Ewa Samuelsson. Europako Andrazko Hautetsien Batzordeko presidentea

«Uste dut gizonezkoei ireki beharko zaiela aurrerago»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Stockholmeko alkateordea eta Europako Udal eta Erkidegoetako Emakumezko Hautetsien Batzordeko presidentea da Samuelsson. Eskarmentu handia dute Suediako emakume politikariek parekidetasunerako lanean. Suediako Emakume Politikarien Sarea urteetan ari da lanean, eta sare hori du ereduetako bat Virginia Woolf Basqueskolak. Bilbon izan da Samuelsson, eskolaren aurkezpenean.

Zerekin egiten du topo emakume batek politikan hastean?

Betitik, gizonezkoak egon dira beti kargurik handienetan, lidergo postuetan, eta emakumeei gehiago eskatzen zaie gizonei baino. Andrazkoei familiari buruz eta antzekoei buruz galdetzen zaie sarri, eta ez soilik beren lan edo karguaren inguruan.

Emakumezkoei gehiago eskatzen zaiela diozu. Zer eskatzen zaie?

Askotan ikusten dugu gizon kargudunen inguruan emakume asko daudela kargu hori ederki asko beteko luketenak. Baina atzean geratzen dira, bigarren lekuan.

Suedian aspaldi sortu zenuten Emakume Politikarien Sarea. Zu zeu Europako emakume hautetsien batzordeko presidente zara. Zer-nolako beharrek eraman zintuzten halako zerbait sortzera?

Ni 2007an hautatu ninduten Europako Udal eta Erkidegoetako Emakumezko Hautetsien Batzordean (CMRE). Batzordearen lana udal eta erkidegoei begirakoa da. Batzorde horretako emakumeak gure artean hitz egiten hasi ginen elkarte moduko batean, eta ondorioztatu genuen gehiago eta gogorrago lan egin behar genuela gai horiekin guztiekin, eta ez dela emakumeek soilik landu beharreko gai bat, baizik gizonena ere bazela.

Zer lortu da gaia lantzen hasi zinetenetik?

Lan handia egin dugu Berdintasunerako Gutunaren sinatzaileei begira, eta orain 1.200 sinatzaile inguru ditu. Euskal Herrian, 30 bat herrik sinatu dute gutuna.

Zer jasotzen du zehazki gutun horrek?

Genero berdintasunarekin zerikusia duten gaiekin lotuta dago. Gizartean bakoitzak duen posizioarekin, kargu politikoekin, eta gizarteko genero berdintasunarekin, orokorrean. Genero indarkeriarekin lotutako gaiak ere lantzen ditu.

Parekidetasunerako bidean konpromisoak hartzeko da?

Bai, hori da. Sinatu duten udal horiek gai hauek lantzeko hitza ematen dute. Orain irizpide batzuk ezartzea nahi dugu, aurrera nola egin dezakegun ikusteko. Ezin da hitz politetan geratu; hitzak ekintza bihurtu behar dira.

Zer ekarpen egin dezake, zure ustez, Virginia Woolf Basqueskolak?

Uste dut bikaina dela emakumeentzat elkargune bat izatea beren indarra handitzeko eta ezagutza eskaintzeko. Eta uste dut gizonei ere ireki beharko zaiela aurrerago, beren burua ere tartean ikus dezaten. Zeren bai eguneroko bizitzan bai politika arloan emakumezkoak eta gizonezkoak baikaude. Uste dut ikuspegi bateratua izan behar dugula, zeren plangintzak ez baditugu elkarrekin egiten emakumeen ikuspegia faltako baita. Komunikabideekin nola aritu da aztertu beharreko beste gai bat; nola egin aurre kazetari baten galderei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.