Sumarren lehendakarigaia

Alba Garcia: «Uste dut EAJri eta Pradalesi oposizioan egotea tokatzen zaiela»

Garciak uste du txikitik eragiteko aukera eman dezakeela Eusko Legebiltzarrean gehiengo osorik ez egoteak.

Iosu Alberdi.
Bilbo
2024ko apirilaren 16a
05:00
Entzun

Alba Garcia (Bilbo, 1988) Sumarren lehendakarigaiak orain arteko mezuak are indar handiagoz zabaltzeko baliatu nahi du kanpainaren bigarren astea, azken egunak garrantzitsuak izango direlakoan. Elkarrizketa honetako galderak euskaraz egin zaizkio, eta erantzunetan euskara eta gaztelera tartekatu ditu; batez ere, azken hori.

Mugan zaudete, Eusko Legebiltzarrean sartu edo ez. Kanpaina baldintzatzen du tentsio horrek?

Ez dakit baldintzatzen duen. Baina bada inkestetatik atera dezakegun ondorio bat: hurrengo legebiltzarrean ez da gehiengo osorik egongo. Horrek esan nahi du beste edozein indar, txikia izanik ere, erabakigarria izan daitekeela. Hortik aurrera, eta gure esku baldin badago, guk ez dugu Pradales jauna lehendakari egingo. Eta pena bat litzateke PP izatea legebiltzarrean egingo diren politikak erabaki ditzakeena. Horregatik, uste dut Sumarrek ordezkatzen duen ezker konfederaleko hautesleek maximizatu egin behar dutela bere botoaren baliagarritasuna.

Baliagarritasuna hizpide harturik, atzera egin eta gauzak beste modu batean egingo zenituzkete Ahal Dugu-rekin izandako elkarrizketetan?

Kontua da ezker konfederalaren etorkizuneko proiektua Sumarren dagoela. Eta hori da niretzat punturik inportanteena.

«Etxebizitzarenak soluzio erraza du. Erraza diot, badagoelako lege bat 2015etik, nahiz eta EAJk eta PSEk ez duten ezer egin»

Osasungintzaz hitz egitean, Osakidetza defendatzeko itun bat proposatu duzue; Pradalesek «herri akordio bat» eskatu du. 

Hilabete pasatu eta gero, hori egin du, bai. 

Eta aukerarik ikusten duzue akordio baterako?

Osakidetzarako gure eredua eta EAJren eta PSEren eredua antagonikoak dira. Euren eredua pribatizazioena da, prekaritatearena. Hori ezin da hala izan, eta, beraz, ezin dugu ezer adostu. Pradales jaunak eta bere alderdiak badakite zein den euren eredua: osasungintza pribatuarena. Osasun langileak ari dira esaten nola dagoen zerbitzua: lehen arreta desegin dute, etengabeko arretako guneak itxi dituzte... Eta guk diogu Osakidetza blindatu egin behar dela, haren aurrekontua handituta, eta kontratazioa indartu behar dela, hura hobetuta. Zein baldintzatan ari dira lan egiten osasun langileak? Zein dira euren ratioak? Administrazioko langileen erdiak behin-behineko langileak dira, eta Osakidetzan, hirutik bat.

Etxebizitzaren inguruko proposamenak aurkeztu dituzue guztiok. Baina, nondik heldu behar zaio lehenik?

Etxebizitzarenak soluzio erraza du. Erraza diot, badagoelako lege bat 2015etik, nahiz eta EAJk eta PSEk, saila azken horrena baita, ez duten ezer egin. Horregatik, uste dugu lehen urratsa tentsio eremuak izendatzea dela, prezioa erregulatzeko. Ez da jasangarria alokairuan bizi garenok, batez beste 1.500 euro irabazita, mila euro gastatzea alokairuan. Bigarren neurria alokairura bideratutako etxebizitza publikoena da: 2040rako etxebizitza parke publikoaren gutxienez %20 alokairura bideratua egotea nahi dugu. Oinarrizkoa da gazteak emantzipatu ahal izateko.

