindako lana ez dela «egokia» izan. Areago, kudeaketa hori «arduragabea, susmagarria, irregularra, traketsa, kontrolik gabekoa eta iruzurtia» izan dela ondorioztatu dute. Taldeek atzo salatu zuten osoko bilkuran PSE-EEk eta PPk «itxurak» egin zituztela.

Hala, iragarri dute datorren legealdian beste ikerketa batzorde bat jarriko dutela. Izan ere, maiatzaren 22ko hauteskundeen ostean udalaren osaketa zeharo aldatu da, eta PSE-EEk eta PPk gehiengo osoa galdu dute. PSE-EEk zazpi zinegotzi ditu orain, eta PPk bat. Bilduk, EAJk eta Lasarte-Oriako herri plataformak, berriz, gehiengoa izango dute hemendik aurrera: Bilduk bost zinegotzi ditu, eta EAJk eta herri plataformak bina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.