«Zer egin du PSEk Euskadin? Turismo eta Etxebizitza sailak gidatu dituzte, eta egoera hala moduzkoa da. Erabaki behar dute noren ondoan egon nahi duten».

Zuen programan, autogobernu lantaldea aipatzean, erabakitzeko eskubidea garatzeko prest azaltzen zarete, baina hura estatutu berriaren onarpenarekin lotu gabe. Beraz, zein bidetatik heldu nahi diozue?

Autogobernuaren arloan, Sumarren proposamena estatu federal plurinazional bat da. Estatutua berritu nahi dugu arrazoi sinple batengatik: egun ez ditu eskubide sozialak blindatzen. Egia da jada badaudela Eusko Legebiltzarreko lantaldean aurreko legealdian egindako lan batzuk, eta horiek berreskuratu behar dira. Hortik aurrera, euskal herritarrek hitz egin nahi dutenaz hitz egingo da, eta beharrezko mekanismoak ezarri beharko dira adostasunen bidez urratsak egiteko.

Segurtasunaren gaia ere mahai gainean dago. Zuek «giza segurtasunaz» ari zarete. Zer esan nahi du horrek?

Uste dut segurtasun eredua ez dela bere osotasunean jorratzen ari. Euskadik du polizia gehien biztanleko, baina, inkesten arabera, herritarren artean bada segurtasun faltaren pertzepzioa. Gogoratzen dut Azkunak nola atera zuen gaia; orain, Pradalesek. EAJren eredua punitibista da: polizia gehiago, kamera gehiago, espazio publikoaren militarizazioa... Baina datuek erakusten dute ez duela funtzionatzen. Segurtasuna bere osotasunean jorratu behar da; segurtasun faltaren zergatiak, zer delitu mota egiten diren, zergatik egiten diren... 

Esan duzu ez duzuela Pradales lehendakari egingo. Bozak pasatuta, norekin hitz egingo duzue?

Argi diot: ezezko borobil bat da EAJri. Gure herri ereduek ez dute antzekotasunik, eta uste dut EAJri eta Pradalesi oposizioan egotea tokatzen zaiela. Hortik aurrera, hitz egin beharreko guztiekin hitz egingo genuke. Argi dago EH Bildurekin baditugula puntu amankomunak, baina kontu askori buruz hitz egin beharko genuke: hezkuntza eredua, kolaborazio publiko-pribatua, eolikoak, Urdaibai... 

Andueza entzunda, aukerarik ikusten duzue ezkerreko bloke baterako?

PSOEk arazo bat du Euskadin. Estatuko gobernuan PSOErekin gobernatzen dugu, eta politikak dira: gutxieneko soldataren igoera, lan erreforma... Zer egin du PSEk Euskadin? Turismo eta Etxebizitza sailak gidatu dituzte, eta egoera hala moduzkoa da. Erabaki behar dute noren ondoan egon nahi duten. 

Alba Garcia (Sumar) | Galdetegi azkarra

Motzean

Badakizu nola duen izena zure familia medikuak? Ez, behin-behinekoa delako.
Zein duzu etxeko hizkuntza? Eta lanekoa? Erdara. Nahastuta, euskara eta erdara.
Inoiz lapurretarik egin dizute? Ez.
Beldurrik izan duzu inoiz gauez etxerako bidean? Bai.
Zaintza lanik egitea egokitu zaizu? Bai.
Etxea zurea duzu edo alokatua? Alokatua.
Zer auto duzu? Nissan Qashqai bat.
Terrazetan erretzea debekatu behar da? Nik uste dut baietz.
Gutxieneko soldata gehigarria jarri behar du Jaurlaritzak? Uste dut soldata denak igo behar direla.
Internetez erosten duzu? Ez asko.
Sakelakoak debekatu behar dira eskoletan? Nik uste dut debekatzea ez dela aukerarik onena.
Zinema ala plataformak? Orain, plataformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.